Hamaika dira euskal kultura bizirik mantendu duten bereizgarriak, eta horien artean daude euskarazko herri abestiak. Musika izan da urteetan zehar belaunaldiz belaunaldi euskararen transmisioarekin jarraitzeko tresna baliagarrienetako bat, izan ere Negu Gorriak taldearenen abesti hark dioen moduan, «Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko».
Euskararen biziberritze eta mantentze prozesu honetan dabiltza besteak beste Zeraingo Uharka Abesbatzako kideak. Herri abestiak kantatzen dituzte normalean, eta kontzienteki edo inkontzienteki, euskararen garra bizirik mantentzen dute honi esker.
Duela hogei urte sortu zen talde hau Zerainen, 40 urtetik gora dituzten kideekin osatuta dagoena. Euskaraldi honetan Uharkako partaideek arigune moduan parte hartzeko erabakia hartu dutela adierazi du Joxe Mari Telleriak: «Euskara da eskuartean daukagun altxorrik handiena, eta gurea da berau bizirik mantentzeko erantzukizuna».
Jabetzeko eta aldatzeko ariketa
Telleriak garbi utzi du zein den beraien egunerokotasunean erabiltzen duten hizkuntza: «Gu beti euskaraz ari gara. Guztiok gara euskaldunak, euskal hiztunak, eta horregatik erabaki dugu ekimen honen parte izatea». 2018koan ere parte hartu zuela adierazi du Uharka abesbatzako kideak, «euskararen alde zerbait egiteko premia» dagoela argudiatuta. Hala ere, berak ez zuen aldaketa handirik sumatu ariketaren ostean: «Hemen euskaraz bizi gara, eta ondorioz pasa den Euskaraldian ez genuen aparteko aldaketarik nabaritu egunerokotasunean».
Aurtengo Euskaraldian ere, jendeak parte hartu dezan eskatu du Telleriak: «Ez gara jabetzen zer nolako altxorra dugun, galtzen ari garen edo galdu dezakegun, eta guztion esku dago bizi dugun egoera honetaz jabetu eta aldatzeko ariketa egitea».