Ezohiko garaian, baina beti bezala Ordiziako Proban izango da Iñaki Azantza Telletxiki (Zaldibia, 1959) argazkilaria, urriaren 12an. Testigantza grafikoa jasoko du, aspalditik errepide ertzetik eta 2004tik mototik –2017an utzi zuen hori, istripu larri baten ondoren– egin bezalaxe. Probaren ia mende beteko historiaren lan bat taxutzen ari da, etxe ondoko txirrindularitzatik mundu zabaleko probetara pareko balioa aldarrikatuz.
Iñaki Azantza Telletxiki zein da? Non dituzu sustraiak? Non jaioa zara?
Garai hartako goierritarren %90 bezala, Beasaingo San Migel klinikan jaio nintzen. Baina Zaldibiakoa naiz. Gurasoak etorkin nafarrak ziren, lehentxeago etorriak. Lau urterekin Ordiziara aldatu ginen, Altamira auzora, emigrazio guztia joaten zen lekura. Ordizian hazi naiz, eta 1983tik Bilbon bizi naiz: aste guztia Goierrin pasatzen dut, baina asteburuetan zaila da ni hemen ikustea. Orain, berriz, hiru hilabete daramagu Larrabetzun bizi izaten.
Nongotzat duzu zure burua?
Denetakoa, baina edozeren gainetik, goierritarra naiz. Aurreko guztiak nafarrak dira, Argiñanokoak. Aita eta ama, biak ziren hangoak. Ez dago oso urruti ere, 70 kilometrora. Sustrai nafarra ere sentitzen dut. Lokalismoetan erori gabe, nafarra kontsideratzen naiz. Nonbait jarri izan dut Nafarroan jaioa naizela ere. Amaren jaiotetxea mantentzen dugu, eta hamabostean behin joaten naiz Argiñanora. Guk abizen guztiak ditugu euskaldunak, ez zortzi bakarrik.
Noiz sortu zitzaizun ziklismorako afizioa, eta noiz argazkilaritzakoa?
Batera izan zirela esan liteke. Gu bost anaia ginen, baina bi belaunalditakoak. Lehen hirurak Argiñanon jaio ziren, eta ni eta anaia, ordena horretan, Goierrin. Aurreko anaia ni baino 9 urte zaharragoa zen. Zaharrena 1960ko hamarkadan ziklista izan zen: Jose Luis Azantza. Jubeniletatik afizionatuetara korritu zuen, 1968 arte. Beasainen Espainiako Ziklo-kros Txapelketa korritu zuela gogoan dut. Gu ume ginen, eta etxean kirol tradizio handirik ez zegoen arren, anaia eta bere lagunak etortzen ziren eta hiru bizikletarekin bat egiten zuten. Han edan nuen ziklismoa. Oso txikitatik, nahiz eta futbola gustatu eta pilotan zoratzen ibili, ziklismoa nuen etxean. Ormaiztegin ziklo-kroseko oroitzapen lauso batzuk baditut; eta 5 urterekin anaiak bizikleta gainean eraman ninduen Bicicleta Eibarresa zena ikustera, Ibaresera. Uste dut hor lotu nintzaiola.
Anaiak bizikletarekiko sukarra erantsi, eta zeu noiz hasi zinen?
Ni ere asko ibili nintzen, 1973tik soldadutzara joan arte, infantiletatik amateur arte. Soldadutzak dena eteten zuen orduan. Itzulitakoan dudan egon nintzen segitu ala ez, baina ez zen gaurko konturik. Lanik gabe geratu nintzen, gainera; soldadu nengoela itxi zuten lantegia, eta beste gauza batzuetan hasi nintzen. Bizikleta utzi nuen.
Zer egitura, giro eta eragile zegoen orduan Goierrin ziklismoa lantzeko?
Ordiziako Txapel Gorri elkartea. 1972an, Gipuzkoako Federazioak bultzatuta, bailaraka txirrindulari eskolak antolatu ziren. Esperientzia zeukaten eta denbora zeramaten klubek antolatu zituzten, eta Goierrikoa Txapel-Gorrik hartu zuen. Boom bat izan zen, mutiko pilo bat hasi ginen. Zirkuitu itxietako karrerak ziren ordu arte, infantilenak eta. Klubak bazeuden lehendik, baina eskola bezala umeentzat zuzendurik ez.
