Isa Sanz – Legazpi
Orain dela 35 urte, Legazpiko Santikutzetan parrokiko Erkatz aisialdi taldeak antolatutako Herri-gutunaren konpartsako karrozaren argazkia duzue honakoa.
Duela urte gutxi zendu zen Rafa Marin legazpiarrari Legazpiko festetan konpartsa bat antolatzea bururatu zitzaion. Ideia horri ekin genion parrokiko Erkatz aisialdi taldean, eta herriaren aldeko gure ekarpena zein izan zitekeen pentsatzen jarri ginen.
Nerabeekin batera proiektua definitu ondoren, eta udaleko jaietako zinegotzia zen Esteban Alzelairi aurkeztu eta finantziazioa lortu eta gero, hiru urtean zehar lau konpartsa antolatu genituen: 1984. urtean Akelarrea, 1985. urtean Herri-gutuna eta 1986. urtean Txinatarren urte berriaren ospakizuna. Azken hau bitan egin genuen, maiatzeko konpartsan herensugeak sua hartu zuelako.
Herri-gutunaren omenez egindako konpartsan, herriko historian murgildu ginen. Horrela jakin genuen 1384ko otsailaren 15ean Legazpi Segurarekin elkartu zela. Anexioak 224 urte iraun zuen eta makina bat kalte ekarri zizkion horrek Legazpi herriari. Azkenik, 1608ko irailaren 19an Legazpik Salbuespen-zelula jaso zuen.
Garai hartan Legazpin bizi ziren mota ezberdinetako pertsonak eta ogibideak kaleratu genituen konpartsan: baserritarrak, artzainak, olagizonak, ikazkinak, nobleen karroza, nobleak, eskribariak, apaiza eta soldaduak. Guztira 90 pertsona atera ginen.
Jantziak gurasoei eta hainbat laguntzaileri esker josi ziren, eta horretarako etxe batzuetako koltxak ere erabili ziren. Goierri tabernatik Euskal Herria plazaraino osatutako ibilbidean zehar dantza emanaldi ezberdinak eskaini genituen. Gurasoei ere 500 pezeta eskatu genizkien, hainbat gasturi aurre egiteko: arropak, karroza, afaria…
Harro sentitzekoa
Argazki honek garai batean nerabeekin egindako lana gogoratzeko aukera eman dit eta harro sentitzen naiz, benetan! Herritartasuna oraingoko kontua dirudien arren, hau bai aspaldiko adibide garbia!