AGINAGA-SAMIÑO
Ibilaldia duela berrogei urte egin izan balitz, Azkoitian hasiko zatekeen, ez Zumarragan, nahiz eta toki berberetik abiatu. Baina orduan bezala gaur, paraje ederrez gozatzeko aukera du mendizaleak Samiño tontorra helburu.
Bai, 1989ra arte Aginaga auzoa Azkoitikoa zen, eta urte hartan lotu zitzaion administratiboki Zumarragari. Ez da izan Aginagak –Agiña herri hizkeran– azken hamarkadetan izan duen aldaketa bakarra: eskola eta eliza itxita daude, baina pilotaleku estalia badauka, baita eguzki plakez jositako sail bat ere. Eta eskultura bat ere bai, brontzez egina, bertakoa zen Jeronimo Iturberi eskainia. Plazatxoko iturrian kantinplorak bete eta gora, Muxika baserriaren ondotik.
Gozo-gozo doa bidea, baina etengabe goraka, zelai eta arbola artean. Pagadi ederra dago kaskotik abiatuta metro gutxira, neguaren azken hondarretan berde kolore indartsua dariona. Aldaparen azken zatian, aldiz, pinua nagusi, eta pinudi batean, pistaren kontra-kontra, eguneko lehenengo geldialdia egiteko aitzakia: Elorrietako tumulua. Hileta-monumentu horrek 8,70 metroko diametroa du, baina asunek eta sasiak hartuta dago, eta ez da ezer ikusten, ohiko metalezko plaka izan ezik.
Garo sailean barrena, garbi unera iritsita, ondo asko ikusten dira bertatik Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta, atzerago, Aizkorri mendizerra, goizeko eguzkiak argituta. Berehala gara Oletako gainean. Orain Udalaitz eta Anboto ere ikusten dira. Sakonuneak urez beterik daude, eta batean baino gehiagotan ikusten dira zapaburuak, baita arrautza multzoak ere. Seguru asko ez da holakorik izango hilabete batzuk barru, zelai horretan Trinitate igandeko erromeria ospatzen denean, ordurako bazterrak lehortuta izango dira eta.
Jonmikel Intsausti gidariak aipatu moduan, garai batean oso jendetsua izaten zen Oleta mendi-lepoko erromeria. Mendiaren bi aldeetako gizon-emakumeak biltzen ziren han, bai Urretxu eta Zumarragakoak eta baita Azkoitia aldetik etorritakoak ere. Eta dantza, etengabeko dantzaldia, librean eta lotuta, apaizak uzten bazuen behintzat. Orain ere ederra izaten da erromeria, ohiko meza, bazkari eta herri-kirolez, baina dantzari gutxi hankak astintzen…
Mendizaleen artean kutuna
Borda bat ere badago, Azkoitiko Martirieta auzora daraman bidearen ondoan. Honako hau dio ate gaineko idatziak: «Oleta mendiko aterpea. Aurrekoak gogoratuz». 1982an berreraiki zuten, sendo askoa, kareharriz, eta ordudanik badute non babestu gain hauetan ekaitzak harrapatzen dituen mendizaleak eta txirrindulariak. Izan ere, mendiko bizikletaz ibiltzeko toki aparta da hau, behin Oletara iritsiz gero aldapa asko leuntzen delako. Iñaki Beitiaren omenezko mendi ibilaldian parte hartzen dutenek ere gogoko dute zati hau, hala egokitzen den urteetan.
Pistan gora, hainbat langa igarota, Iruarrietako trikuharrira gero eta hurbilago dago. Bidearen ezker-eskuin zaldiak eta behorrak larrean ari dira lasai asko, mendizaleei kasurik egin gabe. Ohituta daude, nonbait. Ezker aldera, Ernio begi-bistan, baita Azkoitia eta Azpeitia ere. Goierriko mugetan barrena gabiltza.
