Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Espainiako Gobernuak bi dekretu onartu ditu urrian, enpresetan emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzen dela baliatzeko; bata enpresan, langilea edozein dela, lan berdinari soldata bera dagokiola ziurtatzeko, eta bestea berdintasun planen atalak, prozesuaren parte hartzaileak, diseinuaren ibilbidea, eta behin onartuta, hauen erregistroa nola egin behar den zehazteko. Honek enpresetan berdintasun gehiago bermatuko du? Ba ez naiz aztia, baina argi dago gai hauetarako sortutako lantaldeak eta berdintasunari emandako denbora eta ardurak bere fruituak izango dituela lan prozesu guztietan ez bada, enpresaren giroan, sentsibilizazio mailan eta ezagutza orokorrean. Dekretuok eta legeek hutsuneak dituzte, eta enpresa guztiei egokitzeko zailtasunak eta buruhausteak ekartzen dituzte; alegia, produktua, langileak, bezeroak, salmenta kanalak…. ezberdinak direlako, baina tira, beste tresna bat dira eta haietaz baliatuko gara zenbait gauza mahai gainean jartzeko.
Are gehiago, oso ezberdina da legeak babestuta prozesuak aldatzea eta hobetzea (lege markoaren beharraz eta abarrez asko ikasten ari gara pandemia egoera honetan, ezta?) edo borondateaz bakarrik baliatzen ari garenean. Eta zentzu honetan, urte hauetan enpresetako berdintasun atalak emandako iraulia ikaragarria da: berdintasunaren inguruan «zerbait entzun» duen lantalde eta zuzendaritzatik, berdintasunarekiko kontzientzia duen lantalde eta zuzendaritzara iritsi gara; tartean eskala guztia aurkitzen delarik, noski. Eta honetan, legediak bai, baina pertsonek bizi ditugun egoerak eragin handia izan du.
Gobernuak alarma egoera ezarri baino lehenago, dagoeneko alarmatuta gabiltzan langileok gero eta buruhauste gehiago ditugu gure bizitzaren arlo guztiak, pertsonala, profesionala, familiartekoa… koordinatzeko. Askotan izan dut mintzagai kontziliazioa eta erantzukidetasunaren arteko banaezintasuna, eta ez noa errepikatzera, baina inoiz baino tresna baliozkotzat jotzen dut. Aitona-amonen eta eskolaz kanpokoen lankidetzarik ia ez dugun honetan, konfinamendu eta etxeratzearen itzala putre baten antzera gure gainean bueltaka dugunean, gaixotasuna hor dagoela ahaztu ezin dugunean, inoiz baino garrantzitsuagoa egiten zaizkigu aurreikuspena eta gure bizitzaren arlo guztiak uztartzeko tresnak. Eta zaila egiten zaigu gizakioi gure bizitzaren atal guztiak orekaz antolatzea, baina behintzat, badugu gai hau enpresako bilera mahaiaren gainean jarri eta eztabaidagai izateko, gero eta arautegi gehiago. Ez da dena, baina bada zerbait.