Marketing arloan Amerikako Estatu Batuetako Miamin, Marie Brizard enpresan, Madrilen Lorealen eta Gasteizen SMC multinazional japoniarrean aritu ondoren, 2008ko urtarrilean Donostiako Kursaalaren zuzendari orokor postua hartu zuen Iker Goikoetxeak (Beasain, 1974). 20 urte bete ditu Kursaalak; 20 urte emozioz, elkarrizketaz, ezagutzaz eta esperientziez bete ditu, artistez, profesionalez, musikariz eta pertsonaz inguratuta.
Hainbat urtean batetik bestera ibili ondoren, 12 urte beteko dituzu Kursaalean. Gustura zaudenaren seinale izango da hori.
Egia esanda, bai. Zorteko sentitzen naiz, lan ederra da. Badu osagai bat, niretzat garrantzitsua dena: kapital publikoko enpresa bat da eta zentzu horretan guk egiten dugunaren onura zuzenean biztanleriak jasotzen duela. Bi hanka ditu Kursaalak. Bata, kultura arlokoa da: Gipuzkoako auditorio nagusia gara, eta herritarrei ahalik eta kultura hoberena eskaintzen saiatzen gara.
Kongresuak, bilerak… erakartzea da bigarren helburua.
Kongresu bat erakartzeak, onurak ditu bai ekonomikoki bai ezagutzaren aldetik, eta bertako talentua erakusteko erakusleihoa delako… Gauza polita da norberaren inguruko biztanleriarekiko edo zu bizi zaren herriarekiko erlazio zuzena izatea.
20 urtean, Kursaalak 1.374 miloi euro ekarri ditu Barne Produktu Gordinera. 5.336 ekitaldi egin dira: urteko 365 egunetatik 293tan ekitaldiren bat egon da. Datuak ikusita, 20. urteurrenean Kursaala osasuntsu dagoela dirudi.
Datuak eskuan hartuta, hala esateko gai gara. Gainera, 2018a, 20 urte hauetako urterik onena izan zen; 2017tik %15 haziz. Ea beste urte askoan osasun on hori mantentzen dugun, eta ahalik eta bilera, kongresu eta konbentzio gehien erakartzeko gai izaten garen. Erronka hori da.
Gehien kostatzen dena hori da, kongresuak-eta erakartzea?
Kursaala kudeatzeko orduan, eremu desberdinak daude: eraikina ondo egotea, zerbitzu ona ematea, jendea ondo prestatuta edukitzea…. Baina egia da, arlo komertzialean ari garenean, erronka nagusiena kongresuak eta konbentzioak erakartzean dagoela. Kultura aldetik, kulturaz aberastu nahi duen biztanleria daukagu, zortea daukagu Gipuzkoan kultura asko errespetatzen da, jakin nahi handia dago, eta normalean egiten dugun eskaintzaren erantzuna ona izaten da. Baina kongresuen arloan, konpetitu beharra daukagu, konpetentzia oso-oso latza dago. Jauregi bezala ez, ekosistema bezala, destino bezala konpetitzen dugu beste hiri, lurralde, estatu batzuekin.
Zeintzuk dira ekosistema horretako ahulguneak?
Irisgarritasuna, adibidez. Nazioarteko kongresu batean garrantzi handia du irisgarritasun egokia edukitzea. Adibidez, aireportuarekin zein konexio dituen neurtzen da eta hori ez da gure indargunea. Beste elementu bat, hotelena da. Kontraesan puntu bat ematen da: Donostian, turismoan, orokorrean, oso arrakastatsuak izaten ari gara. Baina horrek dakar hoteletako logela erabilgarritasuna eta prezioa ez izatea guk nahiko genukeen bezalakoa. Horretan ere beste zailtasun bat edukitzen dugu. Ahuldade handienak horiek dira. Baina indar puntu handiak ere baditugu, eta batarekin eta bestearekin, ibiltzen gara lehian. Orain arte lortzen ari gara eta aurrerantzean ere lortuko ditugu.
«Kulturaz aberastu nahi duen biztanleria daukagu Gipuzkoan»
«2018a, 20 urte hauetako urterik onena izan zen; 2017tik %15a haziz»
«Donostia berriaren irudia da Kursaala. Sinbolismo hori hartu du»
Kultur arloari dagokionean, Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Orkestra Sinfonikoa eta Jazzaldiaz gain, eskaintza zabala dago Kursaalen, diziplina askotariko aukera.
