Abenduaren 7an 40 urte beteko dira segurar talde batek Goierriko Talogileak izenarekin ibilbidea hasi zuenetik. Euskal Herriko talogile talde beteranoena dela esan daiteke. Bazuten urteurrena ospatzeko asmoa, baina koronabirusak planak zapuztu dizkie.
Talogileen postuak ezinbesteko osagai bihurtu dira inguruko festa herrikoietan. Goierrin badira herriz herri produktu estimatu hori prestatzen eta saltzen ibiltzen diren taldeak, eta beteranoenak, Segurakoak, 40 urte beteko ditu abenduaren 7an. Pandemiak, ordea, ospakizunetarako tarterik gabe utzi du Goierriko Taloak izenarekin ezagutzen den talde honen urteurrena.
Taloaren kultura gertutik ezagutzen zuten 8-10 segurarrez osatutako taldeak Bilboko Erakustazokan egin zuen estreinaldia, duela 40 urteko azaroaren 29an Oñatitik abiatu eta Bizkaiko hiriburura abenduaren 7an iritsi zen lehen Korrikaren amaiera festan. Dionisio Amundarain euskalzaleak deituta joan ziren, AEKren alde dirua biltzen laguntzeko. Ez dute egun hartako argazkirik gordeta, bai ordea Korrikaren lehen edizioko giltzarri bat, taldearen lehen agerraldi publikoaren oroigarri modura jasota. Lanaren ordainetan Lazkaon eman zieten afari-merienda ere oroitzapenean dute gordeta.
Talogile talde haren hurrengo ekinaldia handik gutxira izan zen, Donostiako San Tomaseko ferian; ikastolen aldeko dirua lortzea izan zen orduan helbura. Haren ondotik, taloaren inguruan sortutako ikusminak izan zuen arrakasta ikusirik, beste zenbait feria eta festatatik deika hasi zitzaizkien, San Tomasetik bertatik berriz ere, Santa Lutzitik…
Bi belaunaldi
Horrela abiatu zuten jarduna Segurako talogileek, egoitza San Andres baserrian jarrita. 40 urteko ibilbidea osatu dute dagoeneko, Goierrikoa ez ezik Euskal Herriko talogile talde zaharrenetakoa bihurtuz. Tarte horretan bi belaunaldi igaro dira taldetik, eta hasierako kideen seme-alabak ere aritu dira eta ari dira jarduera honetan. Gaur egun, Goierriko Talogileak osasuntsu dago osaketaz, eta feria edo festaren arabera, 6-7 lagun joaten dira lanera.
Urtean zehar hainbat irteera egiten dituzte feria, artisau azoka edo jai berezietara, besteak beste Donostiako San Tomasera, Zumarraga-Urretxuko Santa Lutziara, Arabako Armentiako San Prudentziora, Bizkaiko Abadiñoko San Blasetara, Nafarroako Altsasuko feria nagusira, Ordiziako feria berezietara, Beasainera, Urretxura… Euskal Herritik kanpo ere joaten dira aldian-aldian.
Aurten, koronabirusa dela eta, irteera gehienak egin gabe geratu dira, 40. urteurrena ospatzeko pentsatuta zuten ekitaldia bertan behera utzi duten bezala. Seguran talo dastaketa erraldoia antolatzekotan ziren, herritarrak eta bezero izandakoak gonbidatuta. Hurrengo batean izan beharko du.
Taloa, artisau produktua
Kalitatezko osagaiak erabiliz, artisau eran egin izan dituzte hasiera-hasieratik taloak segurarrek, hau da, eskuz, bai orea eta bai taloa. Orea egiteko, arto gorriaren irina erabiltzen dute, gatza eta urarekin nahastuta. Barrurako, txistorra da nagusi, baina hirugiharra, gazta eta txokolatea ere asko saltzen dute.
Eta taloa erretzeko, euskal sukalde zaharraren itxura mantendu dute urteetan. Hori bai, egin dituzte aldaketak prozesu horretan, hasieran egurrarekin egindako sua erabiltzen zutelako, gainean zuzenean talo-burdina jarrita taloa erretzeko. Kea arazo handia izaten zen garai hartan, batez ere talogileen begi eta arnasbideetarako. Aurrerago, gasez berotutako txapekin hasi ziren, eta egurrez egindako su bakarra mantendu zuten tarte batean. Bakar horren keak ere arazoak sortzen zizkiela eta, denborarekin erretiratu egin zuten egur sua.
Egurrarekin edo gasarekin segurarrek egindako taloek estimazio handia izan dute beti, batez ere ondo harrotzen direnak. Talo guztiak, ordea, ez dira harrotzen, eta txaparen beroa, taloaren lodiera edo eguraldia bezalako eragile asko daude horretarako, taloak ez dira beti berdin ateratzen.
Hala ere, Segurako talogileek lortu dute erregulartasuna eta maila handiko kalitatea talogintzan. Horren erakusle dira taldearen ibilbidean zehar jaso dituzten sariak eta aipamenak. Errenteriako, Durangoko edo Baionako artisau azoketako sariak dira horietako batzuk, baita Leitzako talo txapelketan parte hartutako bi alditan irabazi izana ere.
Baina saririk eta aipamenik onenak bezeroen aldetik jasotzen dituztenak dira. Ugari izan dira 40 urte hauetan, eta beste hainbeste etorriko al dira hurrengo urteetan ere.
Taloaren kultura
Euskal jaki tradizionala da taloa. XVI. mendean Amerikatik ekarritako artoa ereiten hasi zenetik XX. mendera arte ogi moduan erabili dute baserrietan.
- Taloa, ezinbesteko jaki. Segurako talogileen taldea osatu zuten guztiak baserritarrak ziren, taloaren kultura ezagutuak eta txikitatik arto irinez egindako taloz elikatuak. Goizean, arratsaldean nahiz gauean derrigorrez taloa izaten zen jaki nagusia, eguna joan eta eguna etorri. Gaur egun, kapritxoz jaten da taloa.
- Taloaren osagaiak. Taloa bera egiteko, arto gorriz egindako irina, gatza eta ura, eta barrurako, txistorra, txorizoa, hirugiharra, gazta, txokolatea eta barazkiak.
- Taloaren inguruko hiztegia. Taloa, arto irina, oremahaia, azpila, orea, matarraskia, artopila, talapala, talaburnia, talamantenua, krispia, baia…