Haur-hezkuntza ikasten ari nintzela, emakumezko irakasle batek aitorpen bat egin zigun: Ez zuen seme-alabarik edukitzeko inongo intentziorik. Gainera, hau kontatzea desatsegina egin zitzaiola ere onartu zuen, pertsona berekoi edo maltzur bilakatuko lukeela esanez. Gelakide guztiak eskandalizatu egin ginen. Nire kasuan, egia esan, izorratu ninduen irakaslea deseroso sentiarazteko aitzakia bezala erabili nuen, mendeku gisa. Baina hamar urte geroago, adierazpen hori arazo baten moduan jasotzea arau orokorra dela konturatu naiz.
Orain ni naiz irakasle horren azalean dagoena, eta zoriak emakume honekin izan nuen jarrera ergela ordainarazten ari zaidala sentitzen dut. Ingurukoek gai honen inguruan galderak egiten hasi baitzaizkit jada. Baina galdera hauek ez dira nire asmoen edo nahien inguruan, ez. Galdera beti berdina da: Eta umeak, noizko? Ba nire erantzuna hauxe da: Ez dut seme-alabarik eduki nahi, eta horregatik ni epaitzea zeinen erraza den ikusteaz aluraino nago.
Eszena hau alderantziz irudika ezazue, hau da, nik norbaiten amatasuna zalantzan jartzen dudala imajinatu (nahiz eta errealitatean, seme alabarik izan beharko ez lukeen jende asko dagoela uste dudan). Pentsaezina da. Emakumeek oraindik haurrak edukitzea zirkulu bat ixtea dela uste dute, prozesu naturalaren parte dela eta bai ala bai gertatu behar den zerbait dela. Aitatasunaren ideiarekin, aldiz, hau ez da gertatzen.
Emakumearen kontrako eraso zein kosifikazioa salatzen ari gara. Ahots propioa edukitzea lortu dugu, lesbiana izatea, ezkongabea izatea edo gizena egotea onartuta dago. Baina emakume batek haurrik ez izatea erabakitzen badu, berekoi bezala irudikatzen da, edo are okerragoa, amatasun sena atrofiatua duela eta, mutantetzat jotzen da.
Guk erditu, guk erabaki lelopean hezi naiz. Baina erditu nahi dugun ala ez erabakitzeko eskubidea ere badugula aldarrikatu nahi dut. Hau normalizatzeko garaia da, eta batez ere, besteen bizitzan ahotsa izateko eskubidea dugula sentitzen uzteko garaia da. Ez dut ama izan nahi, eta kitto. Kitto!