Euskal Herriko 362 herritako 6.150 hizlariren testigantzak bilduak ditu dagoeneko Ahotsak egitasmoak, Euskal Herriko hizketak eta ahozko ondarea jasotzeko Eibarko Badihardugu elkartearen webgunean (ahotsak.eus). Tartean, Gipuzkoako 88 herrietakoak daude, eta horien artean Goierriko guztiak: 501 hizlari. Legazpi (60 hizlari), Zegama (49), Beasain (47), Ordizia (46), Urretxu (43), Zumarraga (39), Ataun (37) eta Zerain (35) dira ahozko kontakizun gehien dituztenak, herri horietan egin den lanketa apartaren seinale.
Deba ibarrean hasitako proiektua, zazpi euskal herrialdeetara zabaldu da, eta gordailu oso garrantzitsua osatu du: bai hizkuntza, hizkerak eta dialektoak aztertzeko; bai etnografia, antropologia edota antzinako ohiturak lehen eskutik entzuteko. Hiztunen grabazioak ditu Ahotsak guneak –denak ez daude sarean–: 4.579 audio, 59.777 bideo eta 8.630 zinta.
Pasarte aukeratuak
Elkarrizketa grabatu horiek lanketa handiagoa dute atzetik, ikusleen aurrera Interneten atera aurretik. «Zintak landu, aztertu eta pasarteak sareratzen ditugu, 2-3 minutukoak. Izenburu bat, laburpena eta gai-kodeak dauzka pasarte bakoitzak. Denera, 400 gai baino gehiago daude, bilaketak errazteko. Sarean ikusten den horrek lan handia dauka atzetik», dio Badiharduguko Izaskun Gastonek.
Laguntzaile eta kolaboratzaile saldoa du Ahotsakek, bi mila laguneko komunitatea. Herrian elkarrizketa nori egin aurkitzeko, transkripzioak egiteko –irizpideak webgunean ditu– edo elkarrizketak egiteko ere –ekipoak eta tresnak uzten dituzte– laguntzen dute.
Ahotsaken, ordea, ez daude espresuki harako eginiko elkarrizketak soilik. «Biltegi bihurtu da. Beste argitalpen edo azterketa linguistikotarako egindako grabazioak ere badaude. 220 proiektutan erabilitako materiala dago». Tartean, Goierriko ugari: Beasain, Legazpi, Ordizia, Zegama edo Urretxu-Zumarragako euskara ikerlanen funtsak, Zum Edizioen Gure Nagusiak sailekoak, Lekaio kultur elkartearenak, edota partikularrek emanak (Aitor Azpiazu eta Aitor Gurrutxaga ikertzaileen elkarrizketak, edo Markel Olano diputatuaren bakarren bat, besteak beste).
Hitzarmenak, osatzeko lan iturri
Norbanakoen edo elkarteen proiektuetako grabazioak doan digitalizatzen dituzte Ahotsaken, eta egileari berezkoa eta kopia bat itzultzen dizkiote. Informazio iturri orokor aberatsa da, beste edozein ikerketa-diziplinatarako ere.
Badiharduguk udalekin hitzarmen ekonomikoak sinatzen ditu, elkarrizketak egiteko edo daudenak lantzeko.