Gorka Irizar (Beasain, 1994) ikus-entzunezko komunikazioan dabil, eta hainbat zinema proiektutan parte hartu du. Horietako batzuk Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan dira.
Zertan datza zure lanak?
Zinema, telebista eta publizitate arloko arte departamentuan ibiltzen naiz gehienbat. Eraikitze lanetan, hau da, grabatu behar diren dekoratuak eraikitzen; ondoren, grabaketarako behar diren elementuak eramaten ditut; eta filmatze prozesuan atrezzista gisa. Grabaketetan erabiltzen diren elementu fisikoak (armairuak, lanparak, pertsonaien elementuak…) kudeatzen dituen langilearen laguntzaile bezala ibiltzen naiz.
Nola sortu zitzaizun aukera?
Gradu amaierako lana entregatu aurretik lagun baten bidez sartu nintzen mundu honetan, atrezzo laguntzaile moduan, orain dela hiru urte. Lagun honi beste lan bat sortu zitzaion. Bera lanean zebilenez, nire izena proposatu zuen eta orduan hasi nintzen. Geroztik, etengabe ibili naiz lanean, hilabete batzuk salbu. Hasi nintzenetik kontaktu asko egin ditut; lehenengo proiektu hartan ezagutu nituenei esker lan gehiago lortzen joan naiz.
Zein filmetan hartu duzu parte?
Nire lehenengo lana Netflix-eko La Victima numero 8 telesaila izan zen. Ondoren, Agur Etxebeste filman egon nintzen eraikitze lanetan. Amaitu ondoren, Ventajas de viajar en tren, Akelarre, Hil Kanpaiak, Gasteizen grabatu den Ane, eta azkenik, Amazon plataforman ikusiko dugun El Internado telesaila. Egun, Altsasuko gazteen inguruko telesail labur batean gabiltza. Horrez gain, beste hainbat proiektu txikietan parte hartu dut.
‘Ane’, ‘Hil Kanpaiak’ eta ‘Akelarre’ Zinemaldian estreinatu dira. Zenbateko garrantzia du maila horretako erakusleiho batean agertzeak?
Nahiz eta nire lanpostuak ez izan hainbesteko garrantzirik, nolabaiteko harrotasuna ematen dizu film horiek Zinemaldirako aukeratu izanak, kalitatezko lana egin izanaren aitorpen moduko bat da. Hala ere, niri ez dit horrenbeste eragingo. Maila pertsonalean ematen diozu garrantzia. Niretzat garrantzitsua da, sari moduko bat, alegia. Sariren bat irabaziko bagenu, agian, profesionalki ere prestigioa irabaziko genuke.