Baserriko bizimodua gogorra izan da beti, batez ere emakumeentzat. Izan ere, baratzeko eta ukuiluko lanez gain, sukaldeko lanez, garbiketaz eta zainketez arduratu behar izan dira. Hori guztia, kotizatu gabe. Duela urte batzuk Emakume Baserritarren Elkartea (EBEL) sortu zuten beraien eskubideak aldarrikatzeko. Pausoak eman dituzte, baina asko dago egiteko oraindik. Hilaren 23an, 18:30ean, Emakume baserritarrak eta bertako ekonomia mahai-ingurua egingo dute Goierri garaiko emakumeen etxean, Urretxun. Etxaldeko Emakumeak eta EBEL elkarteko bi emakumek parte hartu dute.
EBEL elkartea emakumezko baserritarren eskubideen alde borrokan denbora gehien daraman elkartea da. EHNE sindikatuko emakume batzuk sortu zuten, 1991n. Gizonezkoek eta emakumezkoek arazo ezberdinak zituzten, eta azken horiek elkartzea erabaki zuten. «Emakumezkoek diskriminazioa jasaten zuten. Adibidez, oinordetza kontuan. Gainera, lan gehiago egiten zuten. EBELek, beraien eskubideak defendatzeaz gain, elkarrekin egoteko denbora tarte bat hartzeko aukera eman zien», aipatu du Maider Aramendi EBELeko teknikariak.
Emakumeek baserrietan funtsezko papera izan dutela eta dutela argi utzi nahi du. «Emakumerik gabe, baserriak hil egiten dira. Industrializazioa heldu aurretik, emakumeak antolatzen ziren diruaz. Industrializazioak ekarri zituen aldaketek emakumeak ganbarako txoko ilunenera bidali zituzten, baina barrura begira esentzia gorde egin zen. Beraiek arduratzen ziren etxeko lanez, merkatuetara joateaz…», gogoratu du EBELeko teknikariak.
Instituzioen lana
Egindako borrokari esker pausoak eman dira, baina oraindik asko dago egiteko. «Gaur egun arte erdi ezkutuan jarraitu dugu. Ahalduntzea eta tresnak eskuratu ahala, emakumeok etxean eta instituzioetan borrokatu dugu. Instituzioek baserria euskal kultura era folklorikoan mantentzeko erabiltzen dute. Ez diote alderdi ekonomikoari garrantzirik ematen. Baina benetako politikak egiten ez badira, batez ere emakumeei begira, hau pikutara doa», ohartarazi du.
Emakumezkoek gizonezkoek baino 13,5 ordu gehiago lan egiten dute astean
Emakumeak, lan gehiago egiteaz gain, etxeko zaharren zaintzaz arduratzen dira
EBELek diagnostiko bat eskatu zuen. «Baserritik bizi diren emakumeak kontatzeko eskatu genuen. Hauek gabe, landa eremuko herriak hil egiten dira. Lo lekuetako lursailetan zikinkeria pilatzen da eta kanpoko janaria sartzen da. Diagnostikoaren emaitzak jaso genituenean, asko larritu ginen. Baserrian lan egiten duten hamar emakumetik batek bakarrik kotizatzen du. Gizonezkoek baino 13,5 ordu gehiago lan egiten duten astean eta, gainera, ez dute kotizatzen. Horretaz gain, zaharren zaintzaz arduratzen dira. Penagarria da, baina horretara ohituta gaude. Eta instituzioei ondo datorkie».
Horrek guztiak baserriak hustea ekar dezake. «Emakume asko baserritik joaten dira, soldata eta kotizazio bila. Egun, baserriak ez du ematen. Baina beste politika batzuekin eman dezake: kotizatzeko laguntzak, zergen jaitsiera, zaintzaren gaiaren inguruko hausnarketa, forma juridiko ezberdinak aztertu… Gure eskubideak bermatu behar dituzte, beste politika batzuekin. Ez gara dirua eskatzen ari».
EBEL diagnostiko hori ezagutzera ematen ari da eta instituzioen konpromisoa lortzen saiatu da. «Ez dugu instituzioen erantzunik jaso. Hitz politak besterik ez. Eskubide sozial eta politikoak mahai gainean jarri eta irtenbideak adostu behar dira. Kotizazioaz, zaintzez, presio fiskalaz… hitz egin behar da».
Hilaren 23ko hitzaldia bozgorailua izatea nahi dute. «Burujabetzaz eta elikagaiez hitz egiten dugunean, protagonistez hitz egin behar dugu. Elikagai burujabetza ez da posible emakume baserritarrik gabe. Ekonomia feministatik dator burujabetzaren ardatz garrantzitsuena».
Baztarrika baserrikoak
Aramendik hilaren 23ko mahai-inguruan parte hartuko du, Etxaldeko Emakumeak elkarteko Alazne Intxausperekin batera. Eli Elgarresta artzain eta gaztagile gabiriarrak ere parte hartu behar zuen, baina ezin izango du. Elgarresta Amelia Jauregi EBEL elkarteko sortzailearen alaba da.
Haren amak-eta EBEL sortu zutenetik pauso batzuk eman direla, baina oraindik egiteko asko dagoela uste du. «Poliki-poliki gauzak aldatzen ari dira. Baina oso poliki aldatzen dira. Emakume batzuk erabaki guneetan azaltzen hasi dira, baina oraindik asko dago egiteko», aipatu du.
Berak bere amak irekitako bidea jarraitu zuen, baina beste emakume batzuk ez dute zorte hori izan. «Ni ez naiz bigarren mailakoa sentitzen. Nire bikotea eta biok maila berean gaude eta txandaka joaten gara bileretara. Baina emakume batzuk ez dira joaten erabakiak hartzen diren tokietara. Etxean gelditzen dira».