Bertako eta kalitatezko gozogintzari merezi duen tokia emateko sortu zuten Gozoa Gipuzkoako Artisau Gozogileen Elkartea duela bi urte. Bertako kide da Jose Mari Unanue (Ordizia, 1967), Ordiziako Unanue gozotegiko arduraduna. Gozogintzak bizi duen momentuaz aritu da, besteak beste.
Bizimodu osasuntsua eta gozoak eskutik joan daitezke?
Azken urteetan gozogintza etsai bihurtu dute, eta txarra denaren etiketa jarri diote azukreari. Uste dut, hori ez dela justua. Pentsatzen dut gozoa behar den neurrian hartuta ona dela. Produktuaren kalitatea oso kontutan hartzekoa da: artisau eran egindako gozogaia den edo ez; kalitatezko lehengaiak erabiliz eginda dagoen; zero kilometrokoa izatea. Egoera horri aurre egiteko sortu genuen Gozoa Gipuzkoako Artisau Gozogileen Elkartea lurraldeko hainbat gozogilek, duela bi urte. Euskal gastronomiaren familiako partaide garela ere aldarrikatzen dugu.
Elkartearen helburuak zeintzuk diren sakontzerik bai?
Artisau-gozogintzako produktuen ekoizle eta saltzaileak nolabait taldekatzea, euskal gastronomiaren familia zabalaren bikaintasun mailari eutsi ahal izateko. Etorkizuneko erronkei kolektiboki helduz, bertako gozogintzari merezi duen tokia ematea posibleago izango dela uste dugu. Azken finean, Gozoa osatzen dugun elkarteko kideen jarduerak bultzatu nahi ditugu, eta sektorearen interesak defendatu.
Hasieran esandakoaren haritik, nabaritu dugu, postrea jatea jada ez dagoela modan; hau da, aukerakoa da, iraganean ez bezala. Guk postrea eta gozoak berriz ere gure otorduen parte izatea nahi dugu.
Eta nola egin aukerakoa ez izateko?
Jendeak galdu egin behar dio beldurra artisau-gozoak kontsumitzeari. Alde batetik gure lau produktu onarrizkoak, alegia arrautzak, esnea eta eratorrikoak, irina eta azukrea gizakiaren elikadura kulturaren osagai nagusia izan direlako milaka urtetan. Eta bestalde, gure produktuen lanketa oso gertukoa delako, iraunkortasunaren irizpide zorrotzetan gauzatzen da.
Egiten duzuen lana eta produktuak ezagutzera emateko, eta aipatutako helburuetara iristeko asmoarekin, hainbat ekintza antolatu dituzue bi urteotan.
Bai, hala da! Azokak eta ikastaroak antolatu ditugu. Webgune bat ere badugu elkarteak sortzen duen informazioa zabaltzeko. Oraintxe ez gaude oso aktibo, baina hasitako bideari jarraipena emango diogu, gozogintzaren munduari ganorazko bultzada eman nahi baitiogu.
COVID-19aren krisiak zein eragin izan du negozioan?
Gogorra izaten ari da, eta eguneroko martxan eragin handia izan du. Hori bai, etxera eramateko kafeen salmentan nabaritu dugu gorakada. Baditugu bezero oso fidelak, eta establezimenduan bertan kontsumitu ezin izan denean, etxera eramateko eskatzen ziguten. Horretaz gain, nabaritu dugu konfinamenduan egon garen bitartean, palmerak, pastak eta antzeko produktuak ondo saldu direla, bai meriendatzeko bai gosaltzeko.
«Etorkizuneko erronkei kolektiboki helduta, bertako gozogintzari merezi duen tokia ematea posible izango da»
«Postreak eta gozoak berriz ere gure otorduen parte izatea nahi dugu; gaur egun aukerakoa da, iraganean ez bezala»
«Festetan erakusleihoa modu berezian apaindu izan dugu. Baina aurten ez dugu egin, ez baita ospakizunetarako unea»
Tradizio handiko gozotegia da Unanue, ibilbide luzea egin duzue sektorean.
Aitona Antoniok sortu zuen 1934an. Hasieran, La Confianza izena zuen eta Ordiziako Santa Maria kalean zegoen, Martinez tabernaren ondoan. Oinetxean jaio zen aitona, Ordizian, baina zoritxarrez ez zen goi mailako familia batekoa, eta gaztetatik bizitza aurrera ateratzen ikasi behar izan zuen. Lanbideren bat ikasi behar zuenez, Ordiziako Imaz gozotegian hasi zen lanean eta ondoren, probintziako beste hainbat gozotegitan ezagutza gehiago hartzen joan zen. 1920ko hamarkadan, Donostiara joan eta Europako sukaldari onenekin ikasten jarraitzeko aukera izan zuen.
Ondorengo belaunaldiek, familiako negozioari jarraipena eman diogu. Aitak eta osabak hartu zuten ondoren negozioaren ardura, eta orain ni nago.
Nork erakutsi zizun zuri ofizioa?
Familiako negozioa izanda, txikitatik gozo artean ibili naiz. Lan askoko egunetan, etxeko guztion laguntza behar izaten zen, eta beraz, umetatik, ikasten joan naiz ofizioa. Aitonarekin lehenengo, eta aitarekin ondoren.
Ospakizun askotako partaide zaretela esan daiteke, urtebetetzeak direla, bataioak, ezkontzak, festak…
Bai, ospakizun horien guztien parte izan gara nolabait urte hauetan guztietan gurean egindako produktuen bidez. Pozgarria da ikustea jendearentzat hain bereziak diren, eta gozatzeko eta ongi pasatzeko diren egun horietan, gure produktuak aukeratzen dituztela.
Aurten, ordea, oso desberdina izaten ari da. Orain dagoen egoerarengatik, horrelako ospakizunek behera egin dute nabarmen, bertan behera geratu baitira horietako asko eta asko.
Gauza bera gertatu da Ordiziako Santa Ana festekin ere. Egoera normalean, jaiak ospatzen egongo zinatekete ordiziarrak. Nolakoak izaten dira egun horiek zuentzat?
Jaietan lan asko egiten dugu. Etxe eta jatetxe askotan egiten dira familia eta kuadrillen bazkariak, baina hori aurten ez da beste urte batzuetan bezala izango. Urtero, erakusleihoa modu berezian apaindu izan dugu. Baina aurten ez dugu egin, uste dugulako, ez dela ospakizunetarako unea. Jende asko oso gaizki ari da pasatzen osasun krisiarengatik eta errespetua adierazi nahi diegu horrela.
Horrelako ospakizunetan, zeintzuk dira zuen produktuen artean izarrak? Tximistargiek –relampagoa– eta bonbek, esaterako, fama handia dute.
Betiko pastelak dira relanpagoak eta bonbak. Horiek, eta hostopilak –milhoja–, sagar pastela eta merlitoia dira gehien saltzen direnak. Jendeak aspalditik ezagutzen ditu, gustuko ditu eta nahiz eta bistara oso deigarriak izan daitezkeen pastel berriak sortu, gure bezeroek aukeran nahiago dituzte betiko pastelak. Besteak saldu saltzen dira eta jendeak probatzen ditu, baina jendeak betikoei heltzen die.
Zein da sekretua?
Gogoa jartzea, mimoz egitea. Horixe dago gakoa.