Joxepa Madariaga
Aupa!, Inaxio. Ahozkotasunari buruz jardutea proposatzen diat gaurkoan. Argi eta garbi, ulergarri, gozo, zuzen hitz egiteaz, hitz egiteko abildadeaz, komunikatzeaz. Ederra duk etxekoekin, lagunekin, publiko zabalaren aurrean… pentsatzen duguna ondo adieraztea. Gozamena duk, ondo espresatzen denari, entzutea. Nahiz eta batzuk jaiotzetik izan/ekarri, hitz egiteko abildadea, gehienok ikasi egin behar izaten diagu. Non ikasi, ordea? Bada, etxean, kalean edota eskolan. Bertsoa bezalakoa duk hizketa: garai batean, bertsolaria sortu egiten zela, esaten huen, ezin zela ikasi bertsotan. Etiketa jarrita, bertsolari tituluarekin sortu ezean, ezin zela egin bertsotan! Gaur, ordea, bertso-eskoletan sortuak dituk plazan dabiltzan bertsolari ia guztiak. Bertso-eskolatik pasatu ez den gutxi ariko duk plazan kantari.
Hizketan zer? Ikasi duenik ba al zagok gure artean? Apenas! Udaletan, aldundietan, gobernuan, alderdi politikoetan, elkarte, ikastetxe eta enpresetako zuzendaritzetan, komunikabideetan…, eskertuko genikek komunikatzaileak, euskal hiztun onak, ugariago izatea.
Baina, zer ari nauk, hizketari berari garrantzirik ematen ez zaionean, geroz eta gutxiago hitz egiten dugun garaian, erakutsi egin behar zaigula, ikasi egin behar dugula, esaten? Trakets eta zabar, mezu laburrak idatzi eta whatsappez bidaltzera mugatzen gaituk egun; komunikazio-inkomunikazio. Txoriek bezala hitz egitea zagok modan: pio-pio-pio, txio-txio-txio…
Inaxio Usarralde
Mundu xelebre batean bizi gaitun, Joxepa, oso xelebrean! Hizketan jarduteko entzuten jakitea ezinbestekoa dun, elkar-hizketa izango bada. Nork berea esan eta hura aurrera ateratzea besterik nahi ez duen gehiegitxo sumatzen dinat gaur egun agertoki publikoan. Arazo serioak konpontzeko ardura dutenak elkarrekin ezin hitz eginda, elkar ulertu ezinda, ikusten ditinat.
Hizketan egoki egiten ikasteko ereduak behar ditun eta ez naun hasiko, nostalgiaz, lehengo garaiak hobeak zirela esaten, baina orduan errazagoa huen ereduak gertu-gertuan aurkitzea. Nerabe ginenean etxeko adinekoak mahaiaren bueltan jarri eta kontutan hasten zirenean ederra izaten huen ondoan eseri eta kontu jaten egotea. Hango zirtoa, beste haren pasadizoa, osabaren ibilerak, amonaren ipuina… Azken batean, hurbil-hurbil aurkitzen hituen ereduak, arreta pitin bat jartzea aski izaten huen. Gaur egungo presakako bizimoduan hizketarako patxada galdu dinagu, eta hik esan bezala, sakelakotik bidalitako mezu trakets eta laburrez baliatzen gaitun gauzak esateko.
Eta eredu bila non hasi? Gaur egun irakasleak eta kazetariak ditun gure gazteen eredu, nire ustez. Maiz aipatzen dinagu egoki hitz egiten dakien irakasle batek gairik aspergarriena ere gustagarri bihurtzen duela eta, alderantziz, gairik gustagarriena aspergarri bihur zezaken trakets mintzatzen den hizlariak.
Amaitzeko, Goierriko bi hizlari egoki aipatuko ditinat: Joxemari Apaolaza irrati esataria eta Lorea Agirre antropologoa. Beti ikasiko dun zerbait horien ahotik.