Perkusioa jotzeko trebatzen hasi zenean, etorkizunean Ordiziako musika eskolan irakasle lanak egitea amesten zuen Iñaki Telleriak (Idiazabal, 1978). Musikaren munduan lehen urrats haiek eman zituenean ordea, bide horrek noraino eramango zuen imaginatu ere ezin zuen egin. Gaur gaurkoz, Barakaldoko Udal Bandako perkusio jotzailea da. Bokazio duen hortan ere badabil, Zornotzako musika eskolan perkusio eskolak ematen baititu. Eta horrez gain, sormena garatzeko aukera ere badu, Kukai dantza taldeari eta beste proiektu batzuei esker.
Musikari lotuta egin duzu bizitza, ibilbide oso oparoarekin gainera. Geneetan daukazun zerbait da?
Nire familiakoak txistuaren bueltan ibili izan dira beti; aita, aitona… Etxean jan dudan zerbait da. Ni, aldiz, oso-oso berandu hasi nintzen musikan. Oso gazte utzi nuen eskola, eta lanbide desberdinak izan nituen. Ile-apaintzaile eta anbulantzietan adibidez.
21 urterekin ezagutu nuen nire ondorengo maisua, Jesus Mari Garmendia. Perkusio jotzailea da eta hortaz bizi zen. Arreta ematen zidan.
Egun batean, berriketan, esaldi lapidario bat bota zidan: ‘Erraza da, beste batzuk lau ordu sartzen badituzte, hontaz bizi nahi baduzu, 10 sartu beharko dituzu’.
Hark esandakoak oso kontutan izan dituzu.
Errenterian egin nituen perkusioan formakuntza jasotzeko sarrera frogak. Lau urtetan zehar ikasketak eta anbulantzietako lana uztartu nituen. Bosgarren urtean, erabaki bat hartu behar izan nuen. Perkusio jotzaile izan eta hortik bizi nahi nuen, beraz apustu fuerteagoa egin eta eszedentzia eskatu nuen lanean. Erdi mailako ikasketak bukatu berri nituen eta ikastetxe desberdinetan sarrera probak egin nituen.
Nire erronka zen, proba egin nuen ikastetxeen erdietan hartzea, eta hala bazen, banuela hontatik bizitzea. Zaragozan eta Musikenen atera nituen plazak, eta Musikenen ikasi nuen azkenean. Orain agian pixka bat normalizatu da hori, baina garai hartan, Musikenen ikasi genuen lehenetarikoak ginen. Toki guztietako ikasleak zeuden. Baita irakasleak ere. Musikaren munduan erreferente diren irakasleak izan nituen.
Artista, jaio ala egin egiten da?
Askotan hitz egiten da hortaz, eta beti defendatu dut bietatik behar dela. Baina musikatik bizitzeko, talentuaz harago, lana gogor egin behar da. Jarrera izanda, eta bidean jende aproposarekin gurutzatzen bazara, aurrera egiteko aukera gehiago izango duzu.
Nire kasuan, oso fina izan naiz hortan. Ikasketa urteetan, astelehenetik astelehenera, goizeko lehen ordutik gaueko ordu txikietara, ikasi, ikasi eta ikasi egin nuen.
Nora ekarri zaitu esfortzu horrek?
Musika klasikora eta orkestra sinfonikoetara bideratuta egon da nire formakuntza eta nire lanbide gehiena ere. Lehen urteetan, Nafarroako Orkestran froga batzuk egin eta haiekin kolaboratzen ibili nintzen.
Iazko urtea, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin abono kontzertua ematen bukatu nuen. Abenduaren 25ean ETBn eman zuten. Bestalde, duela 10 urte, Barakaldoko Udal Musika bandako perkusionista naiz, eta hortaz gain, Zornotzako musika eskolan ere ematen ditut eskolak.
Baina beste proiektu batzuetan ere ari zara.
Bai, agian daukadan jatorriagatik-edo, eta Kukai dantza taldea ezagutzeak eta haiekin harremana izateak mundu izugarria ireki zidan. Euskal tradizioa eta musika garaikideak uztartzen dituen proiektu batean sartzeko ateak ireki zizkidan.
«Aukerak aprobetxatzen bai, baina aukerak sortzen ere jakin dut»
«Nire ametsa zen Ordiziako Musika Eskolan klaseak ematea. Ez nuen gehiago ezagutzen»
«Bidea gogorra izan da, baina denboraren filtroak oroitzapen onak gorde dizkit»
Aukerak aprobetxatzen jakin duzu.
