Imanol Mercero • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Udara iristen denean ingurukoek irakurketa gomendioak eskatzen dizkidate, euren seme-alabentzat. Bihoa oraingoan eskatu gabeko irakurketa gomendioa, lerro hauetan murgildu nahi duenarentzat. Goierri abiapuntu, pentsatu dut Joxantonio Ormazabalen lana aldarrikatzea, euskal literaturaren ezinbesteko mugarria delako.
Zegamarrak egundoko lana egin zuen tradizioa gaurkotzen. Esaterako bere egokitzapenak dira Martixio asmatzailea, Urrestillako lau musikariak eta Makilakixki. Atera kontuak: gure haurtzaroko egokitzapen gehienak berak sinatuak dira. Nork ez ditu gogoratzen, oraintxe aipatutakoez gain, Hiru txerrikumeak, Lau anaia umezurtzak, Barbantxo edota Zapatari txiki ?. Ezinbesteko ekarpena izan zena memoria kolektiboa berreskuratzeko, izan dadila gure ondorengoen parte ere.
Tradiziozko iturriari dagokionez, ezin atal hau itxi aipatu gabe Lazkao txiki zein Antonio Bolas biografiak, eta Esaera zaharrak eta txiste berriak bezalako antologiak (lau bat guztira), barre egiteko ezin aproposagoak.
Narrazio propioetan Sugandila eta sukaldaria eta Ehun ipuin hitz gutxitan gomendatuko dizkizuet. Ezusteko polita hartuko duzue bere poesiarekin, esaterako Hiztegi jolastia eta Ilunorduak eta argilaurdenak lanekin.
Nahiago duenak denetatik pixka bat, Ormazabalek plazaratu zituen hiru bildumetatik Txoko txiki txukuna gomendatuko dizuet. Borobila da: 11 ipuin, 34 poema, 98 definizio ‘zoro’ dituen Barrehiztegia, eta 36 igarkizun, soluzioa marrazkiekin dutenak.
Itzulpenetan ere sekulakoa izan zen bere ekarpena, baina zerbait utzi beharko dugu hurrengo baterako; ez al zaizu iruditzen?