Zumarragako Udala azoka berritzen ari da baserritarrak eta kontsumitzaileak erosoago egon daitezen eta bertako produktuen kontsumoa bultzatzeko. Arkupea estali du eta hemendik gutxira igogailu bat jarri behar du.
Zumarragako azokak tradizio luzea du eta udalak erreferentea izaten jarraitzea nahi du. Horretarako, baserritarren gunea berritu behar du. Dagoeneko arkupea itxi du eta aurki igogailu bat jarriko du baserritarrentzat.
Azokak ondare ekonomiko, sozial eta kulturala dira eta egitasmo honetan Goimen, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ere parte hartzen ari dira.
Erakundeak kontsumitzaileak azokara erakartzeko lan egiten ari dira. Horretarako, enpresa bat kontratatu dute. Enpresa horrek ekoizleak eta kontsumitzaileak elkarrizketatu ditu eta beste azoka batzuk bisitatu ditu. Martxoan azokaren logoa aurkeztu zuten eta ondoren arkupea itxi zuten. Baserritarrak gustura daude erakundeak egiten ari diren lanarekin.
Azokako beteranoetako bat Juanita Murgiondo mutiloarra da. «Ez dut gogoratzen noiztik etortzen naizen», onartu du. Denetik ekartzen du Zumarragara. «Baratzeko produktu guztiak ekartzen ditut».
Obra beharrezkoa zela uste du. «Premia handia zegoen, neguan hotz handia pasa baitugu orain arte. Datorren neguan askoz ere hobeto egongo garela uste dut».
Igogailua jartzea ere ondo iruditzen zaio. «Igogailua eskatu genuen eta aurki jarri behar dutela dirudi. Beharrezkoa da, baina azokara sartzeko bide zabalagoa uztea ere eskatuko nuke. Arropa saltzaileak erdian jartzen dira eta toki gutxi dugu gure gunera pasatzeko».
Murgiondo beteranoa bada, Uzindarrak zer esanik ez. Azkoitiko familia honetako hiru belaunaldi pasa dira dagoeneko Zumarragako plazatik. «Amona hasi zen, ondoren aitak eta amak lekukoa hartu zuten eta egun ni ere etortzen naiz», aipatu du Joxe Mari Uzinek.
Tomateak, letxugak, zerbak, tipulak, porruak… jartzen dituzte salgai. «Azoka ona da. Jende dezente etortzen da».
Oso ondo iruditzen zaio arkupea itxi izana. «Udan ez da atzematen, baina neguan eskertuko dugu. Erosoago egongo gara. Lehen alboetako pertsianak bakarrik zeuden eta, gainera, azoka iluntzen zuten. Eskatzen hasita, mahai berriak eskatuko nituzke. Zabala-goak».