Gaurtik abenduaren 4ra egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa, ‘Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan’ goiburupean. 2018koaren aldean, bi ñabardura dira aipagarri: 15 eguneko ariketa izango dela, eta Ariguneak sortu direla.
Donostiako San Telmo museoan jarri zuen lehen harria 2020ko Euskaraldiak, gaur urtebete. Orduan jakinarazi zuten aurtengo euskarazko ariketa sozialaren goiburua Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan izango zela, eta orduan iragarri zituzten bigarren ediziorako datak: azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Hamabost egun, Euskararen Egunaren biharamunean helmuga jarriz. Orain bi urtekoak 11 izan zituen (2018ko azaroaren 23tik abenduaren 4ra), eta leloa ere pare-parekoa: 11 egun euskaraz. Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetza, Nafarroako Euskarabidea eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Elkargoa dira antolatzaileak. Eta ezinbestean, Euskal Herri luze-zabaleko dozenaka eta dozenaka boluntario eta entitate ere bai.
Taldean aritzeko guneak
Lehen edizio hartan, 225.000 euskal herritar izan ziren Ahobizi eta Belarriprest modura hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketan parte hartu zutenak, norbanako modura. Aurten, herritarren ariketaz gain, taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izango dute era guztietako kideek. Horretarako, Euskaraldian garrantzia berezia hartuko duen kontzeptu berri bat sortu da: Arigunea. Euskaraz aritzeko babesgune modura osatutako eremuak dira, ariketa sozial honetan taldean jarduteko aukera emango duten espazioak. 6.800 entitate ariko dira zeregin horretan, horietatik 630 Goierriko herrietakoak.
Musukoekin, aho-belarriak lotuz
Hori bai, inor gutxik espero zezakeen osasun larrialdi egoera batean egingo da 2020ko Euskaraldia. Ez dago ukatzerik COVID-19ak baldintzatu egingo duela ariketa sozial orokor hau egitea, eta kale mailan presentzia murritzagoa izango duela, baina musukoak musuko eta distantziak distantzia, Euskaraldiak bideari ekingo dio berriz, arnasa luzeko dinamika izateko bokazioa baitu. Aspalditik daude belarriak ahoen zain, baita ahoak belarri bila ere. Esan eta aditu.
Ahobizi
Ahobizi izateak ez du zerikusirik euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin, jokaerarekin baizik. Euskaraz erdizka moldatzen dena ere izan daiteke Ahobizia. Ahal den guztietan euskara erabiltzeko konpromisoa hartzen duena da Ahobizia. Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo du uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz egingo du; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraituko du. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eutsiko dio kideek ulertzen dutenean. Jarrera aktibo hori mantenduz, orain arte euskaraz izan dituen elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute; baina, orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko du Ahobiziak.
Belarriprest
Hiru dira Belarriprest izateko profil nagusiak. Lehena: Euskaraz ondo egin, baina erdaraz hitz egiten duen zenbaitekin (nahiz eta ulertu) ez du euskaraz soilik hitz egiteko ariketa egin nahi; edo ez da prest sentitzen, adibidez, orain arte erdaraz izan dituen harremanak euskaraz izateko pausoa emateko. Bigarrena: Euskaraz gutxi gorabehera hitz egin dezakeena, baina ez dena ausartzen. Hirugarrena: Euskaraz ulertzen duena baina ez dena hitz egiteko gai sentitzen. Euskararekiko gaitasunak baino, jokaerak du hemen ere garrantzia. Modu esplizituan, dakienari euskaraz egin diezaiola eskatzen diona da Belarripresta. Oso garrantzitsua da Belarriprestaren funtzioa, euskarazko elkarrizketak sortzen lagundu eta euskara erabiltzeko giro babestua sortuko duelako.
Ariguneak
Mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar), ariguneren bat badute. Helburu nagusia entitate horien harremanetan euskararen erabilera handitzea da. Parte hartzeko, zuzendaritzaren eta entitateko gainontzeko kideen inplikazioa beharko dira. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko dute uneoro, Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan. Bi motako ariguneak daude: Barne-ariguneak (kide guztiek euskaraz ulertzen dute) eta Kanpo-ariguneak (jendaurreko eta harrera-postuak, batez ere).