Baserri eta kale-etxeetan lixiba egiten zuten, garai batean. Arropa zuria, jantziak nahiz izarak zuritzeko eta garbitzeko egiten zen. Lixibarriak geratu dira lanketa haren azken aztarna; gutxiago, baina baita tinak eta upelak ere. Lixibarria harlanduzko pieza zapala da, borobildua eta ertzetan kantoia duena. Isurbide bat du aurrean, lixiba isurtzeko txorrota formakoa. Apaingarri gisa, baserri askoren atarietan ikus daitezke. 1950eko hamarkadan desagertu zen lixiba egitearen lana.
Emakumezkoek egiten zuten lixiba. Lixibarriak 60 zentimetrotik 80ra bitarteko diametroa edukitzen zuen. Haren gainean upela edo metalezko tina jartzen zuten, eta haren barruan zuritu beharreko arropa, geruzaka pilatuta. Gehien zuritu behar zirenak, upelaren barrenean kokatzen zituzten.
Arropa piloaren gainean, azkenik, oihal, zaku edo arpillera bat jartzen zuten, iragazki funtzioa beteko zuena. Eta haren gainean, errauts xehetua eta gatzak; baita erramu hostoak ere, arropari usain ona emateko.
Errautsa, garbikari naturala
Sutako hautsaren alkalia erabiltzen zen lixiba gisa. Ur bero-beroa isurtzen zen upelera, zinkezko ontzi batekin (lehenago kobrezkoak ziren). Ur irakinak sutautseko gatz mineralak disolbatzen zituen, batez ere potasio karbonatoa. Zaku-oihalaretik iragazita, azpiko arropara igarotzen zen isurkia.
Kolore horixka hartzen zuen lixibak. Upeleko arropa bustita beheraino igarotakoan, lixibarrian biltzen zen, eta txorrotetik beherago kokatutako ontzi batean jasotzen zen. Behin eta berriz botatzen zuten lixiba upelera.
Arropa garbia belar gainean zabalduta lehortzen zuten, eguzkipean lehortuta zuritasuna handitzen baitzitzaion.
Lixibarriarekin jasotako likidoa gorde egiten zuten, etxeko beste lan batzuetan garbikari eta desinfektatzaile modura erabiltzeko.