Ane Insausti Barandiaran • Hegitik begira
Amets adinekoen artean hilekoa jaitsi zitzaion lehen pertsona izan zen, eta ezkutuan eraman zuen, besteen ahotan ez egotearren. Lurrek ere bazuela jakindakoan, konplize bilakatu ziren: komunera elkarrekin joaten ziren, eta konpresa praken atzeko poltsikoan gordetzean, ikusten ez zitzaiola baieztatzen zion besteak.
Iraitz ikastetxe berrira iritsitakoan, Ametsek hilekoa ote zeukan galdetu zion. Iraitz urduri sentitu zen, ez zekielako Ametsi baietz esatean nola erreakzionatuko zuen. Ez zen lasaitu Ametsek berak ere bazeukala esan arte, sekretua gorde beharrik izango ez zuelako.
Julenek, bere aldetik, bazekien inguruko guztiek zeukatela, berak izan ezik. Sexologiako klasean hilekoa zutenek eskua altxatzeko esan zutenean, lotsatuta sentitu zen. Klasearen ondoren, lagun bat joan zitzaion eskua altxatu duela komentatzen ibili direla esanez, hala izan ez bazen ere.
Belaunaldi bereko hainbat neska gazteren hitzak dira aurrekoak. Kasualitatez, hilekoa jaisten lehenak edo azkenak izan ez zirenak dira hau honela bizitzea tokatu ez zitzaien bakarrak. Desberdin izateari diogun beldurrak hilekoa tabu gisa elikatzen jarraitzen du, gaia isilpean eramatera bultzatuz. Eta zer esanik ez hilekoa dutenak gizonak badira…