Jaiotzez donostiarra bada ere, Ordizian egin du bizitza Edurne Huesak. Gaztetatik egin du lan ingurumenaren alde mugimendu ekologistek erakarrita, bai arlo pertsonalean zein hezkuntzan, eta bereziki, Ingurugelako aholkulari hasi zenetik. Azken urteotan, Aralarren kontserbazioaren alde ari da lanean, Landarlan ingurumen elkarteko kide gisa. Hori, eta bestelako bizipen batzuk izan ditu hizpide .
Elkarrizketa egiteko Oiangu parkea aukeratu duzu. Zergatik?
Oiangu da nire etxeko zati bat. Txikitatik ezagutzen dugu, gure historiaren parte da. Bestalde, duela 15 urte, Oianguko golf proiektua dela eta, horren kontra asko inplikatu nintzen. Niretzat pozgarria da parke bezala mantendu dela ikustea.
Naturari lotuta ezagutu zaitugu. Horrelakoa izan zara beti?
Ez, ez! Nerabezaroan, mugimendu sozial eta politiko handiak zeuden; euskararen aldekoa, mugimendu ekologistaren sorrera, antinuklearra, orduan hasi nintzen esnatzen eta mugimendu ekologistan parte hartzen. Oiangun golf proiektua ez zen Lemoizko zentralaren edo Leitzarango autobidearen proiektuak bezain larria, baina urrutiago egon arren haiek ere ukitzen zaiztuzte. Oiangukoa etxe ondo-ondoan genuen.
Irakasletza ikasi zenuen.
Historia ikasi nahi nuen, baina garai hartan, badira ia 40 urte, Valladolidera joan behar zen. Ohituta nengoenez umeekin egoten, azkenean erabaki nuen Magisteritza ikastea, Donostian. Euskadiko Kontseilua sortu berritan zen. Hasi ziren euskarazko klaseak zabaltzen eskola publikoetara, eta irakasleak behar ziren. Magisteritzako azken urteetako ikasleoi eskaini ziguten aukera, Irakasle Idoneo figurapean. Errealitatea ikusteko balio izan zigun. Frankismoa pasata zegoen, baina moduak frankismoaren garaikoak izaten jarraitzen zuten. Gu, berriz, irekiagoak ginen, beste metodologia batekoak. Euskarari dagokionez ere, eskola batzuetan euskara zen zeharo berria, ikasleek ez zuten inongo harremanik euskararekin.
Urte askoan lan egin zenuen irakaskuntzan?
Hogei urtez, Zaldibiako eskolan. Etxetik gertu, eta gainera, herri euskaldun batean. Unifikazioa ere egina zegoen, Ikastola eta Eskola Nazionala batuta zeudela, alegia.
Han igarotako denboran, oso gustura egon nintzen, giroa oso gertukoa zen eta eskola berritzailea zen gainera.
Ingurugelan ere lan egin duzu.
Bai, beste 20 urtez. Eskolan, Ingurugelarekin lanean genbiltzan proiektu batean, koordinatzailea nintzen. Lanpostu plaza bat libre zuten eta proposatu egin zidaten. Urtebete kostatu zitzaidan erabakia hartzea.
Helburu nagusia izan da ingurumen hezkuntza zabaltzea ikastetxeetan. Ondoren, proiektua zabaltzen hasi zen, eta udalekin ere hasi ginen lanean. Orduan hasi zen Eskolako Agenda 21, era esperimentalean, 2000-2001ean. Harremanak zabaltzen zirenez, proiektu konplexuagoa zen, eta uste dut proiektua arrakastatsua izan dela, Euskadi osora iritsi baitzen. Gaur egun oraindik martxan jarraitzen du, aldaketa batzuekin, baina helburuak berdinak dira. Hau da, ingurumenaren alde hezi ikasleak, ingurumena ezagutu, haren alde ekiteko prest izateko beren bizitza pribatutik eta sozialetik.
Belaunaldi berriengan eragin izan duela uste duzu?
Ikasleengandik ez nago hain gertu orain, baina bai ikusi dut, Eskola Agenda hasi zenetik, foroen eboluzioa eman dela, eta lortu dela ikasleei hitza ematea udaletxeetan. Oso garrantzitsua da hori. Haurren eskubideak asko lantzen dira eskoletan, baina eskubide batzuk agian ikasi bai, baina ez dira ejerzitatzen, eta Eskolako Agendaren bidez edo antzeko proiektuen bidez, haurrari bere iritzia emateko aukera ematen zaio. Iritzi landua, eta hori azpimarratzen genuen. Gaiak eta arazoak aztertu, beraien mailan noski, eta gero taldean adostu eta udaletxeetan aurkeztu.