Hori batetik, baina baita aukerak sortzen jakin ere. Musikenen izan nintzen urteetan, adibidez, Krater taldea sortu genuen hainbat ikaslek eta irakaslek.
Kukairekin ere, sokaren inguruan beraientzako musika idazten hasi nintzen. Bidean ezagutu ditudan beste hainbat pertsonekin ere garatu ditut beste hainbat proiektu: Aitor Furundarenarekin egin nuen proiektu bat Tere Irastorzaren liburu batzuen inguruan; Juan Kruz Igarabiderekin, euskal irakurketa ume-umetatik sustatzeko DVD baten proiektuan ere parte hartu nuen; Garikoitz Mendizabalekin, Sosegua ikuskizunean, zuzenekoetan aritu naiz.
Zertan aritzen zara gusturago?
Oso desberdinak dira. Irakasle lana adibidez, oso bokazionalki egiten dut. Nire lanbidea musika jotzea da berez, baina beti hor izan dudan har bat da irakaskuntza. Kontatzeko behar bat eta erakusteko ikuspuntu propioa dut. Esperientzia oso positiboa da, umeekin lan egin eta haien eboluzioa ikustea.
Mundu sinfonikoa, interprete gisa zuzenagoa da. Aldiz, beste guztiak, sortzaile bezala asetzeko gaitasuna ematen dit.
Musikaren mundua oso zabala dela deskubritzen joan zara beraz.
Nire ametsa zen Ordiziako Musika Eskolan klaseak eman ahal izatea. Ez nuen gehiago ezagutzen. Eta Musikene bezalako zentro batetik igarotzeak, formakuntzaz gain, beste gauza positibo asko eskaini dizkit. Begirada aldatu zidan. Lehen Goierriri begira bizi nintekeen, erdi mailako ikasketak egin nituenean Euskal Herrira zabaldu zitzaidan begirada, eta Musikenen mundu guztira. Ikas ditzakezun ezagutza tekniko guztiak baino positiboagoa da hori.
Bidea gogorra izan da, baina denboraren filtroak oroitzapen onak gorde dizkit, eta orain,benetan sinisten dut edozer gauza egiteko gai naizela . Aldaketa hori pertsona baten bizitzan oso garrantzitsua da.
Noiz gertatzen da hori?
Goi mailako ikasketak egiten ari nintzenean, orkestra profesionalekin kolaboratzen nuen. Horietako bat Parisko Ensemble Interconteporain taldearekin izan zen. Ikasturte amaierako harpa kontzertu batean, perkusioarekin lagundu eta hortik sortu zen aukera. Sari gisara edo, Parisko taldearekin kontzertu didaktiko batean parte hartzeko gonbitea egin zidaten. Musika garaikidearen instituzio bat da talde hori. Haiekin nengoela hasi nintzen sinisten benetan posible zela.
Ibilbide horrek begirada zabaldu badizu ere, jaioterriarekin lotura mantentzen duzu. San Blas festak ospatzen ari zarete egunotan eta Txistularien Alardean zuzendari lanak egin dituzu beste behin ere.
Aitak hasi zuen Txistularien alardea duela 27 urte, eta orain 12 urte luzatu zidaten zuzendaritza hartzeko ardura. Herriko talde pila batek parte hartzen du, eta musika da aitzakia herrian dauden eragileek elkarrekin festa moduko bat antolatzeko. Pasa den asteburuan egin genuen. Txistulariez gain, Kantu Birako lagunak, Axari dantza taldea, danborradakoak, eta hainbat herritarrek sorpresa batzuk zituzten prestatuta. Horietaz aparte, betiko lagun bereziak izan ziren. Aitor Furundarena soinuan, Garikoitz Mendizabal txistuan, eta guztia janzten lagundu zuten beste musika guztiak ere.
2020. urtea nola dator?
Bete-betea. Otsailean Donostiako musika eskolan ikastaro bat dut, perkusio joleak ez diren musika irakasle eta ikasleei perkusioko oinarrizko teknikak erakusteko.
Bestalde 2020a Beethoven-en urtea da eta EusKdivarius Kameratarekin Beethovenen Bederatzi sinfoniak joko ditut. Gipuzkoako hainbat herrietan izango gara. Goierrin Beasainen, apirilaren 26an. Abendura arte luzatuko da programazioa.
Eta horrez gain, Opus Lirica taldearekin, Don Giovanni opera egingo dugu otsailean, Donostiako Kursaalean.