Aitor Calvillo
Mondeju zuri, beltz, buzkantza, odolki… hestebeteez aritu nahi dut oraingoan zurekin, Axier. Izan ere, San Mielak, Santa Fe… ni bizi naizen Goierri alde honetan santu hauetaz hitz egin bezain pronto datoz bat-batean ahotara Altzaga, Gaintza edota Zaldibiako festak hitzak. Baina, honekin batera baita mondejuak ere. Bai, mondejuak. Baina zer demontre dira horiek? Galdetu izan didate normalean Goierritik kanpoko ia guztiek. Eta ni beti bezala azalpenak emateko pronto. Kolesterolaren laguna dela, sendagileek inoiz dietan sartuko ez luketen janari bat dela, batzuk zuriak eta beste batzuk beltzak direla, bata zein bestearen osagaiak zeintzuk diren, ardi gantza dutela oinarri, lekuaren arabera izen desberdina hartzen duela… Honekin batera baita mondeju-zopak ere badirela. Zopak? Bai, bai, zopak! Mondejuak egosteko erabilitako saldatara botatako ogia. Ummm! Pentsatze hutsarekin jateko inbidia sortu zait niri. «Baina, hori guztia jan eta gero, nola egin dezakezu lo, Aitor? A ze pisua!» Esaten didate ingurukoek. Ba, primeran, aizue!
Liskar eragilea ere bada gurean produktu hau. Izan ere, Ataun aldean ezagutu dut nik egoskorkeriagatik (aitona barne) mondeju zuria probatu gabe beste mundura joan denik. Eta baita alderantziz ere, noski! Zaldibia aldean mondeju beltzak ez direla mondejuak esanaz, horiek odolkiak direla!
Eta Legazpi alde horretan ba al da mondejua egiteko/jateko ohiturarik, Axier? Buzkantza izena ere entzun izan dut hor nonbait. Liskarrik bai zuenean?
Axier Iriondo
Gosetu naiz. Ez dut askotan jan ez mondeju zuririk, ez beltzik, eta ez dakit gure inguruko harategietan izaten den ere, baina, esango nuke, zuenean goi honetan baino zabalduago dagoela, Zaldibian batez ere. Eta, jake gaia jarri didazun, ikertzea erabaki eta, Interneteko bilatzailean mondeju eta mondejo jarrita, aurkitu dut zerbait.
Valladoliden, Espainian, omen dago Portillo, eta bertako tradizio gastronomikoan ere badituzte mondejuak. Ulertu uste dudanez, gure tripakiaren antzeko zerbaiti esaten diote mondejo. Ez dakit, eurenera eta gurera, nondik ekarritako hitza izango den, baina, jolasean hasita, mondejuan aurkitu ez dudan lotura aurkitu nahi izan dut bi herrien izenetan. Hala ez bada, zuzenduko dit aireak, baina Zaldibiaren izenean ibia ikusten dut, pasabidea-edo esan nahiko lukeena, eta portilloa ere harresietako edo mendietako pasabidea izan omen daiteke. Hor aitzakia bat senidetzeren bat sortzeko. Bi ibi izan ditzakegu, beraz, Portillo eta Zaldibia. Horrela ez bada, aireak zuzenduko ahal dit, edo Xalbador Garmendiaren ahaireak.
Esan daiteke, Anoetan ere, Xalbador eguna izan zela joan den asteburuan. Omenaldia egin zioten anoetarrek eta zaldibiarrek. Herrigintzan Xalbador Garmendiak eraikitako ibi eta portilloak izan zituzten gogoan.