Iñigo Jaca mediku zumarragarra bada norbait medikuntza munduan. Ikasketak Salamancan hasi zituen eta Belgikan amaitu; Gipuzkoan eta Nafarroan mediku bezala lan egin zuen, eta Donostiako, Gurutzetako eta Burgosko ospitaletako kudeatzailea izan zen, baita Onkologikoko zuzendaria ere. Osasun krisiaren kudeaketari eta Osakidetzako arduradunek azken urte hauetan hartutako erabakiei buruz hitz egin du. Baita etorkizunari buruz ere.
Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunearen (EAG) itxierarekin oso kritiko azaldu zara.
Erakunde Sanitario Integratuko arduradunei idatzi bat bidali nien eta erantzuna Aliziaren abenturak herrialde miresgarrian liburutik atera dutela dirudi: herritarren irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko eta desplazamenduak ekiditeko egin dutela diote.
Larunbat, igande eta jai egunetan irekitzen dute eta gainontzeko egunetan telefonoz deitu behar da. Zer iruditzen zaizu medikuek pazienteak telefonoz artatu beharra?
Oso arazo larria da. Gaixo askok ez dute behar bezalako erantzunik jasotzen. Bi edo hiru egunetara erantzuten diete. Hori ikusita, zuzenean larrialdietara joaten dira. Beasaingo paziente batek bere herriko anbulatoriora jo dezake, baina Zumarragako batek ez.
Telefonoz arreta egokia eman al daiteke?
Arazo larriak sortzen ari dira kontsultak aurrez aurre egiten ez direlako. Paziente batzuk hiru hilabete eduki dituzte Omeprazol hartzen eta gero minbizia dutela konturatu dira; emakume batek begi bat galdu du glaukoma larria zuelako eta hori aurrez aurre bakarrik diagnostikatu daiteke.
Zer dago horren guztiaren atzean?
Honen atzean dagoena zera da: lau mediku eta lau erizain kendu dizkigutela. Oso ondo dakit zenbat kostatzen den lan taldea handitzea eta zerbitzu berri bat martxan jartzea. Eta oso ondo dakit ere zenbat kosta zitzaien Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako alkateei ospitalea Zumarragara ekartzea, Etengabeko Arreta Zerbitzua irekitzea… Duela 30 urte baino gehiago lortu zena kendu nahi digute. Gogorra da esatea, baina lorpen haiek Insalud-en garaian lortu ziren. Autonomia Estatutuarekin baliabide gehiago izango genituela zirudien, baina ez da hori gertatzen ari dena. Duela lau urte Legazpiko EAG-a itxi zuten eta orain Zumarragakoa. Zein izango da hurrengo pausoa?
Jendea, telefono bidezko zerbitzuaz nazkatuta, larrialdietara joaten dela aipatu duzu. Zer suposatzen du horrek?
Ospitaleko larrialdietako zerbitzuarentzat oso txarra da bertan artatu behar ez den patologia bat duen norbait bertara joatea. Horretarako sortu zen, hain zuzen ere, Etengabeko Arreta Gunea. Denok ospitaleko larrialdi zerbitzura joatea eta zerbitzu hori kolapsatzea nahi dutela dirudi. Orain arteko diskurtsoaren aurka doa, eta horrek patologia larriak dituztenei arazoak sortuko dizkie. Herritarrok elkarteren bat sortu beharko genuke, arazo horiek guztiak jaso eta administrazioarengana kontu eske joateko.
Telefono bidezko kontsultak pandemiarekin amaituko direla uste al duzu?
Zalantzan jartzen dut. Izan ere, deseskalatzea hasi zenean, ez zituzten anbulatorioetako ateak ireki, nahiz eta bazekiten aurreko asteetan hainbat paziente ez zituztela behar bezala artatu eta arazoak sortzen ari zirela. Minbizi kasu batzuk berandu diagnostikatu dira eta horrek tratamenduek emaitza onak ematea zaildu du.
«Minbizi kasu batzuk berandu diagnostikatu dira eta horrek tratamenduek emaitza onak ematea zaildu du»
«Telefono bidezko kontsulta, praxi txarra izateaz gain, kolapsoa sortzen ari da»
Zer ari da gertatzen?