Aipatutako horiek urtero ditugu eta oso ekimen garrantzitsuak dira guretzat kultura aldetik. Horietaz aparte, beste eskaintza bat daukagu: promotore pribatuen eskaintza eta guk sustatzen dugun Kursaal Eszena eskaintza. Eraikin zoragarri honen bi helburuetako bat, Gipuzkoako auditorioa izateaz gain, lehen mailako kultur eskaintza eskaintzea da. Gehiengo historikoetan gaude eta hori mantentzeko gaitasuna izatea da erronka, eskaintza hori kalitatezkoa izatearekin batera. Iaz 152 kontzertu izan genituen, hau da, ia bi egunetik behin kontzertu bat. Eta aurten ere, antzera gabiltza. Eskaintza oso aberatsa da eta erantzuna oso ona da. Gipuzkoar biztanleriak kultura nahi du eta kontsumitu egiten du.
20 urteko balorazio txostenean diozuenez, 10 gipuzkoarretik 8 Kursaalean izan da noizbait.
Hori oso garrantzitsua da, gipuzkoarrak Kursaalera hurbiltzen ari garelako. Logikoki errazagoa da donostiarrak hurbiltzea, baina gure eraikinaren jabeak Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira, erdibana. Beraz, auditorio hau ez da donostiarrena bakarrik, gipuzkoarrena da. Zentzu horretan, Kursaal Eszenarekin lotuta, Kursaal Eskura ekimena bultzatu dugu. Donostiatik urrutien dauden herri horietako herritarrei errazten diegu gure eraikinaren erabilpena, autobusa antolatuta.
Arkitektura aldetik eraikin berritzailea izan zen Moneorena.
Oso eraikin berritzailea izan zen eta ika-mikak sortu zituen. Baina nik uste dut ez zuela asko iraun ika-mika horrek, berehala onartu zelako oso eraikin berezia zela, ondo egindakoa, eta inspiratzailea. Mies Van Der Rohe saria jaso zuen berehala, eta Moneok berak Pritzker arkitekturako Nobel saria. Mugarri bat izan zen Donostiaren berrikuntza prozesuan eta gaur egun, Kontxa tradizionalarekin lehiatzen du pixka bat: Kontxa, betiko argazki zoragarria, eta Donostia berriaren irudia Kursaala. Sinbolismo hori hartu du. Hori gure kudeaketan onuragarria izan da. Eraikinak badu berriztasun ukitu edo mezu bat, eta hona etortzen diren enpresei eta kongresuei interesatzen zaie.
Ez dela zahartzen dirudi.
Moneoren meritu garbia da. Nahiko minimalista egin zuen, material naturalekin. Eta nik uste dut horrek denak zahartze ona duela. Ondo mantentzeko inbertsioa egin beharra dago eta horretan murgilduta gaude. Toki zoragarria da, baina itsasoaren ondoan dago, kresala dago, asko jotzen digu… eta inbertsio behar bat badu.
Inflexio punturen bat egon da 20 urte hauetan?
Ez gurea zehazki, baina egoera ekonomiko aldetik inflexio puntua izan da denontzat azkeneko krisi latza. Etxeko lanak eginda geuneuzkan kongresuekin eta abar, eta lortu genuen krisiaren eraginik gogorrena atzeratzea; baina 2012a eta 2013a bi urte gogor izan ziren. Gure aktibitatea jaitsi egin zen eta kezkak sortzen dira, ea buelta emateko gai ginen. Baina ondo kudeatu genuen eta datuak hor daude: 2013tik 2018ra bitartean, %51ko hazkundea izan dugu. Orain ekonomikoki zerbait datorrela dirudi eta espero dugu aurrekoa bezain gogorra ez izatea. Ekipo zoragarria daukagu eta dibertsifikatuta gaude.
20. urteurreneko gala daukazue azaroaren 28an.
Xume ari gara, azkenean gauzak neurrian egin behar dira eta. Azaroaren 28an bi ekitaldi egingo ditugu: 18:00etan, Kubo Txikian, Rafael Moneoren eta Iñaki Gabilondoren arteko hizketaldia; eta 20:00etan, Kubo Handian, kontzertu handia. Kursaalen izaten dugun aktibitate kulturala islatu nahi dugu.
Zer izango da kontzertuan?
Osagai klasikoa izango du orkestra sinfonikoarekin, orfeoi gaztearekin, Lucia Lakarra dantzariarekin eta Elena Sancho sopranoarekin. Bigarren zatia, herrikoiagoa izango da: orkestra sinfonikoarekin batera, Eñaut Elorrieta, Mikel Erentxun eta Izaro ariko dira. Sarrerak salmentan daude. Ea lortzen dugun auditorioa betetzea.