Euskadiko Orkestrako bigarren klarinetea da Urretxun jaio baina Zumarragan bizi den Sara Zufiaurre musikaria. Koronabirusaren eraginez musika talde handi honen jarduna aldatu egin da azken hilabeteotan, baina musikariak ez dira geldirik egon eta etxean grabatutako bideoei esker, musika ez da eten.
Lanbide berezia duzu, musikaria zara.
Bai, oso berezia da. Euskadiko Orkestrako klarinetea naiz. Bigarren klarinetea eta klarinete baxua, bi instrumentuak dira nire plaza. Bi klarinete solista daude, lehenengo ahotsa jotzen dutenak, eta bi bigarren gaude. Batzuetan klarinete kontrabaxua, corno di bassetoa eta rekintoa jotzeko aukera ere izaten dut.
Nolakoa da musikari baten lana?
Euskadiko Orkestrak Miramongo egoitzan egiten ditu entseguak, eta ordutegiak ez dira ohikoenak. Batzuetan goizetik, beste batzuetan arratsaldetik, 3-7 ordukoak… Gero, funtzioak eta operak 20:00etan izaten dira. Ordutegiak astetik astera aldatzen dira, baina egutegi finkoa dugu eta asteburuak ere bai, egun eta erdikoak, larunbat osoa eta igande goiza, edo igande osoa eta astelehen goiza.
Hori guztia nola bizitzen da, kontziliazioari dagokionez adibidez?
Gure etxean senarra eta biok gara musikariak; bera Gabriel Mesado da, orkestrako biolontxelo bakarlaria. Biotako batek murrizketa hartzen du. Baina gure murrizketak ez dira beste lanpostuetan bezala egun erdikoak. Orduak pilatzen ditugu eta egutegitik programak kentzen ditugu. Horrela, saiatzen gara beti gutako bat etxean gelditzen. Eta amaren laguntza ere badugu.
Nola iritsi zara Euskadiko Orkestrara?
Ni 5 urterekin Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolan hasi nintzen, eta 8 nituenean klarinetea aukeratu nuen. Zortea izan nuen, orduan Orkestrako bakarlaria zen Juan Navarro etortzen zelako klaseak ematera. Oinarri-oinarritik oso irakasle onarekin hasi nintzen, eta poliki-poliki azterketak gaindituz, ikasketak amaitu nituen.
Asko gustatzen zitzaidan klarinetea, eta argi neukan musikari izan nahi nuela eta magisteritza musikala eta kontserbatorioan goi mailako ikasketak egin nituen. Gero Gazte Orkestran hasi nintzen, Eusko Jaurlaritzaren irakasle zerrendetan sartu nintzen, Iruñeko Barañain musika eskolako irakasle izan nintzen bi urtez, La Pamplonesa eta Donostiarra bandetan jo nuen…
Euskadiko Orkestrako kolaboratzaile izateko frogak ere egin nituen, eta hiru urtetan zehar asko lan egiteko aukera izan nuen, titularraren ordezkapenak egiten; hilean 2-3 aste jotzen nuen. Esperientzia handia hartu nuen, eta musikari hark bere postua utzi zuenean, oposaketa atera zen, ni oso momentu onean nengoen unean. Plaza eskuratzeko audizioetara mundu osoko 40 musikari aurkeztu ginen eta nik lortu nuen lau erronda eta gero. Gero, sei hilabeteko froga epea igarota, hori baloratzeko epaimahaia elkartu zen berriz, eta orduan bihurtu nintzen orkestrako kide.
Urte batzuk badaramazkizu…
Kolaboratzaile bezala hiru urte, eta plazarekin 13. Oso gustura nago, ez nuke aldatuko. Alde batetik, nirea sentitzen dut Euskadiko Orkestra, eta harrotasun handirekin esaten dut gainera. Eszenatokia ere asko gustatzen zait. Eta lana oso dinamikoa da, ia astero aldatzen dugu programa, beti ikasten ari gara, gauza berriak ezagutzen.
Nola banatzen da orkestraren lana?