Informazio gutxi dugu. Osasunaren Mundu Erakundeak osasun zerbitzuak herritar guztiak artatu behar dituela, zerbitzu integrala eskaini behar duela eta guztientzat irisgarria izan behar dela dio. Horretaz gain, malgua izan behar dela dio, unean uneko beharrei erantzuteko. Pandemia heldu eta Norbere Babeserako Ekipoak ez egotea, adibidez, onartezina da. Baina okerrena zera da, herritarrok ez dugula sekula planifikazioan parte hartu. Sindikatuek langileen eskubideak defendatzen dituzte, politikoek jakizu zer defendatzen duten… baina gainontzeko guztiok ez dugu parte hartzerik. Hori dela eta, herritarrok ez dakigu zer ari den gertatzen. Osasuna erakundeen eta profesionalen kontua dela dirudi. Nik Frantziako eta Belgikako errealitateak ere ondo ezagutzen ditut, bi herrialdeetan bizi izan naiz, eta han herritarrek beraien interesak defendatzen dituzten elkarteak dituzte. Elkarte hauek planifikazioan eta kudeaketan parte hartzen dute.
Inguruko herrialdeetan ez al dago telefono bidezko kontsultarik?
Ipar Euskal Herrian kontsulta guztiak aurrez aurrekoak dira. Hemen bakarrik ezarri dira telefono bidezkoak. Eta erabaki hori Osakidetzak hartu du, ez medikuek. Medikuak, beharbada, otzanegiak izaten ari dira. Gaur bertan mediku batek egun bakar baterako telefono bidezko 75 kontsulta programatu dizkiotela esan dit. Ba al dakizu zer den 75 laguni deitzea eta 75 lagun horien historiala kontsultatzea? Eta 75 paziente horiek ikusi gabe erabakiak hartu behar izatea? Astakeria bat da. Medikuek iazko abenduan ez zituzten 75 kontsulta egunean. Telefono bidezko kontsulta, praxi txarra izateaz gain, kolapsoa sortzen ari da. Ez nuen uste inoiz honetara helduko ginenik. Medikuntza fakultatean pazienteari entzun behar geniola eta miatu egin behar genuela irakatsi ziguten, ondoren erabaki bat hartzeko. Hasieran, Norbere Babeserako Ekiporik ez zegoenean, telefono bidezko kontsulta egitea uler dezaket, baina orain…
Zergatik uste duzu erabaki dutela telefono bidezko kontsultak egitea?
Nire ustez, osasun zerbitzua goitik behera aldatu nahi dute. Izan ere, Erresuma Batuan, adibidez, bi urte daramatzate ordenagailu bidezko kontsultekin. Baina han familiako medikua edo Babylon sistema (ordenagailu bidezko kontsulta) hautatzeko aukera ematen dute. Hasieran jende asko pasa zen Babylon sistemara, baina orain gazteak bakarrik gelditu dira. Patologiak dituztenak ohiko sistemara itzuli dira. Ordenagailu bidezko kontsulta dirua aurrezteko egiten da. Estatu espainiarreko mediku asko kanpora joan dira lanera, hemen behin-behinekotasuna nagusi delako, soldatak Europako gainontzeko herrialdeetan baino eskasagoak direlako eta Europan mediku eskaria dagoelako. Hurrengo urteetan mediku asko erretiratu egingo dira eta mediku gazteak beharko ditugu. Baina medikuak kontratatu ordez, ordenagailu bidezko sistema txertatu nahi dutela dirudi.
Gainontzeko herrialdeei buruz zer diozu?
Frantzian, Belgikan, Holandan, Alemanian… medikuak pazienteari kobratu egiten dio kontsultagatik. 20, 25, 30… euro, gizarte-segurantzarekin hitzartuta dutena. Ondoren, gizarte-segurantzak pazienteari dirua itzultzen dio. Beste sistema bat da. Medikuak bere kasa jartzen dira, gehienak taldeka, goardiak txandaka egin ahal izateko. Eta bakoitzak bere pazienteak ditu. Pazienteek medikua hautatzeko aukera dute. Hemen medikuak funtzionarioak dira. Pazienteak artatu edo ez artatu, berdin kobratuko dute. Nire ustez hurrengo eztabaida hori izan beharko litzateke: zein den eredu egokiena. Osakidetza aurrez aurreko zerbitzua eskaintzeko gai ez bada, ez al da hobea beste sistema? Ia Europa osoan beste sistema hori dute eta hemen ere hori egon zen.
«Medikuak kontratatu ordez, ordenadore bidezko sistema txertatu nahi dutela iruditzen zait»
«Pandemiak hildako asko eragin ditu, baina pazienteei behar bezalako arreta ez eskaintzeak ere bai»
Zer diozu pandemiaren kudeaketari buruz?
