Jose Antonio Goiburu • Olaberria
Olaberrian ere ez ginen gutxiago. Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Olaberrian ere izan zen dantzari talde bat. 1964. urte inguruan sortu zuten dantza taldea, Imaz herriko maisuak, Santi Apaolazak eta Jose Mari Iparragirrek, nik 20 bat urte nituenean. Hori bai, mutilek osatutakoa zen; neskarik ez zen taldean.
Ihurre auzoko lokaletan aritzen ginen dantzatzen eta entseguak egiten, gehienak auzo horren ingurukoak baitziren. Dantza ugari ikasi genituen, besteak beste, makil dantza dantzatzen genuen. Ez zuen ibilbide luzerik izan dantza taldeak, ez dakit zenbat urtez iraun zuen zehazki, urtebete, bi.. hiru gehienez. Baina hori da gutxienekoa. Garrantzitsua izan zen dantza taldea herriko gazteontzat, euskal kulturan barneratzeko aukera ematen zigulako dantzak. Horrezaz gain, herriko gazteak lagun arte ederrean elkartzeko topalekua ere bazen garai hartan dantza taldea. Ederki pasatzen genuen talde giroan.
Hala ere, oker ez banago, herritik kanpora ez ginen gehiegi atera. Ihurren bertan eta Olaberriko festetan egin genituen dantza ikuskizunak. Urrutien Legorretara joan ginela gogoratzen naiz, makilak eta ezpatak hartu eta zuri-zuri jantzita, txapela eta gerriko gorriarekin. Oinetan, berriz, apreta zuriak, lazo gorriekin.
Dantzari eta txistulari kuadrilla
Dantzariak olaberritarrak baginen ere, txistulari batzuk zaldibiarrak ziren. 1964an ateratako argazkia da Olaberriko dantza taldearen lekuko bakarrenetako bat. Zutik, ezkerretik eskuinera, Arizkorreta Zaldibiako txistularia, Olaberriko txistularia, Zaldibiako Patxi Iruin txistularia, Zudaire, ni neu (Jose Antonio Goiburu), Angel Andueza eta Antonio Gurrutxaga txistularia gaude.
Makurtuta, berriz, ezkerretik eskuinera, Santi Munduate, Jesus Serrano, Jose Mari Iparragirre eta Jose Mari Imaz dantza irakasleak, Urbieta, Inaxio Zumeta eta Jose Ignacio Aranburu.