Bestalde, alkateak ez daude behartuta proposamen guztiak onartzera, baina bai daude behartuta arrazoitzera, zerbait onartzen badute, zergatik egiten duten, eta ez badute onartzen ere, zergatik esatera.
Helburuak bete direla uste duzu?
Toki batzuetan besteetan baino gehiago. Adibidez, parkeetan zuhaitzei kartelak jartzea haien izenekin. Baina badaude beste proposamen batzuk, adibidez Ordizian, aspalditik, eta Agenda 21 baino lehenagokoa da, bidegorriaren proposamena. Ikastolaraino egin zen, baina Urdanetarainokoa ez. Zer gertatzen da? Proposamen batzuk ukitzen dituztela arlo asko, helduok kotxea erabiltzeko pribilegioarekin egiten du topo, adibidez. Eta egin dira gauza asko: peatonalizazioak, abidura murrizketak… Hori ere badator bat umearen protagonismoa ematera datozen egitasmoekin. Dena den, Eskolako Agenda bezalako proiektuek sinesgarritasuna izateko elikatu egin behar dira, eta elikatzea da ikasleek proposatzen dutena aurrera eramaten saiatzea.
«Eskolako Agendaren bidez edo antzeko proiektuen bidez, haurrari bere iritzia emateko aukera ematen zaio»
«Beharrezkoa da gertuen ditugun erakundeetan ideiak proposatzea, geroz eta gizarte jasangarriago bat izan dezagun»
«Minik handiena eman didana da autoritateen aldetik ez dela egon inongo erreparorik horrelako formen aurrean»
Bidegorria aipatu duzula, zuk bizikleta asko erabiltzen duzu. Autorik gabe bizi daiteke?
Bizi daiteke noski, baina badaude faktore batzuk baldintzatzaileak direnak, non bizi zaren eta non daukazun lana. besteak beste. Zaldibiako eskolan nengoenean, bizikletan joaten nintzen Ordiziatik, egunero-egunero, eguraldi ona egin, zein euria egin. Ingurugelara joatean, aldeko puntua izan zen trena zegoela. Banekien egunero ezingo nintzela trenez joan, irteerak egin behar nituelako, bilerak udaletxeetan… Eguna bizikletan hastea, opari bat da.
Goierrin adibidez, hainbat enpresek laguntzak eman dizkiete langileei lanera joateko bizikletak erosteko. Oso interesgarria da hori.
Sistemak laguntzen du koherentziaz jokatzen?
Ehuneko ehunean ezin da. Agian, lanera joateko kotxea behar dut, baina erosketak era arduratsuagoan egin ditzaket, hondakinen kudeaketa etxean hasi dezaket edo baratzeak erabili. Gero, beste gai bat oporrena da.
Oporrak?
Hegazkina hartu izan dudanean, erreflexioa egin, eta CO2 isurpenak ordaindu ditut. Denok egin dezakegu, baina baliabide ekonomikoetan pentsatuz merkeena nahiago izaten dute gehienek. Koronabirusaren krisia, osasun krisia bai, baina bestelako krisia ere bada, zeren mugikortasun handiko munduan bizi ginen. Lehen bezala jarraitu behar dugu? Orain, arazoak azaleratu dira; ez genuela osasun materialik, eta Txinatik ekarri behar izan dute. Hori, birplanteatu egin behar da. Osasun krisia hor dago, baina larrialdi klimatikoa ere hor dago, nahiz eta ez zaion hainbeste garrantzia ematen.
Eta nola egiten da hori?
Uste dut beharrezkoa dela gertuen ditugun erakundeetan ideiak proposatzea, geroz eta gizarte jasangarriago bat izan dezagun, alderdi sozialaz ahaztu gabe. Zeren ematen du ekologiaz edo ingurumenaz arduratzen edo kezkatzen garenok, alderdi sozialaz ez garela kezkatzen. Nik garbi daukat, gizarte jasangarriago bat ezin da izan ezberdintasun handiak dituen gizarte bat. Ezinezkoa da. Klaseen arteko ezberdintasunak gutxitzera jo behar dugu.
Eta garbi dago, baliabide ekonomikoek ere bizitza baldintzatzen dutela. Baina produktu ekologikoak erostea osasun inbertsio moduan hartu daiteke, eta gertukoak izanda, produktuen atzean dagoena kontutan hartzean datza, izan baserritarrak, nekazariak edo produktore txikiak, eta bertako ekoizpena bultzatzea.
