Xabier Aldanondok (Segura, 1967) ia aldi berean ikasi zuen oinez eta bizikletan. Umea zela hasi zen bizikletan ibiltzen eta oraindik ez da aspertu. Bidean, sei urte egin zituen onenen artean eta Seulgo Olinpiar Jokoetan ere izan zen. «Errepidea ezin da engainatu», dio. Hortaz, heldu den lekuraino heldu bada, trebezia handia duelako izango da. «Buruz gogorra ere izan behar da, nahiz eta nekatuta egon aurrera segi egin behar delako». Lezio hori ikasi du.
Nork erakutsi zizun bizikletan ibiltzen? Noiz?
Ez, ez dut gogoan. Txiki-txikitatik gustatu izan zait, eta betidanik izan ditut bizikletak. Lehiatzen hamahiru urterekin hasi nintzen, infantil mailan.
Zer du bizikletak horren gustagarria izateko?
Bidaiatzeko eta leku batetik bestera erraz joateko tresna ona da. Eta jolas egiteko ere bai.
Federatu zinenean, lasterketak lehia ala jolasak ziren?
Jolasa. Akordatzen naiz lagun talde bat apuntatu ginela karrerak korritzera, baina jolasean ibiltzen ginen.
Hasierak nola gogoratzen dituzu?
Oso gaizki ibiltzen ginela gogoratzen dut. Ez dakit, entrenamendu falta-edo izango genuen. Lehenengo urteetan ez genuen garaipenik lortu, baina apurka- apurka lortu nuen ihesaldietan sartzea eta, geroago, lasterketaren bat irabaztea. Jubenil mailan txukunxeago egin nuen, eta orduan hasi nintzen txirrindularitza serioago hartzen.
Garai haietan profesional izatera helduko zinela esango balizute…
Gustatuko litzaidake, baina ametsak ziren. Beti duzu esperantza hobetu eta emaitza onak lortzekoa. Ona izateko esperantza beti izaten da, adin horietan gehiago, dena posible ikusten delako.
Gora iristeko ordu asko sartu beharko zenituen.
Txirrindularitza oso kirol sakrifikatua da. Bizikletaren gainean ordu asko sartu behar dituzu, eta gainera, beste faktore asko daude: eguraldia, argia, errepideak… Denbora asko eskaini behar zaion kirola da. Gaztetxoetan gutxiago, baina hamazazpi edo hemezortzi urterekin egunero-egunero hiru ordutxo eskaintzen nizkion. Hiru ordu kalean.
Eguneroko ardurak eta txirrindularitza ongi uztartzen zenituen?
Gustatuz gero, denbora ateratzen da. Estu ibiltzen ginen, hori bai: eskolak, entrenamenduak eta dena egiteko, handik eta hemendik denbora atera behar. Denera ezin iritsitako garaiak dira, baina gustatzen zaizunean eta emaitzek laguntzen dutenean, errazago eramaten da dena.
Ikasketekin ongi moldatzen zinen?
Afizionatuetan nenbilela Ingeniaritza teknikoa ikasi nuen. Hiru urte eman nituen unibertsitatean. Profesional izatera jauzi egin nuenean utzi egin nuen. Hori bai, profesional izateari utzi nionean falta nuen urtea egin nuen.
Emaitza onak lortu zenituen, kontuak kontu. 1988Ko Seulgo Olinpiar Jokoetarako hautatua izan zinen. Nolatan?
Pausoak ematen joaten zara: jubeniletako lehen urtean pistako mundiala lehiatu nuen. Bigarren urtean errepidekoa egin nuen, bai erlojuaren aurka eta bai lineakoa. Apurka, ezaguna izaten hasten zara eta tokia egiten duzu. Afizionatuetara jauzi egiterakoan jarraitzeko zortea izan nuen eta beste bi mundial lehiatu nituen. Urte olinpikoa tokatu zen, eta hautatu zituzten lauetako bat izan nintzen.
Olinpiar Jokoetan lehiatzea polita izango da.
Oso polita. Sekulako esperientzia zen niretzat. Nik 21 urte nituen orduan eta dena oso animatuta egiten nuen. Gainera, nire proba lehen egunean izan zen, taldekako erlojupeko proba. Itzulera hamar egun geroago genuen eta oporretan izan nintzen, beste probak ikusten. Oso gustuko esperientzia izan zen.
Talde baten izenean edo selekzio baten izenean lehiatu, badago alderik?
