Zenbat aldiz aditu behar izan ote dut erantzun hori nire ingurukoen ahotik? Galdetuz erantzuten didate. Lasai, irakurle: ez nator liburu bat idaztearen apologia egitera. Ez eta inor konbentzitzeko helburuz sortzen diren hamaika eratako testu ustez pedagogikoei buruz aritzera ere. Eta ez dut hizpide, gaurkoan behintzat, idaztearen helbururik behin-behinena izan daitekeen informazioa zabaltzearen artea bera ere.
Gutako edozeinen gaitasuna zirikatu nahi dut: nor ez da gai, hitz egiteko trebezia duen heinean, idatziz jasotzeko bere hitz-jarioa? Areago, idatzi, idatzi baitezake hitz egiteko gaitasunik ez duenak ere! Baina, ez dugu idazten! Edo gutxienez ziurta dezaket, gure arbasoek (aitajaun, amandre, aita, ama…) idatzitako ezertxo ere ez dudala nik behintzat, eskura. Horrek esan nahi du, nik idazten dudana, nire ondorengoek irakur dezaten egiten dudala? Inolaz ere, ez. Nik idatzi izan dudana eta idazten dudanetik ia-ia dena, batez ere niretzat egiten dut.
Eta idazteko ohitura duenak ulertuko dit hurrengoa: ez al da harrigarria, sinestezina, duela urte asko guk geuk idatzitakoa irakurtzearen xarma? Ez dut besteen ahotik hitz egingo: nik duela 40 urte, duela 20 urte edo baita, askotan, duela urtebete idatzitakoak ere, berealdiko harridura eragiten dit: «Hau nik idatzi al nuen?», esateraino. Eta, edozein eratako idatziez ari naiz: anaia soldadu zegoenean idatzi nizkion eskuzko gutunetatik hasi, artean Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna zenean Mosku, Leningrado, Kiev eta Jarkov hirietan idatzitako egunerokoarekin segi eta Ataungo Nondik aldizkarian esatera ausartutakoetara, duela gutxi horietan antzeman ahal izan dudanez. Adibidez.
Baina eta, ordea, ez dut idatzi horiei buruz hitz egin nahi, ez bada, idatzi dugunak, idatzi gabe utzi dugunak eragin digun kalteaz jabetzen laguntzen digula azpimarratzeko. Zenbat istorio idaztera ausartu gabe? Zenbat historia, zenbat poz, zenbat min, burmuinetik (edo bihotzetik, edo erraietatik, edo…) paperera jaso gabeak? Baina, ez bakarrik gure aurrekoenak; geureak, batez ere: horiek guk beste inork ez baititu bizi. Guri, gutako bakoitzari baitagokio norberaren buruarekin hausnartutakoari helduleku bat ematea, idatziz adibidez. Behar adina aldiz heltzeko moduan, nahieran, noizbait sortu zaizkigun pentsamenduei, sentimenduei, jokabideei… Eta unean uneko errealitatea nahiz ameskeriak berriro begi-bistan izan eta horiek berdin-berdin edo erabat berrituta gogoratzeko, berpizteko nahiz ahazteko.
Dagoeneko idaztera jarri zaren horri ez, noski, baina inoiz idatzi ez duzun eta idazteko asmorik ez duzun edo noizbait idatziko duzun oraindik ez dakizun horri, zera: idazteaz hemen esandako guztiak balio du esateaz aritu izan banintz ere. Alegia, idatzi ezazu, baina idatzi behar ez baduzu, esan; esan ezazu: esan iezaiozu bizitza gogaitzen ari zaizunari, aditzera emateko moduan, nahikoa dela; esan, harenganako errespetuz, zure iritzia braust batean eman gabe eta haren ohorea zapuztu beharrik gabe, berak zuganako ez duen duintasunez.
Eta, ordea, batez ere batez ere, idatzi iezaiozu, edo gutxienez, esan dugun bezala, esan iezaiozu (erredundantzia, nahita, indarra emateko esateari) «maite zaitut», dagokizunari. Hala dela dakienari nahiz ez dakienari ere bai, ordea. Maite duzula. Eta hortik aurrerakoak ez dizkizut nik irakatsiko, noski.