Nolako ziklista zinen?
Azkar samarra nintzen. Igotzen txarra nintzen. Txantxetan esaten dudan bezala, irabazleari irteeran lagun egiten genionak ginen. Multzoa egon behar baitu karrera batean, bestela graziarik ez dauka! Beheko mailetan Gipuzkoan lehiatzen ginen; amateurretan, Vasco-Navarro deitzen zenean. Jubeniletan, probintziako karrerak korritzea ezinbestekoa zen, baina ez zegoen asteburuetan beste herrialde batzuetara joateko arazorikn, nahiz eta baimena lortu behar zen. Arazoa garraioa eta joatea izaten zen, guraso gehienek ere autorik ez zeukaten eta. Gizartea nola aldatu den ikusi behar da.
Zein ziren lehiakideak orduan, gero ibilbide bat egin dutenak?
Garai hartan, Jose Cruz Mujika (Jokinen anaia), Valentin Dorronsoro, Modesto Urrutibeaskoa, Garmendia, Lopez Arregi… Oso ona zetorren Lopez Arregi, Beasaingoa; baina afizionatuen Girinoan istripu larria izan zuen 1981 edo 82an, eta dena eten zitzaion. Hura oso korredore ona izango zen. Ordizian erreferentea Juan Luis Juarez zen, profesionaletara iritsi zen.
Bizikleta utzi zenuen, baina txirrindularitza ez.
Beti mantendu dut afizio hori, asko gustatzen zait. Batzuk ehizera joaten dira, eta ni karreretara. Belgikako klasikoetara joaten hasi ginenean, giroak asko erakarri gintuen. Esan ohi da Euskal Herrikoa dela munduko afiziorik onena, baina oso puntualak gara hemen. Denak oso zaletuak dira, baina Frantziako Tourrarenak. Zaletu eta jarraitzaile bereizten ditut, are gehiago orain. Apustuetan eta sare sozialetan garbi ikusten da: gazteek ikaragarri dakite, sailkapenak, izenak… Baina gauza bat informazioa da, eta beste bat zaletua izatea. Horiek dira esaten dutenak Tourrean inork ez duela erasorik jo. Ez dut hori ikusi.
«Esan ohi da Euskal Herrikoa dela munduko afiziorik onena; baina Tourrarena. Oso puntualak gara hemen»
«Argazkilaria ere ikuslea da, azkenean. Ikusteko beste modu bat dauka, eta tresna batekin jasotzen du ikusi duena»
Noiz hasi zineten Europara irteten?
1990 inguruan. Lehenengo Paris-Roubaixera eta Flandriako Itzulira joan ginen, eta gero besteetara, txandaka. Kamera beti eramaten nuen, eta argazkiak ateratzen nituen. Noski, daukadan artxiboa afizionatu bezala osatu dut, argazkiak errepide ertzetik eta aukera bakarrera aterata. 2000 hasieran, Igor Astarloarekin harreman handia genuen, eta askotan joan ginen Lonbardiako Girora, Brescia Tourrera, Milano-San Remora… Han bizi baitzen.
Frantziako Tourrerako bisitak lehenagokoak dituzu, hala ere.
Aurten 44 urte dira lehenengo aldiz fisikoki ikusi nuenetik. Goierritik pasatu zen Tourra, Joxe Nazabalek Gasteizen irabazi eta biharamunean. Seignosse-le-Penonen bukatu zen [4. etapa, 1977ko uztailaren 3an], Hossegor alboan. Gasteiztik hona, Deskarga igo eta N-1ean pasatu ziren. 1978an, hiru lagun –anaia, ni eta beste bat– Morzine-Avoriazeraino joan ginen, gidabaimena atera berritan. Izugarrizko abentura izan zen: Pirinioak, Erdialdeko Mendikatea, Puy de Dome… dena ikusi genuen. Bi urte galdu ditut harrezkero: soldadu nengoen urtean eta bestea bezperan lan bat atera zitzaidalako. Bestela, 44 urtean 42 edizio ikusi ditut. Aurten uste nuen ez nuela ikusiko, baina ihes egin ahal izan dut.