Iruarrietako trikuharria handia zen, baina pena da zer egoeratan dagoen gaur egun. Euskal Herriko beste hainbat aztarnategitan gertatu bezela, suntsitu egin zuten duela hamarkada batzuk. Pistak hondatu zuen, eta gainera, Intsaustik dioenez, Urrezko kanpaia-ren mitoak ere ez zuen askorik lagundu: trikuharrietan eta bestelako megalitoetan altxorrak zeudela lurperatuta zabaldu zen, eta zenbaitek hankaz gora jarri zituen monumentu horiek; alferrik, jakina. Baina kaltea eginda zegoen. Hala, trikuharri zena tumulu bihurtu zen, eta orain 30 bider 15 metroko sailean barreiatuta daude Iruarrietako basaltoak eta kareharriak.
Ezin jakin benetako gertaera den edo elezaharra, baina inguru hauetan kontatzen da Karlistaldietako batean borroka egon zela Oletan karlisten eta liberalen artean. Don Karlosen aldekoek itxoin egin zieten besteei, ezkutatuta, haiek urrez zamatutako mandoak noiz pasako zain. Tiroketa latza gertatu omen zen, baina han hildakorik edo zauriturik izan zen inor gutxik du gogoan, benetako notizia urrez beteta zihoazen mandoek ihes egin zutela izan baitzen. Inguruko baserrietan bukatu omen zuten lau hankako mando haietako batzuk eta antzeman omen zen bat-bateko aberastasuna ondorengo urteetan…
Samiñora, monolitoaren bidetik
Eguraldi garbiak errazago egiten du gaurko ibilbideko azken zatia. Eroritako txabola baten ondotik igaro –egun erabat galduta dagoen artzaintzaren arrastoa–, eta bidegurutze batean ezarritako monolitoak Samiñorako bidea erakusten du. Gutxienez hiru tokitatik igo daiteke tontorrera, baina monolitoak erakutsitakoari jarraitzea gomendatu du gidariak. Moxalak begira direla, alanbre hesi bati segi, eta ondoren bidezidor harritsu baten barrena joanda, han azaltzen da txartel-ontzia. 933 metroko altuera du Samiñok, eta Azkoitia-Azpeitia-Zumarraga udal barrutien arteko muga egiten du. Gaur bezalako eguraldiarekin, ikuspegia ederra da hemendik: Aralar, Txindoki, Aizkorri, Udalaitz, Anboto, Ernio… eta Goierriko herriak.
Joxe Luis Ugarte filologo legazpiarraren arabera, Samiño izenak muino osagaia du, Zumarragako bertako Txaramuño (Txaamiño) eta Potzumuñok bezalaxe (Potzumiño).
Ibilbidea egiteko argibideak
- Bidegurutzeetan azti. Aginagatik abiatuta, pistari lotu behar zaio, eta galbiderik gabe darama Oletaraino. Hemen bidegurutzea dago, baina iritsitako bidetik eskubira hartu behar da, beti ere seinaleei segika. Eta azken aldapa hartzeko puntuan monolito batek erakusten du norakoa. Mendizale asko ibiltzen den tokia da eta galdetzeko aukera dago.
- Ura, Aginagako plazan. Iturririk gabeko bidea da. Aginagako plazan badago bat eta hantxe hartu daiteke biderako ura.
- Erromeria Trinitate igandean. Trinitate igandea egun aproposa da ibilaldia egiteko (maiatzean), Oletako erromeriaz ere gozatzeko aukera ematen duelako. Trikitia eta aizkolariak ez dira falta izaten, ezta zer jan eta edan ere, handik Sami-ñorako biderako indarrak hartzeko.
- Azkoitira jaitsiera. Sasoiko dagoena, Oletatik Azkoitira jaits daiteke, eta Zumarragara itzuli bidegorritik edo autobusez.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: 3.00h
- Luzeera: 8,6Km (joan etorria)
- Desnibela: 39 m
- Zailtasun teknikoa: Erraza
- Oharrak: Igotzen den bide beretik egingo da jaitsiera.