Ezberdina zara, bakarra zara, pertsona berezia zara. Txikitatik, irakasle zein gurasoen partetik hitz ergel horiek guztiak entzun dituzu, eta ergela zu, halakoa zarela sinetsi duzu gainera. Horregatik porrota ezagutu gabe arrakasta lortzea merezi duzula uste duzu. Merezi. Ba al dakizu zein potoloa den hitz hori? Arinegi erabiltzen dugula iruditzen zait. Merezi… duzuna baino ez duzu merezi. Eta egozentrismoaren tenpluan jainko baten moduan eserita zauden horri, zure zilborra begiratzeari utzi segundo batez eta irakurri hau: Ez zara berezia.
Zeure burua baloratu behar duzu, noski, ez bait dago zu bezalako pertsona gehiago munduan. Norbere burua errespetatzen eta maitatzen jakitea bizitzak ematen duen ikasgairik garrantzitsuenetako bat da, buruaren osasun egoki baterako behinik behin. Baina ostia, nartzisismorik gabe jokatzen ere ikasi beharra dago.
Bizitzak, mundu honetan dauden gizaki guztiei bezalaxe, negarrarazi egingo dizu, jipoitu egingo zaitu, umiliatu. Eta berorrek, oinak lurrari itsatsirik ez dituzun horrek, zenbat eta gorago egon, orduan eta handiagoa izango da hartuko duzun kolpea… Espabilatu! Inoiz ez zara inongo aspektuetan mediatik gora nabarmenduko, beti aurkituko baituzu gauza guztietan zu baino hobea den norbait. Ez duzu inolako berezitasunik, beraz, hasi gainerakoak apaltasun pixka batekin tratatzen. Arrunta zara, arrunta, eta hau zenbat eta lehenago onartu, orduan eta lehenago utziko diozu gorrotagarri izateari.
Errealitate zaplazteko honi amaiera emateko, nire idazlerik gogokoenetako baten esaldi bat erabili nahi dut: «Ez zara elur maluta polit eta bakarra, beste guztien antzera, deskonposizioan dagoen materia organiko bera zara. Denak gara ximaur pila beraren parte». Borroka kluba. Chuck Palahniuk.
Orain, hausnarketa hau mastekatu eta irentsi. On egin.