Denboraldia abuztutik ekainera bitartekoa da. Urtean hiru opera egiten ditugu, 10 bat abonu edo abonatuentzako programa, umeentzako hiru-lau programa didaktiko eta larunbat goizetan matineeak. El Diario Vasco-ko kontzertua, Orfeoiarekin egiten duguna, Zinemaldian Belodromoan pelikula ezberdinen soinu bandak joz egiten duguna… Grabaketak ere egiten ditugu pelikulentzat Fernando Velazquezek zuzenduta, Ocho apellidos vascos eta Un monstruo viene a verme bezalakoak… Birak ere egiten ditugu, Alemanian egon ginen iaz, eta aurten Istanbulen. Euskal musikariekin bideoklipak ere grabatzen ditugu, azkena Izarorekin. Urtean 110 bat emanaldi dira.
«Lana ez nuke aldatuko. Nirea sentitzen dut Euskadiko Orkestra, eta harrotasun handiarekin esaten dut gainera»
«Orkestrako bost musikarik eta Garazi Zabaletak sortutako Arah taldearen lana Beasainen aurkeztuko dugu azaroan»
Aurten koronabirusak aldatu egin dizue programazioa.
Bai. Bost abonu bertan behera geratu dira, eta hurrengo denboraldiko Donostiako Musika Hamabostaldiko opera ere bai. Eta bi hilabete eta erdi egon gara Miramonera joan gabe, baina ez gara gelditu. Musikariok etxean egunero ikasi behar dugu, ezin gara bi hilabete egon jo gabe.
Bideoak ere egin dituzue.
Bai, gure artetik ateratako ideia izan zen. Europako beste orkestra batzuetako musikariek bezala, bakoitzak gure etxean jotzen grabatu eta muntaia egin ondoren, bideoak internetera igo ditugu. Orkestra osoak Agur Jaunak eta Andreak grabatu genuen, eta gure artean bikoteak edo talde txikiagoak osatuta ere egin ditugu bideo gehiago. Nik Beasaingo Garazi Zabaleta piano jotzaile eta konposatzailearekin batera bere lana den Kapritxosa grabatu dut. Bideoak orkestraren webgunean daude. Publikoari erakutsi nahi genion ez geundela geldi, musika pixka bat helarazi nahi genion.
Noiz hasi zarete entseguekin?
Duela lau aste, segurtasun neurri zorrotzak beteta: maskarak, tenperaturaren kontrola, eskuen garbiketa, musikaritik musikarira distantziak eta pantailak… Gu zortedun gara, egoitzako eszenatokia handia da; beste orkestra batzuk ezin dute entseguekin hasi, ez dutelako nahiko espaziorik. Entsegu bakoitzean, gainera, orkestraren bi heren bakarrik egoten gara. Denak hasi gara lanean, baina programaketak eskatzen duenaren arabera joaten gara, txandaka.
Programazioa ere martxan duzue.
Bai. Orain telebistarako programa batzuk ari gara grabatzen; larunbatetan 11:00etan botatzen dituzte, ETB-2n.
Eta publikoaren aurrean, noiz?
Gauza asko esaten dira, eserlekuen artean distantziak gorde beharko direla… Une honetan tabernetara edo jatetxeetara joan gaitezke eta lagunekin elkartu, baina kontzertu batera joateko neurri gogorragoak eskatzen dituzte. Badirudi kultura dagoela kutsatuta.
Dena dela, abuztuan Donostiako Hamabostaldiaren barruan pare bat kontzertu daude antolatuta, eta irailean lehenengo abonua publikoarekin jotzeko aukera ere aurrera doa. Guk publikoaren aurrean jo nahi dugu, ez delako berdina publikorik gabe.
Zuk proiektu bat duzu esku artean.
Bai, Arah taldea sortu dugu Garazi Zabaletak, orkestrako bost musikarik, bi dantzarik eta bi txalapartarik. Euskal musika eta musika garaikidea uztartzen dituen proiektu bat da. Bazen behin lanarekin ari gara, eta azaroaren 28an aurkeztuko dugu Beasainen.