Talde batekin urte osoan lehiatzen duzu, baina selekzioarekin karrera bakarra. Hori da alderik handiena. Askoz urduritasun gehiago izaten duzu.
Eta hautatua izateak presioa ez du gehitzen?
Ez. Presioa aurkariek jartzen dute. Selekzioarena pixkanaka asimilatzen joaten zara, prozesu bat delako. Tokia duzun edo ez ikusi egiten duzu.
Bidean aurkari gogorrekin egingo zenuen topo.
Beti edukitzen genuen jende zaharragoaren aurka lehiatzen genuenaren errezeloa. Guk 20-21 urte genituen, eta beste jendea ikusten genuen askoz helduagoa: 25, 27, 30… gaztetxo batzuk ginela iruditzen zitzaigun haien aurka lehiatzeko. Garai hartan profesionaletara jauzi egiten ez zuena afizionatuetan gelditzen zen nahi adina urte. Gainera, ekialdeko herrialdeetan ez ziren profesionaletara igarotzen, eta orduan beti ziren afizionatuak. Gaur egun aldatu da hori.
Aurkariak lagun bihurtu dira?
Asko eta asko. Denbora asko igarotzen da elkarrekin, eta askotan limiteko egoeratan. Aurrean zabiltzanean irabazteko dena ematen zoazelako, eta atzean zoazenean iristeko lan egin behar delako, egoera gogorrak dira. Askotan atzekoan sufrimendua ez da ikusten, baina nahikoa lan izaten da helmugara iristen. Karrera batzuk amaitzea ez da erraza izaten. Eta itzulietan biharamunean berriz errepidera irten behar da. Azkenean urte osoan ibiltzen zara elkarrekin mundu osoan zehar.
Txirrindularitza talde kirola izan arren ez al da bakartia?
Bakartia da, baina taldea beharrezkoa da. Bakarrik egonda ezinezkoa da talde oso bat garaitzea. Hori bai, talde barruan indartsuena izan behar zara liderra izateko. Eta zortea ere izan behar da.
Zu talde gizona izan zinen. Morrontza lana egitea egokitu zitzaizun.
Ez genuen irabazteko balio. Parean hobeak ziren txirrindulariak tokatu ziren eta ahaleginak egin arren ez nintzen iristen. Errepidea ez dago engainatzerik. Hanketan kilometro asko daramatzazunean eta limitera ailegatzen zarenean, onak aurrera egiten dute eta txarrek atzera.
Morroiena esker oneko lana da?
Profesionaletan egon nintzenean oso talde ona eduki genuen eta karrerak disputatzeko jendea genuen. Morrontza lana liderrek eskertu egiten zuten, bazekitelako irabazteko behar gintuztela. Halere, gero bakarrak irabazten du eta oso zaila da lana errematatzea.
22 urterekin fitxatu zenuen ONCErekin. Besteak beste, Marino Lejarreta izan zenuen taldekide. Handien alboan korritzeak bertigoa ematen du?
Errespetatua sentitu naiz beti. Hasieran inpresionatzen zaitu apur bat, baina azkar egiten zara guztien laguna. Taldekideak gara azken finean, eta zu baino hobeak izan arren, zure beharra ere badute. Lehiaketan ez da bat edo bestea, talde bezala funtzionatzen da.
Afizionatuetan liderra izatetik morrontza lanetara erraz aldatzen da?
Garbi ikusten da ingurukoak gehiago direla, azkarrago doazela, eta ezin duzula irabazi. Denentzat egoten dira aukerak eta oso ona bazara aurrera joateko aukerak izango dituzu. Beste kontu bat da gaitasuna baduzun.
Estimu berezia diozun oroitzapenik baduzu?
Ezetz esango nuke, baina urte oso politak izan ziren. Orain hemezortzi urte izango banitu gustatuko litzaidake berriz txirrindulari izatea. Bidaiak, bizi nuen guztia, egindako lagunak…
Goi mailako lehiak bizitzan erabilgarria zaizun ezer irakatsi dizu?
Berezkoa pixka bat izan behar da, baina saiatzen ikasten duzu. Errez kikiltzen zarena bazara zaila da aurrera egitea. Buruz gogor xamarra izatea beharrezkoa da, nahiz eta nekatuta egon aurrera segi egin behar delako. Beste arlo batzuetan aplikatu dut hori.
Buruak nolako lana egiten du bizikleta gainean?
