Euskaltzaindiak 100 urte bete ditu aurten, eta ospakizun ugari antolatu dituzte. Atzera begira gelditu beharrean, ordea, etorkizunari begira jarri ditu indarrak. Azken urteetan baliabide digitalek hartu duten indarra ikusita, bere baliabiderik ezagunenetariko bat, orotariko hiztegia, berritu eta osatu du.
Orotariko Euskal Hiztegiaren lehen edizioa 1987an argitaratu zen, eta hamaseigarrena eta azkena, 2005ean. Sarean ere erabilgarri dago, eta azken berrikuntza horren ondotik, 146.134 sarrera eta 56.781 azpisarrera ditu. Sarrera kopuruaz gain, berrikuntzetako bat, bilaketena da, izenburuetan ez ezik, azpisarreretan eta testu osoan ere egiten baititu orain.
Itzultzaile automatikoa
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Euskara-gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa berritu du. Itzulpen memoriak erabilita, «kalitate handiko emaitzak» lortzen ditu, eta zentzu horretan, tresnak «jauzi kualitatiboa» eman duela diote.