‘SagarArte’ erakusketa ikusgai jarri dute Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan. Lau artista gaztek sagarraren eta sagardoaren inguruan sortutako artelanak jasotzen ditu bildumak. Abenduaren 29ra arte zabalik egongo da.
SagarArte erakusketa ireki dute Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan. Astarbe Astigarragako sagardotegiak bultzatutako proiektua da SagarArte. 2017an sortu zuten artista gazteei sagarraren zein sagarrondoen inguruan arte sorkuntzak egiteko aukera emateko eta sormen lanak finantzatzeko. Aurtengo proiektuen uzta da Igartubeitin abenduaren 29ra arte ikusgai dagoena.
Paul Latabururen Sagarra-Manzana sagarrari buruzko ilustrazio seriea, Aitor Zarzueloren Sagarraren Kondaira film laburra, Udane Juaristiren Astarbe familiaren historia oinarri duen Arbasoak seriea eta Maria Altunaren Malus Arbore Cecidit zeramika serieak osatzen dute erakusketa. Altunaren lana Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera landutako SagarArte Sortzaileen Bila lehiaketaren irabazlea izan da.
Artista guztiek sagarrondoa, sagarra eta sagardoa izan dituzte inspirazio iturri. Astarbe sagardotegiko familiak sortutako SagarArte ekimenaren helburua baita, «artista gazteei guk uzta berriarekin sentitzen dugun sagarraren inspirazioa bizitzeko aukera eskaintzea». Izan ere, Astarbe sagardotegia 1563tik Astigarragako baserri berberean dago eta familia berak kudeatu du orduz geroztik; hamabost belaunaldi pasa dira jada. SagarArte egitasmoaren abiapuntua garaian garaiko kultura adierazpideak berriro sagardotegietara erakartzeko grina izan zen.
Sortzaileei proiektua finantzatzen diete SagarArte elkarteak ez baitauka irabazi asmorik. Are gehiago, obrek irabazirik sortuz gero, egileei itzultzen dizkiete.
‘Artea Dastatuz’
Igartubeitikoa ez da erakusketa soila. Kultura plastikoek azalpenak, dinamizazioa edo lanketa premia dutela iritzita, SagarArtek Artea Dastatuz dinamika gehitu dio bildumari. Alegia, sortzaile gazteen obrak gastronomiaren bitartez emango dituzte dastatzera eta hala egingo dute baita ere Ezkioko Topa eta Agirretxea jatetxeetan, Igartubeitiko arduradun Kizkitza Ugarteburuk azaldu duenez: «Sorkuntzaren atzean dagoen istorioa usaimen, dastamen eta ukimenarekin dastatzeko aukera emango dugu, eta horri guztiari sagardoa gehituko diogu maridajea ixteko».
Urriaren 18an egingo dute Ezkioko Topa jatetxean. Sagardoaren jatorria ezagutzeko gogoa dutenei zuzendutako saioa da, 19:00etan. Hiru obren azalpena, hiru pintxo eta hiru sagardo baso banatuko dizkiete; prezioa 10 eurokoa da eta aurrez izena eman behar da. Agirretxea jatetxean azaroaren 15ean izango da, eta egungo sagardoaz eta ekoizpenean erabiltzen diren teknologiek izandako eraginaz arituko dira, besteak beste. Dinamika antzekoa da, han ere artea eta dastaketa uztartuko baitituzte. Izena emateko jatetxe bakoitzera jo behar da edo sagararte@astarbe.eus helbidera idatzi.