Hego Euskal Herriko bailara gehienetan ibili zen Tomas Zumalakarregi Imaz gudalburua (Ormaiztegi, 1788–Zegama, 1835), Lehen Karlistaldian. Ipar Euskal Herrian ere bai, hari eskainitako pastoralaren bidez eta XX. mendean izan arren. Aurten dira 30 urte Altzai eta Lakarri herrietako (Zuberoa) bizilagunek Zumalakarregi trajeria edo pastorala egin zutela. 1989ko uztailaren 23an estreinatu zuten Altzain, abuztuaren 5ean Lakarrin egin, eta abuztuaren 27an Ormaiztegin.
Ekitaldi sonatua izan zen Ormaiztegin egin zutenean. Zuberoatik 86 lagun etorri ziren, 10 urtetik 60ra artekoak. Antoneneko zelaian (Itxune atzean) egin zuten, eta bi mila ikusle bildu ziren, biharamuneko kronikek diotenez. Euri-lanbroak itsustu zuen, baina ez eten.
Ormaiztegira gonbita
Izan ere, Altzaiko estreinaldia erdi parean bertan behera utzi behar izan zuten, euriagatik. Ormaiztegiar batzuk joan ziren ikustera, tartean Angel Elortza argazkilaria: «Altzai herrian egin zuten estreinaldia. Pastoralak luzeak izaten dira, eta erdi aldera egundoko zaparrada hasi zuen. Bertan utzi zuten antzerkia, eta biharamunean errepikatu zuten».
Ordurako, lotuta zuten Ormaiztegikoa. Baina komentzitzea ez zen lan samurra izan. Elixabete Garmendiak jakin zuen Zumalakarregiren pastorala egitekotan zebiltzala, ETBren Baionako korrespontsal Allande Boutinek esanda —ama altzaiarra zuen—. «Pastoral hori Ormaiztegira eraman behar genuela esan nion», oroitu du Garmendiak. Ormaiztegiko Arantxa Campos alkateari eta Arantxa Murua zinegotziari proposatu, begi onez ikusi, eta antolaketari ekin zioten.
Aurrena, maiatz-ekain aldera, zuberotarren ordezkaritza bat Ormaiztegira gonbidatu zuten. Zumalakarregi Museoa ireki berria zen —maiatz hartantxe—, eta bisitan eraman zituzten. «Oraindik pastorala egiteko baiezkoa eman gabe zeukatela uste dut. Talde handi samarra etorri zen, gazteenetakoak. Limurtu nahi genituen, zuberotarrei ez zitzaielako gustatzen pastoralak Zuberoatik kanpora egitea».
Txapelgorriak ika-mikan
Lortu zuten. Abuztu bukaeran espedizio jendetsua etorri zen Altzaitik eta Lakarritik. Bezperan, gazteenen autobuskada bat iritsi zen, eta Zegamako festetara joan ziren. Autobusa gaizki utzi, nonbait, eta ertzainekin liskarra ere izan zuten. Isunik ez zutela ordainduko, zuberotarrek. Bestela, Ormaiztegin ordu gutxiren buruan zeukaten pastorala ez zutela egingo, mehatxu. Campos alkateak sartu behar izan zuen bitartekari, Zumalakarregiren txapelgorrien eta jaurlaritzarenen arteko animoak lasaitzeko.
Eskola zaharretan –gaur egun gizartetxea– egokitu zieten lo lekua, Irizartik ekarritako eserlekuen bigungarriekin.
Abuztuaren 27an, igandea, goizean hasi ziren ekitaldiak Ormaiztegin, koruak mezan kantatuta. Udalak bazkaria eman zien zuberotarrei. 15:30ean, 86 partaideak antzezpenerako jantzita kalean desfilea egin zuten. Lauretan hasi zen pastorala. Junes Casenavek idatzia da Zumalakarregi pastorala, 1980an. Musika Niko Etxartek egokitu zuen.
Goierrin, aukera gutxi
Goierrin –eta Hego Euskal Herrian– pastoral bat lehen aldiz Ordizian ikusi ahal izan zen, 1973an, Altamira zelaian. Pette Beretter pastorala eman zuten Gotaine-Irabarneko herritarrek. Ormaiztegikoa bigarren aukera izan zen. 1993an, Ordizian, Santakruz pastorala egin zuen Santa Graziko herriak.
Mahai-ingurua egingo dute Museoan urriaren 26an
Zumalakarregi Museoak mahai-ingurua antolatu du, Zumalakarregi pastoralari buruz. Urriaren 26an, 11:00etan izango da solasaldia, gizarte-etxean, Europako Kultura Ondarearen Jardunaldien barruan.
1989an Ormaiztegin antolatu zutenak eta Altzaiko eta Lakarriko partaideak izango dira, eta pastoralaren argazkiak eta bideoak ere bai.