Arantxa Arza, Itsasondo
Gure aitak, osabari: «Jaien in behar diau buelta bat napar aldea, aspaldin ez gaituk izan eta eunpasa in behar diau». Eta esaldi hori entzutea magikoa zen guretzat. Lehengusuontzat, esan nahi dut. Horrek esan nahi zuen igandean egun osoa pasako genuela bostok elkarrekin jolasean, egun osoa etxetik kanpora. Bidaia luzea zen guretzat, Goierritik Nafarroara. Egun osoko abentura. Eta horrelakoak, urtean zenbat izaten ziren ba? Sei? Gutxitan ateratzen ginen egun osorako planean. 70eko hamarkada zen, Itsasondon eta baserrian bizi ginen.
Bidaia izango zen Nafarroa hegoaldera: Larraga eta Zarrakaztelu zituzten oso gogoko gure guraso eta izeba-osabek. Guri bost inporta nora. Nola zen kontua. Ez pentsa gurasoek gurekin asko kontatzen zutenik planak egiteko orduan. Euren neurrira antolatzen zituzten egunpasak, ez euren seme-alaben neurrira. Baina guri ez zitzaigun iruditzen bestela izan behar zuenik ere.
Ez zegoen orduan Abentura Parkerik, baina ez zen beharrik ere. Guretzat Senda Vivako bobsleighetan ibiltzea bezain besteko abentura zen bederatzi lagun kotxe bakar batean bidaian joatea. Itsasondotik Zarrakazteluraino, aurrean lau (gure guraso eta bi ahizpak) eta atzean bost (izeba-osabak eta hiru lehengusuak). Denok R-6 horixkan, eta sekula ez gure aitak isunik. Normala zen bederatzi lagun kotxe berean, gerrikorik gabe, eta pila-pilan joatea, bata bestearen magalean. Hura baino Dragon Khan hoberik ez zegoen guretzat. Eta bidaian zehar beti musika bera: trikitixa. Pirritx eta Porrotx jaio gabe zeuden artean, eta gure gurasoei trikitixa gustatzen bazitzaien. Eta ez ziguten asko galdetzen zer entzun nahi genuen.
Bazkaria etxetik, jakina. Ez zegoen jatetxean erreserba egin beharrik. Zertarako? Familia bakoitzak eramango zituen bere kanpin-mahai eta aulkiak. Janaria etxean prestatutakoa, edariak ere etxetik. Fresko-fresko hozkailu eramangarrietan. Dena R-6 horixkan, aparteko parrilarik gabe.
Jatetxerik dotorenean baino hobeto, guk nahi genuen unean eta tokian egingo genuen bazkaria. Pagadiren bat aukeratuko zuten seguruenik, itzalean eta lasai egon gintezen. Ze ederra aire libreko otordua! Kafea ere bai, bero-beroa termoan. Pattarra eta purua. Eta hala, gurasoak mahai inguruan ziren bitartean, etorriko ziren gure jolasak. Ez genuen jostailurik behar, baina ez genuen beharrik. Amaketan jolastuko genuen. Gu bi ahizpa ginen, gutxi familia osoa antzezteko. Baina lehengusuekin elkartutakoan, baginen bost eta hor segituan egiten genituen banaketak: «Zu aita zinela, ni ama eta zu alaba». Inguruko belarrekin egiten genituen oilaskoak, harritxoekin dilistak… bat joaten zen lanera, bestea bitartean etxean. Eta hala, gure gurasoen eguneroko bizitza bihurtzen genuen gure jolas, mimetismo erabatekoz. Aparteko ezer egin gabe, baina elkarrekin, pasatzen genuen eguna eta beti bereizteko penaz. Gutxirekin asko gozatzen genuen.