Zaletasuna aipatu duzu. Horrek ere karrera baten sona handituko du.
Bai. Soziologikoki, erlijioa da ia Flandrian. Lehen aldiz hango Tourrera joan nintzenean, harrituta geratu nintzen. Bezperan kalean apustu herrikoiak egiten zituzten; edo postuak jartzen zituzten txirrindularien argazkiak saltzeko, kaxetan sailkatuta. Argazkia erosi, eta Brujasko plazan autografoa eskatzen zioten gero ziklistari. Herriak aspalditik edaten zuen han ziklismoa, oso herrikoia da. Ziklo-krosean oinarria Belgikan dago orain ere.
Argazkilaritzaz nola zaletu zinen?
Umetatik naiz zalea, 1960ko urteen azkenetik. Euskadin, orokorrean, lehen argazkilariak mendigoizaleak izan ziren, eta handik sortu ziren argazkilari talde herrikoi gehienak. Mendian dute denek sehaska. Anaia Alfredo zena zalea zen, eta oso garaiz hasi nintzen zuri-beltzean errebelatzen. Hala ere, karreretara kamera eraman arren, ez da beti erreportari-lana izan. Batzuetan esaten nuen: ‘Gaur ez dut kamera atera ere egingo, ziklisten aurpegia ondo ikusi nahi dut eta’. Zeren argazkiak ateratzen ari zarenean horren aiduru zaude. Baina batek bestea ekartzen du.
Desberdina baita kamerarekin aritzea edo, eskuak poltsikoetan, begiratzea.
Begiratzeko beste modu desberdin bat da. Egia da, baita ere, argazki hori gero bizitza guztian ikus dezakezula. Orain jada ezin naiteke karrera batera joan eta bi eskuak poltsikoetan sartuta begira egon. Azken batean, argazkilaria ere ikusle bat da, ikusteko beste modu batekin. Erreminta batekin harrapatzen du ikusi duena. Ez dauka beste historiarik.
Ordiziako Proba urrian da aurten, inoiz ez bezala. Berezia da zuretzat?
Bai. Probaren historiaren lan bat prestatzen ari naiz. 2003an utzi nuen analogikoa, eta digitalarekin hasi nintzen 2004an, eta orduan hasi nintzen motoan ere. Garai hartan Probaren informazio guztia antolatzeari ekin nion. Asko arakatu dut, ordu asko sartuta. Gauza oso politak aurkitu ditut. Mendeurrenari begira ari naiz prestatzen. Pasioa da: konturatzen zara nola aldatu den herri, bailara edo leku baten historia, eta halako proba baten bidez konta daiteke. Argazki batek informazio ikaragarri pila ematen du: ez da jada ziklista bakarrik, baizik ikusten ari den jendea, janzkera… Hori da irudiaren indarra. Historia guztia bildu dut, eta ia itxita daukat. Argazki asko dauzkat, noski.
Zer izan da –eta da– Proba Ordiziarentzat, Goierrirentzat eta Euskal Herriarentzat? Profesionalen lasterketa bakanetakoa geratzen da.
Gaur egundik begiratuta, kirol maila aldetik inportanteena izan da. Dena futbola da hemen, baina kategoriaz txikiagoa da hori. Horrek ez dio pasiorik kentzen, eta ez ditut biak balantzan jarri nahi. Baina kirol mailaz, eta txirrindularitzaren beraren historian ere, nahiz eta gora-behera asko izan dituen, askoz gorago dago Proba. Hori ere kontatu nahi dugu: iruditeria kolektiboan beti orain bezalakoa izan dela uste dugu, baina gora-beherak izan ditu Probak, herriaren historiak bezala. Ehun urteko ekitaldia da –ez dakit segituko duen, lasterketak antolatzea geroz eta zailagoa delako–, baina herriaren historian bertan karpeta bat behar du.
Parte hartzera iritsi al zinen?
Ez. Afizionatuen karreran bai, 1978an. Bezperan, uztailaren 24an, egin zen, bi urtetan, Peña Juarezek antolatuta. Lehen ere bi lasterketa egin izan diren urteak badira, 1950eko hamarkadan. Gipuzkoako Txapelketa jokatzen zen, eta gero Villafranca Proba. Dena xehetuko dut lanean, eta dokumentu grafikoak ere badaude.
