Arantxa Etxeberria (Ataun, 1956) erizainak Ormaiztegin eta Idiazabalen lan egin du, 41 urtez. Ekainean hartu du erretiroa. Bere izaeragatik eta ofizioa ulertzen duen moduagatik, estimu handian dute Goierriko bi herri horietan. Urte hauetan guztietan, pazienteei entzuten eta beraiei behar zuten guztia eskaintzen saiatu da.
Non jaio zinen?
Ataungo San Gregorio auzokoa naiz. Artilakoa, Sutegi ondoko etxekoa. Etxeak han jarraitzen du eta nire gurasoak bertan bizi dira. Nire ama oso saltsera da. Berak ez zuen ikasteko aukerarik izan eta ikastera bultzatu gintuen. Hiru neska eta bi mutil gara, eta hiru ahizpok ikasketak egin genituen.
Urte asmo daramatzazu Ataundik kanpo.
17 urterekin Donostiara joan nintzen, Erizaintza ikastera. Nire senarra Pasai Antxokoa da, eta han bizi izan ginen. Alaba zaharrena han jaio zen. Nire garaian, egun bezala, zerrendatan jartzen gintuzten. Ormaiztegira etortzeko aukera eman zidaten. Garai hartan, bertan bizitzea eskatzen ziguten, 24 orduetan eskuragarri egon behar baikinen. Pasaia inguruko tailerrek egoera txarra bizi zutenez, etortzea erabaki genuen.
Asko aldatu al da zuen lana ordutik?
Lehen asistentziari ematen zitzaion garrantzia. Ez zegoen larrialdi zerbitzurik eta ez genuen jai egunik. Asteko zazpi egunetako 24 orduetan eskuragarri egon behar ginen. Egun, lan gehiago egiten dugu, baina gure lanbidea ez da hain lotua. Gure belaunaldikook gauzak aldatzeko borrokatu ginen. Prebentzioaren, informazioaren eta heziketaren alde egin genuen. Paziente bat etortzen zenean, bere bizitzaz kezkatzen ginen, gertatzen zitzaionaren arrazoiak jakiteko. Lan egiteko modu horrekin harremanak oso ezberdinak dira. Konfiantza lortzen da eta hori bi aldeentzat aberasgarria da.
Nola lan egin zenuten?
Goierri aldean, gure adinekoak eta elkar ezagutzen genuenak, herri ezberdinetan egon ginen lanean: Zaldibian, Itsasondon, Legorretan… Guztiok antzeko pentsaera genuen eta Ormaiztegiko sendagilea (Maixabel Irizar) ere gure ildokoa zen. Guztiok aldaketak egitearen alde geunden, eta goitik aldatzeko agindua heldu aurretik, aldaketak egin genituen. Jendeari bere osasuna zaintzen irakatsi genion. Osasuna ez da gaixo ez egotea, baizik eta oreka fisikoa, emozionala eta soziala izatea.
«Gure belaunaldikook prebentzioaren, informazioaren eta heziketaren alde lan egin genuen»
«Denok behar dugu espazio bat entzunak izateko eta gauzak beste modu batera ikusteko. Horretan saiatu naiz»
Zenbat urte eman zenituen Ormaiztegin?
15. Ni heldu nintzenean zegoen sendagilea Idiazabalera etorri zen eta bere ordez etorri zena antzinako eskolakoa zen. Baina gure ikuspegia, pixkanaka, txertatzen joan zen.
Ormaiztegitik Idiazabalera etorri zinen.
Nire lanbidea asko gustatzen zait eta ikastaro asko egin ditut. Jaurlaritzak eskuduntza hartu zuenean, aurkeztea erabaki nuen. Izan ere, banekien gure lan egiteko modua ezarriko zutela eta gainera plaza finkoa nahi nuen. Lanean urte dezente neramatzanez eta nota ona lortu nuenez, plaza lortu nuen. Ordurako Idiazabalen bizi ginenez, Idiazabalera etorri nintzen lanera. Gainera, banekien hemen lan dezente zegoela. Hemen Maixabel Irizar medikuarekin elkartu nintzen berriro. Bikote baten moduko harremana izan dugu: konfiantza eta segurtasun handiarekin lan egin dugu elkarrekin. Niri iritziak onartu ditu.
Gustura egon al zara Idiazabalen?
Bai. Batzuetan estres dezente izan dugu, baina nire gustuko lana da eta ahal dudan guztia eman dut. Jendea nirekin gustura egon dela uste dut.
Zure borondatez hartu al duzu erretiroa?
65 urte datorren urtean betetzen ditut eta 65 urte bete arte jarraitzeko asmoa nuen, baina urte hasieran osasun arazo bat izan nuen. Bertigoak eta mareoak izan ditut, nire ustez estresaren eraginez, eta asko kosta zait errekuperatzea. Gainera, COVID-19a heldu da. Ez nuen erretiratu aurretik beste mundura joan nahi eta erretiroa hartzea erabaki dut. Baina nire lana asko gustatzen zait eta oso gustura lan egin dut.
Zergatik duzu horren gustuko?
Ematea gustatzen zait eta orain nire buruari ematea dut erronka. Erizaintza ofizialaz gain, beste arlo batzuk ukitu ditut: akupuntura, reikia… Terapia alternatibo asko egin ditut eta erizaintza ofiziala uztekotan egon nintzen. Jarraitzea erabaki nuen eta hortik kanpo ikasitakoa txertatu nuen, ahal zen neurrian. Terapia alternatiboei esker, jendeari laguntzeko erreminta gehiago izan ditut. Beharbada, hemendik aurrera, terapia alternatibo horiei denbora gehiago eskainiko diet.
Idiazabalgo herriari zer edo zer esan nahi al diozu?
Oso gustura egon naiz eta ondo moldatu gara. Pertsonen beharrak ikusten eta behar horiei erantzuten saiatu naiz. Bakoitzari behar duena eskaini behar zaio. Askotan, hitz egitearekin bakarrik, asko laguntzen da. Askok anbulatoriotik kanpo beste kontsulta bat jarri beharko nukeela esan didate. Denok behar dugu espazio bat entzunak izateko eta gauzak beste modu batera ikusteko. Horretan saiatu naiz.
Hemendik aurrera denbora libre asko izango duzu. Erabaki al duzu zer egin behar duzun?
Oraindik agenda bat banu bezala bizi naiz eta lotura horrekin bukatu nahi dut. Bestalde, baratze txiki bat dut, gurasoak adinekoak dira… Denbora betetzea ez zait batera kostatzen.