Herritarren gogoan agian lausotu den hirugarren trenbide bat izan zuen Goierrik: Zumarraga-Maltzaga. Norteko trenbidearen (gaur egun zerbitzuan) eta Urolako Trenaren alboan, Zumarragako Geltokietako Plazan zuen estazioa –eta bukaera– trenbide hark ere. Baskongadoa deitua, 1971n itxi zuten.
XIX. mendearen bukaeran, Bilbao eta Donostia ez zeuden trenez lotuta, gurdiz eta diligentziaz baizik. Gauzak zein pertsonak garraiatzeko Mirandako buelta luzea egin behar zen. Halako bidaia handia ekiditeko, Ferrocarril Central de Vizcaya enpresa sortu zuten 1882an, Bilbo-Durango trenbidea egiteko. Arrakasta ikusita, trenbidea luzatzea erabaki zuten, Zumarragaraino. Modu honetan Donostiarako bidea asko mozten zen, Eibar-Soraluze-Bergara-Zumarragan barrena.
Lau zatitan eraikia
Trenbidea lau zatitan eraiki eta zabaldu zuten: Durango-Zaldibar (1887ko uztailaren 1ean irekia), Zaldibar-Elgoibar Karkizano (1887-9-22), Maltzaga-Bergara (1888-7-1) eta Bergara-Zumarraga (1888-8-26). Elgoibar – Donostia beste zatiari geroago ekin zioten, eta 1901ean ireki zuten. Azkenik, 1906 urtean konpania guztiak batuta Ferrocarriles Vascongados enpresa sortu zuten, sarea ustiatzeko. Orduan, lerro nagusia Bilbo-Donostia izan zen eta Maltzaga-Zumarraga adarra.
Trendidea Maltzagan banatzen zen bitan, Ego erreka gaineko zubian. Eskuinerantz hartzen zuen Zumarraga aldeko trenbideak. Maltzaga (bi trenbideen erdian), Soraluze, Osintxu, Mekolalde (Vasco-Navarro Trenaren lotunea, Lizarrara), Bergara, Uzarraga, Amilleta (izen bereko baserri ondoan, Antzuolan) eta Zumarraga zituen geltokiak.
Hamabi tunel zituen, bestetik. Deskarga mendiaren azpikoak 618 metro zeuzkan. Oraingo autobideko tunelaren alboan sartzen zen Antzuola aldean, eta Urretxuko asfaltu lantegia dagoen lekuan zeukan irteera, beste aldean.
Gaur egun, Maltzaga-Zumarraga trenbidea desagertuta dago. Beste adarra indarrean dago, Eusko Tren enpresa publikoak kudeatua. Zati askotan, ordea, trenbidearen aztarnak agerikoak dira, eta bidegorria egokituta dago beste toki batzuetan. Aldundiak 2007an lurrak, geltokiak eta zubiak erosi zizkion FEVEri, Bergara-Urretxu bitartean trenbide zaharra bidegorri bihurtzeko.
1893ko uztailaren 14an tren bat bidetik irten eta amildu zen, Antzuolako geltokitik Zumarragarantz irten zenean. Baskongadoetako azkeneko trena 1971ko otsailaren 28an irten zen, 11:37an, Zumarragako geltokitik. Behin betiko 1975ean itxi zuten trenbidea.