Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Dotore kantatu zuen Maialen Lujanbiok 2009ko Bertsolari Txapelketako txapeldunaren agurrean «herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz». Handik lau urtera, 2013an, Baionan amaitu zen Korrikan, Amets Arzallusek «herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen» aldarrikatu zuen. Lau urte beranduago, 20. Korrikaren amaierako mezuan, Iruñean, «euskaraz egitea normaltasunaren aurka egitea da oraindik» adierazi zuen Joseba Sarrionandiak. Hauen antzeko adibide gehiago ere erraz aurkituko genituzke hemeroteketan arakatzen hasi orduko.
Euskara ahoz aho eta kalez kale hedatzeko, gure hizkuntzaren erabilera handitu eta hizkuntza-ohiturak astintzeko, ariketa sozial masibo moduan sortutako Euskaraldi betean gara. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan lelopean antolatu da bigarren edizioa. Datu dantza handia izango da hainbat txoko, erakunde, hedabide edota sare sozialetan egunotan: zenbat herri batzorde, zenbat lagun ari garen parte hartzen, zenbat udalerritan, zenbat Ahobizi, zenbat Belarriprest,… Hamabost eguneko tartean txapak soinean izango gara milaka herritar, musukoen osagarri.
Ariguneak dira berritasun nagusi aurtengo honetan, entitateetan arreta jarri asmoz. Ozen aritu dira kolektibotasunaren garrantzia azpimarratzen eragile ugari. Goierrin bertan ere ehunka izan dira izena eman dutenak. Batzuk barrura begira, beste batzuk kanpora, eta izango dira begirada kanpora zein barrura, bietara, bideratuko dutenak.
Nire kasuan, badira urte batzuk, bereziki Gasteizen ikasle moduan egin nituen urteen harira, kaleetako erabileran arreta jartzen hasi nintzela. Garai hartan asko pozten ninduen haurrak eta gurasoak euskaraz elkarrizketan entzuteak. Nahi baino gutxiagotan egiten nuen topo halako egoerekin. Oharkabean, askotan. Nahi baino gehiagotan konturatu izan naiz, aldiz, etxe inguruan, korrika bidegorrian, errepidean bizikletan edo mendian gora jendearekin gurutzatzeko unean, adibidez, ni ikusi eta ondoan pasatzerako hizkuntza aldatu izan dutela askok eta askok.
Ea Ariguneek eta bertako kideek zein bilakaera izaten duten etorkizunean, beraz: adi-gune, adigune, harigune, nagigune…
Zer izango dugu abenduaren 5ean? Biharamuna, ziur aski. Baina, nolakoa? Gure esku ere badago!