Txirrindularitzak ere ez ditu betiko garai onenak. Birusetik aparte ere.
Egoera beltza da. Pandemia aurretik ere ezkor nengoen. Hemen mitotik bizi gara. Beheko mailetan jende oso ona ateratzen ari zen, baina ez zuten jarraipenik. Kalitatea, askotan, kantitatetik atera behar da. Pandemia puntilla izango da, lehendik zetorren krisia azkartu besterik ez baitu egin. Antolakuntza arloak kezkatzen nau batez ere, hori da arazo larriena. Izugarrizko egutegia genuen, baina lau geratu dira. Indar ikusgarri bat dugu hemen: antolatzailea. Baina gutxien baloratua da. Antolatzaile guztien historikoa egin, eta gazteenak 64 urte dituela ikusiko duzu. Goierri kenduta –bidegurutzeak egiteko ondo konpontzen gara herrien artean–, arazoak daude. Euskadin ziklismoan kristorenak garela esanez mozkortzen gara, baina administrazioak berak jartzen ditu oztopo gehien.Ordiziako Probak berak arazoak izan ditu ibilbidearekin; aldatu behar izan du, N-1etik ezin dela pasatu esan duelako goi funtzionari batek. Prestigio bat duen proba batentzat pentsaezina da hori. Munduko onenak gu? Ez dut ezetzik esango, baina baiezkoa ere ez daukat hain garbi.
Ziklo-krosa ere atsegin duzu.
Bai, asko. Oso polita da. Mundialera urtero joaten naiz, eta lehen Belgikara joaten ginen. Ziklo-krosean ere ez dago gaur-gaurkoz egutegirik, dena ezeztatzen ari dira eta. Ormaiztegi geratuko da, zerua erorita ere antolatuko dutelako haiek.
Zaldun bat bi gurpilen kirolaren kronikagile
Urteek eta eskarmentuak emandako ikuskera zorrotza dauka Iñaki Azantzak txirrindularitzari begiratzeko. Izen ospetsuez eta marketin itxuratiez harago, edozein lekutan eta unean egokitu den ziklismoa baloratzen daki. Eta horrekin gozatzen. Hala, erabat ezezagun direnean, ziklista bezala ume mokotan eransten die begia kirolariei. Eta bere kamerarekin harrapatzen ditu, dabiltzan artean jarraitzeko. Mundu osoan ospetsu bihurtzerako, Allaphillipe, Sagan edo Van Aert mutikoak baziren nor Azantzaren jakintzan eta fototekan.
Forofokeriarik gabe mintzo da ziklismoaz, beretzat dagoen onena izan arren.Antolatzaileen lan eskerga ikusten eta baloratzen daki. Dibulgatzailea ere bada, 1991n Gipuzkoa en bici gida (Sua Edizioak) eta geroago Nafarroakoa atera zituenetik, Zikliamatore urtekaria bederatzi urtez bere poltsikutik eta lanetik ontzeraino. Izen bereko webgunea martxan du.
Gauzei bere izenarekin deitzearen aldeko da. ‘Klasiko’ hitzari maiztua deritzo. «Ordiziako Proba edo Villafranca Proba» iruditzen zaio egokiena. Edo Proba, huts-hutsean. Berdin Europako karrera zaharrenekin ere. Behin antolatu duten karrerari ‘klasiko’ deitzea, aldiz, barregarria. Errealitatearen hizkuntza.
Eta ikusten duena kontatzen du. Edergarririk gabe, gordin geratzeko arriskuaz. Harrobiko txirrindularitzaren osasunak, hargatik, asko kezkatzen du. Beltz dakusa, eta ez birusagatik.
«Honek ezin du armairuan geratu, hau munduak ikusi behar du», bota zion iloba kazetariak etxean daukan argazki artxiboa aurreneko aldiz ikusi zionean. Orduan hasi zuen kontakizun grafikoa, Goierriko lasterketa txikienetik hasita Munduko Txapelketetara. Denak goren mailako, Azantzarentzat. Mitoetatik urrun, benetako historia kontatzen duen kronikagilearentzat.