Jose Luis Ugarte
Azken hamarkadetan ez da gupidarik izan Ormaiztegi, Gabiria eta Mutiloa artean dauden baserri, baso eta lurrekin. Gure gizarte aurrerakoiak landa-inguru hori sakrifikatzea erabaki du, hiritar askorentzat leku ezezaguna eta ezkutua dela aprobetxatuz. 1970eko hamarkadan urtegi handi bat egin nahi izan zen, dozenatik gora baserri urpean utziz. Zorionez ez zen burutu, baina hamarkada horretan bertan, handik gertu, Mutiloko Troi meatze zaharrak berriz ustiatzen hasi ziren, teknika «modernoenak» erabiliz. Hainbat urtetan lanean jardun eta gero, garai hartako ingurugiro politikaz baliatuz, paisaia txikituta eta eraldatuta utzi zuten: Troi erreka emankor eta apartsua galdu zen, Gesala izenez ezagutzen zen sakonean metal kutsakorrez betetako urtegi beldurgarri bat geratu zen, betelan eta eraikin hutsak utzi zituzten. Meatzeetako lanak utzi eta urte gutxira, 1990eko hamarkadaren bigarren erdian, pixka bat beheraxeago, Palanka izeneko harana zaborrez betetzen hasi ziren, oraintsu arte. Zein ote da hurrengo ekintza?
Paisaia eraldatu hori, ordea, kultur-balioa duten elementuz beteta zegoen eta dago, bertako historia aberatsaren lekuko. Oraindik ere suntsitu gabekoak badaude: Ormaiztegitik Oñatira zihoan errege-bide zaharra; San Esteban baserria (San Esteban ermitaren lekuan eraikia); Santa Marina ermita zaharra Aztiriko bidean; Eztanda errekako burdinolen aztarnak; errota edo igerak (hortik Igeribar, eiheren ibarra), Eguzkitza jauregia… eta gaztelu bat, Mutiloako Palanka baserri desagertutik oso gertu.
Bai, gaztelua ere bazen (eta haren aztarnak ere egon litezke) aipatutako inguru horretan, agiri zaharrek salatzen dutenez. Gaur egun arboladi batek estaltzen du lekua eta zabortegia metro eskasera iristen da.
Erreferentzia toponimian
Ahozko tradizioan ez da gorde, baina Gabiriako udaletxean dagoen 1889ko mugarritze-aktaren agirian bitan aipatzen da: «Alto llamado Gaztelumendi», batean; «Cúspide del monte llamado Gaztelu-gaña». Bi aipamenek leku zehatz bati egiten diote erreferentzia, gaur egun Bekoerrotako tontorra esaten zaion lekuari, hain zuzen ere. Ez da oso leku garaia gaztelu bat eraikitzeko (270 m), baina aztertu beharko litzateke inguru horrek zein ezaugarri zituen garai batean. Kontuan izanik Aizpee auzoan ere badirela Gazteluaitz izeneko tontorra eta Gaztelu baserria (lerro zuzenean, 3 km-ko tartean), eta biak, Aizpeeko gaztelua eta Palankako gaztelua, Erdi Aroan burdingintzak indar handia zuen lekuetan daudela, pentsatu liteke industria garrantzitsu horrekin lotura bazutela, eta biak garai hartan eraiki zirela, bideak zaintzeko eta abar.
Kasualitatez (edo ez) Bekoerrotako tontorra istorio bati lotuta azaltzen da. Hala, Itzaitegi baserriko bizilagunek arbasoei entzun izan diete tontor horretan zezen-narrua bete urre dagoela gordeta. Ez ote dago loturarik garai batean hor bertan gaztelu bat egotearekin? Bitxia da gero. Dena dela, esan beharra dago tankera horretako sinesmenak Euskal Herri osoan daudela zabalduta. Zenbat zulo ez ote dira egin gure mendi eta basoetan altxorren bila! Bekoerrotako tontorrean ere ez falta; zulo bat badago, handi samarra gainera, ormaiztegiar batzuek egindakoa, itxura denez.