Jakina da Euskal Herriko ipar-isurialdea burdinolaz josita egon dela Erdi Aroaren amaieran eta Aro Modernoan, hain zen garrantzitsua burdinaren industria gure ekonomian. Meatze inguruko herrietan (Arrasate, Berastegi, Hernani, Legazpi, Zestoa…), esaterako, esan liteke ez zegoela erreka-zatirik burdinola edo erroten elementurik gabe. Legazpin, hala, Urolaren jaiotzetik ia (Aitzondoko basoan) Urretxuko mugaraino bitartean, burdinolak bat bestearen atzetik lerrokatuta zeuden: burdinola, presa, aldaparoa, burdinola… etengabe. Ziur ez badakigu ere, pentsa liteke zortzi kilometroko tartean hamalau burdinola ibili zirela garai batean. Nahita ere gehiago ezin. Urolak ez zuen gehiagorako ematen.
Idiazabal inguruan, berriz, meatze garrantzitsurik ez zegoenez, burdinola kopurua ez zen hain handia, baina, hala ere, dokumentazio zaharretan zazpi burdinola ere aipatzen dira Oria errekak udalerrian dituen zortzi-bederatzi kilometroko tartean, eta ez da gutxi.
Artikulu honetan nabarmenduko dugun burdinola, ordea, ez dugu agiri zaharretan topatu, seguruenik oso zaharra delako eta oso goiz utziko ziolako burdina lantzeari. Ez dago, gainera, Oria errekaren ibilguan, bere adarretako batean baizik, Lazkaoaldeko Irumugaeta menditik behera datorren errekaren ondoan, hain zuzen. Baserriaren izenetik jakin dugu inguru horretan burdinola bat gutxienez egon behar zuela eta bertan egindako prospekzioek uste hori baieztatu digute. Baserritik oso metro gutxira eskoriak daude eta horrek garbi adierazten du bertan burdina ekoitzi izan dela. Gaur egun Masuka izenez ezagutzen da eta lehenago Matsucozirardi eta Masucacirardi izenez. Kanpotik ez du ohiko burdinola baten ezaugarririk, baina, dudarik gabe, balizko arkeologia-gune izendatzeko ezaugarriak betetzen ditu.
Mazo, mazokari eta zirar
Baserriaren izena oso gardena da. Honako esanahia dauka: ‘burdinolen eskoria-pila edo zepadia’. Osagai horiek dituzten leku-izenak ohikoak dira burdin-meatze inguruetan. Ez hori bakarrik, Legazpiko meatze-barrutiko paraje bati egindako 1483ko aipamenean izen berbera ikus dezakegu: Masucaçirardy de Otannu, eta han ere eskoria-pilak ez dira falta. ‘Mazo’ eta ‘masucari’hitzak burdinolei lotuta azaltzen zaizkigu aspalditik, lekukotza hauek erakusten duten bezala: «Que avemos ferrerías masuqueras e otras de maço de agua» (1335), «calçes viejos de masucariola» (1532). Gaineratu liteke, halaber, Asturiasen ‘mazu, mazucu, machuco’ hitzek burdinolei erreferentzia egiten diela. ‘Zirar’ eta ‘zirardi’ izenekin gauza berbera esan dezakegu. Hortxe dugu, esaterako, Zeraingo Xierdi baserria Aizpee barrioan, zepadiak ugari diren ingurumarian.
Hortaz, eta bukatzeko, adibide honekin ikusten da, beste behin ere, gaur egunera iritsi diren izenak garai bateko errealitatea interpretatzeko bide ezin hobeak izan daitezkeela.