Datorren ostiraletik aurrera, itxuraz aldatuta etorriko da GOIBERRI, atal eta kolaboratzaile sare berriarekin.
Maratoien antzera, iraupen proba bat da euskarazko prentsarena. Urteetan iraute horrek, ordea, etengabeko berrikuntza eta gogoeta eskatzen du, garaian garaiko beharretara egokitzeko. Eta zortzi urteko ibilbidearen ondoren, GoiBerri aldizkariak ere bere burua berritzeko beharra ikusi du. Ez da egun batetik bestera egin den kontua izan, su txikian ondutako prozesua baizik.
Goierriko Hedabideek 2018. urtean hasitako gogoeta prozesua izan zen aldaketa horren abiapuntua. Eskualdeko arlo ezberdinetako dozenaka eragilek eta Hitza-ren nahiz GoiBerri-ren irakurleek parte hartu zuten bertan.Haien iritziak eta ekarpenak jasotzeko foroa izan zen. Parte-hartze zabala izan zen, kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politika arloko 50 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten lan saioetan. Eta irakurleen artean, inkesta ere egin zen.
Aldizkaria azalez eta mamiz berrituta etorriko da, beste itxura eta ikuspuntu batekin plazaratuz
Parte-hartzaileagoa izango da orain artekoaren aldean, komunitate izaerari garrantzia emanez
Prozesu horretan jasotako ideiei forma eman, eta aldizkari berriaren egitura, izaera eta lan egiteko modua zehazteko lana egin da hainbat hilabetez. Eta gaur zortzi ikusi ahal izango da lanketa horren emaitza.
Aldizkaria azalez eta mamiz berrituta etorriko da, beste itxura eta ikuspuntu batekin. Izan ere, diseinua goitik behera berritzeaz gain, edukiak lantzeko modua eta kolaboratzaile sarea ere berrituko da. Aldizkari parte-hartzailea izango da, orain artekoaren aldean, komunitate zentzu handiagoa izango duena.
Aurpegi eta atal berriak
Goierriko Hedabideek egindako gogoeta prozesuan, aldizkaria berritu eta partehartzaileagoa egiteko beharra azaleratu zen. Hitzaren eta GoiBerriren inguruko komunitatea berrindartzeko ere balio izan zuten jardunaldi haiek, eta komunitate zentzu horri eutsi nahi dio aldizkari berrituak.
Gogoeta saioetan eta irakurleen inkestan baloraziorik onena jaso zuten atalak mantendu egingo dira, erreportaje eta elkarrizketa zabalak izango ditu, aktualitateari eta interes orokorrari lotuta. Iritzi atalak eta Kate-motzean bezalakoek ere jarraipena izango dute. Eta gazteek ere beraien atal berezituarekin jarraituko dute, irakurle gazteenei zuzendutako elkarrizketa eta erreportaje laburrekin, eta iritzi artikuluekin.
Atal berriak ere izango ditu, ordea. Goierriko bertsolariek beraien tartea izango dute, astero. Kultur sorkuntzari ere egingo zaio tokia, musika, antzerki, dantza nahiz zinema arloko kritika eta gomendioekin. Gizarte garapenak, nekazaritzak eta mendi ibilbideek ere izango dute tartea, baita eskualdeko argazkilariek ere. Historia atalean, gertakizun jakinetara baino istorioetara joko du gehiago, kolaboratzaile sorta baten bizipenetatik abiatuta. Eta galbidean diren hitz eta toponimoek ere izango dute tokia. Baita aktualitateari eta gizarteko gaiei ikuspuntu kritiko eta zirikatzaileago batekin begiratuko dion orrialdea ere, komiki eta iritzigile berriekin.
Diseinu berritua
Gorputz berriak, azal berria ere eskatzen du, ordea. Eta zortzi urteren ondoren, diseinu berritu eta berritzailearekin dator GoiBerri aldizkaria.
Adaki agentziako Eneko Maiz diseinatzaileak egin du diseinu berria. Haren esanetan, «orain arteko estetikarekin apurtu» nahi izan dute, diseinuari«izaera garbiagoa eta gaurkotuagoa» emanez.
Aldizkariarekin batera, goiberri.eus webgunea ere berrituko da datozen asteetan.