Goiekiko Ekintzailetza arloak Indargune programa jarri du martxan, enpresak denboran iraunkorrak izateko sortu ohi diren egoerak aztertu eta bideratzaile lana egiteko.
Enpresek beren negozioaren bilakaerari buruz izan ditzaketen kezkak, zalantzak edo arazoak argitzen laguntzeko programa berri bat jarri du abian Goiekiko Ekintzailetza arloak: Indargune. Haien negozioa sendotu nahi duten 3 eta 45 pertsona arteko enpresei zuzendutako zerbitzua da, eta aurrez zehaztutako hitzordu baten bidez egingo dira kontsultak Goiekik Ordiziako Arranomendia kalean duen NBF Negozio Berrien Fabrika eraikinean.
Goiekik 1995eko uztailean sortu zuen Enpresa ekimen berrientzako arloa, negozio ideia bat duten ekintzaileei haien enpresa proiektua gauzatzen laguntzeko. Proiektuaren garapen fase guztietan eskaini izan diote babesa eta aholkularitza ekintzaileari, eta urte hauetan guztietan 1.500 lagun baino gehiagok jaso dute zerbitzua, 400 bideragarritasun plan baino gehiago landu dira eta 350 enpresa baino gehiago sortu. Programa berri honekin azken urteetan sumatu dute gabezia bati egin nahi diote aurre: iraunkortasunari.
Enpresek denboran irautea
«Urteotako helburua ez da soilik izan enpresa berriak sortzea, baizik eta horiek denboran irautea», nabarmendu du Maialen Sanchez Goiekiko Ekintzailetza arloko arduradunak. Ekintzaileen profilari eta garaiari erreparatuz, honako irakurketa plazaratu du: «Azken krisi ekonomikoaren aurretik sustatzaileen profila negozio aukera eta sektorean esperientzia zuten pertsonak ziren, aldiz, krisi ekonomikoaren eraginaren ondorioz, pertsona askok autoenplegura jo zuten lan merkaturako beste aukerarik ez zutelako, eta askok sektorean esperientzia izan gabe eta estrategia argi ez batekin. Goiekitik bideragarritasun planaren azterketa zein garrantzizkoa den helarazten saiatzen gara, batez ere merkatu eta azterketa ekonomiko finantzario egoki bat egiten. Gure azken helburua sortzen diren enpresak denboran iraunkor eta lehiakor mantentzea da».
«Kontsolidazioarena beti buruan darabilgun gaia da, baina geldirik ere eduki dugu. Lehen urtean harreman handia izan ohi dugu ekintzaileekin bideragarritasun plana lantzen eta finantza entitateetara proiektua eramaten laguntzen. Bigarrenean ere hortxe-hortxe, baina hirugarren urtea da galdu duguna, kontsolidazioarena». Sektore guztietako enpresentzat abiatuko den proiektua da Indargune. Industria da, oro har, diru laguntza gehien dituen sektorea –Spri, Eusko Jaurlaritza, Aldundia…–, eta bereziki zerbitzuetako enpresak izan ohi dira horietatik kanpo gelditzen direnak: «Helburua eremu horietara iristea da, eta ikustea nola lagundu dezakegun. Askotan enpresa hauek bakardade handia sentitzen dute, eta daukaten tamainarengatik ez dute planteatu ere egiten horrelako zerbait landu dezaketenik».
Gestorien lanarekin osagarri
Laguntzetatik kanpo leudekeen enpresa horietako asko autoenplegurako proiektuak dira, edo baita mikroenpresak ere, eta horregatik mugatu dute langile kopurua 3tik 45era. «Langile bateko edo biko enpresek gestoriekin jarraituko dute lanean, dituzten beharrak haiekin moldatzen dituztelako, baina hirutik gorakoetan beste behar batzuk sortzen dira pertsonen kudeaketa ere badagoelako. Gestoriek beraien lana oso ondo egiten dute, eta gu, Goieki bezala, ez gara eremu horretan sartuko, ez gara mehatxu izango, hori garbi utzi nahi dugu. Guk landuko ditugun gaiak gestorietatik kanpo gelditzen dira».
Zerbitzu honetaz baliatu daitekeen beste kasu mota bat ondorengotzekin lotura duena da. Goierrin asko dira 3-4 langilez osatutako eta jabe bakarreko tailer txikiak. «Gerta daiteke jubilatzear dagoen jabe horrek langileei saldu nahi izatea enpresa,eta izan duen lan estiloagatik ez asmatu izana langileak kudeaketa prozesuan barneratzen. Muga horretan dauden langileek normalean ez dute enpresa erosteko interesik izaten, eta hor egoera zail batzuk sortzen dira. Horrek planifikazio bat eskatzen du». Sanchezen iritziz, gestoriak ez daude gai horietan espezializatuta, eta aholkularitzak egon egon badaitezke ere, enpresa txiki batek nekez finantzatu ditzake zerbitzu horien kostuak.
Horiez gain, zerbitzuen dibertsifikazioa bilatzen duten enpresak ere balia daitezke Indargune programaren eskaintzaz. «Aukera bat da, baina zailagoa da, horretarako baliabideak izan behar baitituzte enpresek. Produktu propioa izateak merkatu berrietara joateko aukera ematen du, lehiakorragoa izateko… Azken batean, azpikontratatutako enpresa bat izan edo produktu propioa eduki, alde handia dago».
Eguneroko jardunak sortzen duen denbora ezari eta ikuspegi galerari irtenbideak proposatzeko «leiho ireki bat» da programa berri hau. «Gero norberak erabakiko du zer egin, enpresa ez da ezertara konprometitzen. Guk bidea irekitzen lagunduko diegu».
Zerbitzuaren argibideak
- Nori dago zuzendua? Haien negozioa sendotu eta indartu nahi duten 3 eta 45 pertsona arteko enpresei eskainitako zerbitzua da.
- Zertan oinarritzen da? Kontsultak Goiekiren bulegoetan egingo dira, aurretik hitzordua eskatuta. Lehenengo elkarrizketa bat egingo da, eta egoeraren diagnostikoa ondoren. Enpresaren beharren eta arazoen arabera, zenbait ekintza gomendatu eta proposatuko dira.
- Zerbitzuaren kostua. Arazoa identifikatzeko lehen fasea, egoeraren diagnostikoa eta lan proposamena doan izango dira. Ondoren, exekuzio faserako, Goiekik gainerako zerbitzuak finantzatzeko laguntzak bilatzeko informazio eta aholkularitza guztia emango du.
- Informazio gehiago: 943 16 18 31 / maialen.goieki@goierri.eus