Alarma egoeran azokekin gertatu denaz zer iritzi duzu?
Eusko Jaurlaritzaren debekuaren aurrean, eskerrak gizartearen mobilizazioei. Horrek esan nahi du gizartean badagoela aldaketarako pentsamendua eta ekintza. Gainera, bat etorri ginen nekazal sindikatuak, baserritarren elkarteak, natur eta ekologista taldeak eta dendari eta kontsumitzaile elkarteak. Batera helburua lortu zen, zoriontzekoa da!
Osasunaren ze kontzepzio dago hemen? Hipermerkatu batera erostera joan naiteke, eta azokara ez gertuko produktua eta hobea izanda? Non gelditzen da eskubide berdintasuna?
Azoken gaian bai, baina batasun hori ez da islatu izan esaterako Aralarko pisten auzian. Eragileen arteko desadostasunek egoera oso deserosoak sorrarazi dituzte. Zu zeu, Landarlan ingurumen elkarteko kide modura, jomugan izan zaituzte. Nola bizi izan duzu zuk hori guztia?
Minik handiena eman didana da autoritateen aldetik. Alegia, ez mankomunitatearen buru ohi eta nire herriko lehengo alkate zenaren aldetik, ezta aldundiaren aldetik ere, ez dela egon inongo erreparorik horrelako formen aurrean, eta jarrera horiekin bukatzeko ez dela eskaera garbirik egin. Eraso fisikorik ez, baina mehatxuak izan ditut, hitzezkoak, eta Aralarren dokumentala egiten ibili garenean, garai batzuetan, kontu handiz ibili gara, badaezpada.
Nik ez dut esaten arrazoi osoa dugunik, baina arrazoi parte handi bat badugu. Zeren guk gainera ez daukagu interes ekonomikorik, ez interes politikorik, gurea da interes orokorra, mendia, mendi publikoa izatea, eta ingurumena orokorrean. Baina tratatzen gaituzte azkenekoak izango bagina bezala.
Dena den, hortxe jarraituko duzu…
Bai, orain gainera, une gozoa bizitzen ari gara Landarlan elkartean, dokumentalarekin kultur proiektua aurrera doalako. Europako Natura 2000 sarietan irabazteko aukerak ditu, baina ez irabazita ere, guretzako saria da finalean egotea, beste 27 proiekturen artean. Sari banaketa Bruselan egingo dute urrian. Europar Batasunetik joateko gonbita jaso dugu.
Hortaz gain, atera dugu liburua, Garalar-Maralar ipuin bilduma… Ikasturte berriarekin eskoletan izango gara gure mezua zabaltzen. Agian ez oso ozen, baina gelditu gabe.
Hormigoitik naturan galtzera
Aktibista ekologista nekaezina, euskararen aldeko mugimenduaren parte, urteetan garatu duen kontzientziaren emaitza da Edurne Huesa Otegi (Donostia, 1959). Ideiak han eta hemen indartsu defendatzeagatik ezaguna, inor epel uzten ez duen emakumea da.
Bizitza Ordizian egin badu ere, Donostian jaiotakoa da, zazpi anaia-arreben artean zaharrena. Amara zaharreko pisuko balkoitik ikusten zuen hormigoizko paisaiatik ihesi, Alderdi Ederren zegoen laberintua zirudien lorategian galtzen zen abenturazale txikia, naturarekin kontaktuan.
Zazpi urterekin Ordiziako Buztuntza auzora bizitzera joan aurretik ere ezagutzen zuen herria, maiz bisitatzen baitzuen herriaren mugan, mendi aldera, bizi zuen amona. Mendian gora joanda zuen baratzea, zelai zabalez inguratua, hantxe egiten zuen korrika eta jolas. Gurasoekin beti izan zuten mendirako joera, Nafarroa aldera batez ere, Sakanakoa baitzuen familiak aita.
Auzoan briletean jolasten zen lagunekin, kalean, gaur egun autoak dauden tokian. Bizilaguna zuen irakasle baten laguntzarekin euskaraz bizitzeko bidea zuzen hartu zuen. Koherentziaren ezbaian, bizikletatik ez erortzeko, azkarrago edo polikiago, baina pedalei emateari utzi gabe jardun du bizitzan.
Hezkuntzan lehenik, ingurumen aholkularitzan ondoren, erretiroa hartu zuen duela urtebete, nahiz eta ez dion lan egiteari utzi, ezta utziko ere. Landarlaneko kide aktiboa izaten jarraitzen du.