Momentu txar asko izaten dira, gehienbat osasun aldetik oso indartsu ez zaudenean. Besteei ezin jarraitu ibiltzea gogorra da.
Bizikleta gainean beldurrik sentitu duzu?
Esprintetan bai, esprintetan beldurra pasatzen nuen. Telebistan oso erraz ikusten dira, baina pelotoi barruan zoazenean balaztada asko izaten dira eta erraza da albokoarekin trabatu eta erortzea. Jaitsieretan, aldiz, ez nuen batere beldurrik sentitzen.
Frantziako Tour bat korritu zenuen.
Tourrean onenak elkartzen ziren eta azkarren bertan joaten zen. Etapak oso garesti saltzen ziren, eta denboraldia salba zezaketen. Antolakuntza aldetik ere, diferentziarekin, onenak ziren. Halere, hiru asteko itzuliak oso gogorrak ziren. 21 egun lasterketan sartuta luze egiten zen eta azkeneko astea kosta egiten zen. Bizikleta gainean ez negoen denbora osoa deskantsuan egoten nintzen.
Sei denboraldi egin zenituen profesionaletan. Uztea erraza izan zen?
Asimilatzen joaten zara eta argi nuen nire garaia amaitu zela. Gehiago kosta zitzaidan bizimodu berrira moldatzea: ia 30 urtera arte bizitza tipo bat izan nuen eta gero bizimodu errealera itzuli behar zara. Salto handia da hori.
Txirrindularitzan ez dago erretiratzeko adina diru.
Nire inguruko denak gerora lanera joan dira.
Txirrindularien lan baldintzak hobetu edo txartu egin dira?
Egoera okerragoa da. Nire garaian Espainia mailan zortzi edo hamar talde profesional zeuden, baina gaur egun bakarra dago. Egun profesionalak direnek nik izan nuena baina soldata hobea izango dute, baina zailagoa da iristea. Erdibideko taldeak, ekonomikoki, ahulagoak dira orain.
Loinaz Txirrindulari Elkartean zabiltza, gazteekin. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Gazteak etortzen dira, baina horrenbesteko eskaintza egonda soberan ez gabiltza. Euskal Herri mailan, behintzat, justuago dago txirrindulari kopurua dauden lasterketak baino.
Goierrik txirrindulari profesional asko eman ditu. Zergatik?
Kultura dago gurean. Afizio handia dago eta karrera asko daude inguruan. Horrek berak bultzatzen du.
Gurpilak: jolasa eta lana
Aldanondok ibilgailuak konpontzeko tailer batean egiten du lan. «Mekanika kontuak beti gustatu zaizkit. Mekanika baino gehiago, eskulana». Bizitza osoa gurpilen artean. Segurarrak bizikleta gainean 300.000 bat kilometro egin dituela kalkulatzen du. «Profesional garaian 30.000 eta 33.000 kilometro artean egiten nituen. Sei urte igaro nituen profesionaletan, bada, 180.000 inguru. Beste horrenbeste gazte mailetan eta erretiratu ostean… atera kontuak». Lurrari 23 itzuli baina gehiago.
Goierrik mundu mailako txirrindulari asko eman ditu. Aldanondok dio zaletasun handia dagoelako dela. «Zikloturismoa oso indartuta dago. Errepideak ez dira oso onak, trafiko handia dagoelako. Parajeak, ordea, bikainak dira». Gazte garaian Larraizko buelta egiten zuen gustura, eta Nafarroa aldera ere joaten zen. Orain nahiago du mendi bizikletarekin basora joan. «Mendia ere gustatzen zait. Beste esfortzu mota bat da, teknikoagoa, eta lagunekin gustura joaten naiz». Halere, nahi baino gutxiago joaten da. «Gutxienez, astean behin joaten saiatzen naiz. Baina izan ditut garaiak bizikleta erabat alboratu dudala. Ez ez nuelako ibili nahi, denborarik ez nuelako».
Sekula ez du alboratu txirrindularitza. Loinaz Txirrindulari Elkartean ibiltzeaz gain, eliteko probak gertutik jarraitzen ditu. Tourreko garailea nor izango den ez du apostu egin. «Tourrera inor ez doa denbora pasa. Taldeek asko dute jokoan». Hiru asteko itzuliek xarma berezia dutela aitortu du, Tourrak bereziki.
Bizikletan gozatu arren, sufritu ere egin du. «Momentu txar asko izaten dira». Guztiaren gainetik, ordea, Aldanondorentzat txirrindua «jolasa» da.