Eresti Oiarbide • Hizkuntza aholkularia
Goierritarrak euskaldunak dira. Goierritarrak euskaraz bizi dira. Kalean euskara besterik ez da entzuten Goierrin. Hori da gure eskualdetik kanpoko jende askok eta askok pentsatzen duena. Bertan bizi garenok badakigu ez dela horrela; baina, ez dakit ba, batez ere herri txikietakook, kanpokoek diotena sinesten ez ote garen hasi.
Gabirian, Euskaraldiaren lehenengo edizioa martxan jarri genuenean, kanpaina herriko Ostatuan egitea erabaki genuen, aurrez aurre; izan ere, ahoz ahokoa iruditu zitzaigun herritarrengana iristeko modurik eraginkorrena. Elkarrizketa horietan, erantzun hauxe jaso nuen behin baino gehiagotan: «Nik txapa jarri? Zertarako? Nik euskaraz egiten dut dena, beti!». Une hartan ez nituen eskura, baina bigarren ediziorako datuak bildu nituen, badaezpada ere.
Eustaten arabera, eta 2016ko datuei erreparatuta, goierritarron % 63,4 gara euskaldunak; % 14, berriz, ia euskaldunak dira, hau da, euskara ulertzen dute, nahiz eta hitz egiteko nahikoa gaitasun ez izan. Horrek esan nahi du parean tokatzen zaizkigun 100 lagunetik 77rekin euskaraz hitz egiteko aukera daukagula. Eta 77 horien artean ez daude gabiriarrak eta zeraindarrak bakarrik; horien artean beasaindarrak eta Zumarragakoak ere badaude.
Izan ere, herri txikietakook geure inguruan dena beti euskaraz egiten dugula esatea… Bale. Baina geure ingurutik irtendakoan ere horrela egiten dugula pentsatzea, hanka sartze handia da. Hona hemen erronka: jarri txapa paparrean, irten zure ingurutik, eta zenbatu gaztelaniaz egiten dituzun elkarrizketak. Ziur zaude solaskideak ez duela euskaraz ulertzen? Badaezpada, arriskatu!