Pandemia buruhauste handia sortzen ari da. Egoera uste zena baino okerragoa da. 2016. urtean Jon Darpon Osasun sailburuak aditu batzorde bat sortu zuen epidemien eta pandemien gaia lantzeko. Halako batzorde batean infekzioetan adituak, mikrobiologoak eta medikuntza prebentiboan adituak egon behar dira. Nahi duten epidemiologo guztiak sar ditzakete, baina pazienteak zuzenean artatzen dituzten medikuen eta larrialdietakoen presentzia ere ezinbestekoa da. Urtarrilean, Darponek sortutako batzordea desegin egin zuten. Bere ordez, beste bat eratu zuten, ospitaletako zuzendariez osatua. Nik 27 urte eman ditut ospitale kudeatzaile postuan eta ez dut nire burua maila horretako batzorde batean parte hartzeko gai ikusten. Ez dut nire burua halako egoera batean Osasun sailburuari aholkatzeko gai ikusten. Orain batzorde berria osatu dute eta horren burua Jonan Fernandez da. Batzordea nortzuk osatzen duten ikusita, lehengo akats bera egiten ari direla iruditzen zait. Batzorde hauetan tekniko onenak egon behar dira.
Zer diote zure lankide ohiek?
Lehen Mailako Arretakoak itota daude. Duela 30 urte adituek Lehen Mailako Arreta indartu behar zela esan zuten eta begira zer ari den gertatzen… Azken urte hauetan ez zaizkio behar dituen baliabideak eman. Behin-behinekotasuna dela eta, medikuek ez dute beraien pazienteak ondo ezagutzeko aukera. Eta Lehen Mailako Arreta sistemaren oinarrian dago. Herritarren osasunaren jarraipena behar bezala egiten ez bada, pazientea gaixo dagoela konturatzen garenerako berandu izango da.
Bukatzeko, zergatik uste duzu ari dela gora egiten positibo kopurua?
Koronabirusa ez dugu oraindik ondo ezagutzen eta hori arazo bat da. Lancet zientzia aldizkariaren arabera, gaixotasuna pasa duten batzuk berriro kutsatu dira eta horietako hiru bigarren aldi horretan hil egin dira, gainera. Hori oso larria da. Eta gainera, dena ez da koronabirusa. Hori guztia dela eta, murrizketak egitea arduragabekeria da. Pandemiak hildako asko eragin ditu, baina pazienteei behar bezalako arreta ez eskaintzeak ere bai. Administrazioan egon naizen urte guztietan, ez dut halakorik ikusi. Bestalde, herritarrok ez dugu behar bezain ondo egin. Zenbait taldek musukoa ez eramatearen aldeko mezuak zabaldu dituzte eta hori astakeria bat da. Maskara erabiltzeagatik ez dira arnas arazoak sortzen.
Anjel Kruz Jacaren semea
Iñigo Jaca Arrizabalaga (Zumarraga, 1948) medikua Anjel Kruz Jaca zenaren semea da. Anjel Kruz historiazale amorratua zen eta Zumarragako eta inguruko herrietako historia aztertu zuen. Hamaika ohitura eta istorio jaso zituen. Hainbat liburu idatzi, eta argitaratu gabeko ehunka testu utzi zituen. Bere pena handiena ikasteko aukera eduki ez izana zen eta seme-alabei ikasketak eman zizkien.
Iñigok medikuntza ikastea erabaki zuen. Ikasketak Salamancan hasi zituen. Burgosko Prozesuaren garaian gose greba egin zuen eta Salamancako kartzelara eraman zuten. Horren ondorioz, gertutik jarraitzen zuten eta Belgikara errefuxiatu behar izan zen. Bruselako Unibertsitate Librean bukatu zituen ikasketak.
Bruselatik itzuli zenean, soldadutzara bidali zuten. Gero Arrasaten eta Eibarren lan egin zuen, eta handik Donostia ospitalera bidali zuten. Bertan sei urte eman zituen kudeatzaile lanetan eta Gurutzetan beste hiru. Ondoren, Burgosko ospitaleko kudeatzailea izan zen. Handik Onkologikora joan zen, Donostiara. Bertako zuzendari orokorra izan zen, eta han eman zituen urterik gehien: 17, hain zuzen ere.
Lan ibilbideko azken urteak Nafarroan eman zituen. « Onkologikoan urte asko pasatu nituen, eta lehertuta nengoen. Bertako profesionalak nitaz nazkatuta zeuden eta ni beraietaz ere bai. Nafarroan lehen arretako medikuak behar zituzten, eta birziklatu ondoren, bertara joan nintzen. Lan ibilbideko azkeneko bost urteak bertan eman nituen, oso gustura gainera. Elizondon, Lesakan, Urdazubin eta Zugarramurdin lan egin nuen. Nire bizitzako urte aberasgarrienak izan ziren».