Josu Maroto (Urretxu, 1975) arkitektoa da ofizioz eta marrazkilaria afizioz. Toki guztietara koadernoarekin eta arkatzekin joaten da. Hasiera-hasieratik GoiBerri aldizkariko kolaboratzailea da eta udaberrian Pakistanen egindako marrazkiekin erakusketa egingo du.
Beti gustatu al zaizu marraztea?
Bai. Aitari marraztea gustatzen zaio eta nik ere txikitatik marraztu dut. Eskolatik ateratzen nintzenean, marraztea gustatzen zitzaidan. Karrera aukeratzeko garaian marrazketarekin zerikusia zuen zerbait nahi nuen eta arkitektura ikastea erabaki nuen.
Azken urteetan lan asko egin duzu.
Duela 12 urte minbizia izan nuen eta urtebete eman nuen etxean. Marrazteko denbora nuen, asko marraztu nuen eta orduan konturatu nintzen marrazkia zenbat gustatzen zitzaidan. Niretzat marraztea yoga egitea bezala da: meditatzeko modu bat. Marrazteak asko erlaxatzen nau.
Azkenaldian, Urretxuko arte tailerrean ikastaroak antolatu ditut. Gainzuri aretoan egiten ditugu. Areto honek aukera bikaina eskaintzen du: musika jartzen dugu, Jon Tirapu argiztapenaz arduratzen da… Kanpotik ekartzen ditugun margolariek ikastaroak ematen dituzte eta modelo batekin ere margotzen dugu. Ondoren, elkarrekin bazkaltzen dugu. Oso giro polita dugu. Euskal Herri mailan, oso toki gutxitan daude halako aukerak. Urretxuk eta Zumarragak kultura maila altua dute.
Norekin ikasi zenuen marrazten?
Herrian antolatu diren ikastaroetara joan naiz (Eli Mendia, Felix Vaqueriza, Manu Muniategiandikoetxea…), baina nahiko autodidakta izan naiz. Praktikatuz ikasi dut, batez ere. Praktikatzea oso garrantzitsua da. Egun koadernoan marrazten dut: trenean, kalean… Ez du denbora asko eskatzen eta oso ariketa ona da.
Zer esaten dizute trenean doazenek?
Normalean ez dira konturatzen, baina batzuk dagoeneko lagunak ditut. Marrazkiak eskatzen dizkidate.
Musikari lagunekin batera, zuzeneko musika eta pintura uztartzen dituzu.
Egun, Ertzak taldearekin nabil. Gorka Hermosa, Andoni Salamero, Jon Goenaga, Kalakan eta Peio Ramirezekin ere lan egin dut.
Zein teknika erabiltzen dituzu?
Digitala eta tradizionala. GoiBerriko ilustrazioak egiteko teknika digitala erabiltzen dut, baina errotulagailuak eta akuarela ere asko gustatzen zaizkit. Olioarekin ez dut hainbeste margotzen, denbora gutxi baitut. Akuarelarekin olioarekin baino azkarrago margotzen da.
Zein da zure marrazkilari kuttuna?
Nire blogean aipatzen ditudan guztiak. Asko lagunak ditut. Zulet karikatura egilearen kasua oso berezia izan zen. Txikitatik miresten dut eta bera ezagutzeko aukera izan dut. Jende hori guztia ezagutzeko aukera izatea oso polita da.
«Eskolatik irteten nintzenean, marraztea gustatzen zitzaidan»
«Niretzat marraztea yoga egitea bezala da: meditatzeko modu bat da»
«Koadernoan marrazten dut: ez du denbora asko eskatzen eta oso ariketa ona da»
«Maiatzean Pakistaneko argazkiak eta marrazkiak erakutsiko ditut»
GoiBerri-ko irakurleek lehen aletik zure lanaz gozatzeko aukera dute.
Alex Areizagak eskaini zidan eta lan horrek asko eman dit. Astero marrazki bat egin behar izateak teknika hobetzen lagundu dit. GoiBerriko lanari esker, profesionalizatu egin naiz. Gainera, jendeari nire lana erakusteko aukera eman dit eta aldizkariko lan taldearekin oso harreman ona dut.
Duela gutxi Pakistanen izan zinen.
Mohamed Omar pakistandarra nire anaiaren zaintzailea izan zen. Sekulako harremana egin genuen eta etxekotzat dugu, eta bere ezkontzara gonbidatu gintuen. Hemengo bere familia gu gara, gu Pakistanera joatea nahi zuen eta guri ondo zetorkigun data batean ezkondu zen. Familiako laurok joan ginen. Abenduaren 16tik urtarrilaren 1era bitartean egon ginen bertan. Beste kultura bat ezagutzeko aukera paregabea izan zen.
Makina bat marrazki egingo zenuen…
Ezin geldirik egon… Bizipen hura kontatzeko asmoa nuen eta hala Masala Soul Project egitasmoa sortu zen. Maiatzaren 15etik 31ra Pakistanen ateratako argazkiak eta egindako marrazkiak erakutsiko ditut Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Hango giroa hona ekarri nahi dut. Argazki guztiak telefono mugikorrarekin atera nituen: edozein tokitan modu azkarrean giroa harrapatzeko aukera ematen dizu. Gainera, artea edozein tokitan eta edozein modutara egin daitekeela erakutsi nahi dut. Begirada da garrantzitsuena.
Zer iruditu zitzaizuen Pakistan?
Islamabad eta Lahore artean dagoen herri txiki batean egon ginen, gure lagunaren familiaren etxean. Oso ondo hartu gintuzten, lore eta guzti. Bertako sentiarazi gintuzten. Turismoa ere egin genuen, nahiz eta hango trafikoa zoratzekoa den. Dena den, garrantzitsuena beraien bizimodua ezagutzeko aukera izan genuela da. Pakistanen beste erritmo batean bizi dira. Bestalde, bizi baldintzak hemengoak baino okerragoak dira: fabrika batea hanka hutsik lan egiten zutela ikusi genuen, etxeetan hotza egiten du… Zenbait gauzatan, hemen duela 100 urte bizi ginen bezala bizi dira.
Bestalde, ezkontza hemengoen oso ezberdina izango zen.
Erabat ezberdina. Lehenengo egunean meskitara joan ginen eta imanak ezkondu egin zituen. Lehenengo eguna ezkongai bakoitzak bere aldetik ospatzen du, bigarren egunean denek neskaren familiak ospatzen duten bazkarian parte hartzen dute eta hirugarrenean denek mutilaren familiak ospatzen duen bazkarian parte hartzen dute. Emakumezkoek eta gizonezkoek bakoitzak bere aldetik ospatzen dute. Bionbo bat egoten da batzuen eta besteen artean. Musika jartzen dute, baina alkoholik ez dago eta ez da dantza egiten. Bigarren egunaren amaieran neska mutilaren familiaren etxera joaten da. Neskarentzat egun gogorra izaten da.
Arkitekturaz gozatzeko aukera eduki al zenuen?
Bai. Lahoreko meskita, batez ere, asko gustatu zitzaidan. Inguru hartan oso turista gutxi dago. Gu ginen arraza zuriko bakarrak.