Zoriak, eta amaren aldeko aitona-amonak han egoteak, eragin zuen Garazi Hach Embarek Irizar Madrilen jaiotzea, 1978an. Hilabete gutxiko joan ziren Saharara, errefuxiatu kanpalekuetara. Hasi berria zen artean askatasun borroka. Orain, gerrara jo dute berriz, «meza luzagarriz» nazkatuta.
Nola dago Sahara, gaur?
Itxaroten ari gara oraindik, politikoki parte hartu behar duten alde asko isilik daudelako. Gerrak frentean jarraitzen du, harresi guztian zehar. Era berean, momentu honetan puntu bero bat Marokok okupatutako eremuetan dago, non polizia marokoarra inoiz baino basatiago dagoen. Normalean direna baino askoz itsusiago ari dira jartzen.
Gerra egoera gordintzen ari da?
Bai. Marokok nonbaitetik lehertu beharra dauka; ofizialki ez du esan gerran gaudenik, Fronte Polisarioak su-etena apurtu duela baizik, eraso batzuk egin dituelako. Orduan, amorrua zibilen kontra ari dira deskargatzen. Gerra bizia hor dago, eta Fronte Polisarioak eguneko partea ateratzen du. Marokok gure lurra militarki hartuta eduki duenez, ez dauka esplikazio askorik eman beharrik tropak gora eta behera erabiltzeko.
Azaroan lehertu da auzia, baina lehendik datoz lohi honen hautsak.
Hau guztia dator, gehien bat, jada nazkatu garelako ikusten nola Marokok inpunitate guztiarekin blokeatu eta apurtu dituen negoziazio planeko adar eta bide guztiak. Nazio Batuen Erakundea Fronte Polisarioarekin eta Marokorekin eseri zen gaiaz hitz egiteko eta bake prozesu bat diseinatzeko. Bake plan horren mamia erreferenduma zen, askatasuna ala Marokoren parte izatea galdetzeko. Marokok hori dena onartu zuen, guk ere bai. Momentu hartatik aurrera Marokok boikoteatu egin du.
Zer gertatu da Guergueraten?
Guergueratekoa ez da gauza berria, eta ez da lehenengo aldia bide hori apurtzen dutena. Marokorentzat ilegala da bide hori gurutzatzea, Mauritaniarako ez baitu pasabiderik, sinatutako klausula batek dioelako kilometro batzuetako distantzia utzi beharra daukala. Marokok hortik pasatzen ditu drogak eta merkantziak. Gure lurretatik pasatuz ari da aberasten. Nahikoa da. Protesta zibil horri beraiek erantzuten dakiten bezala erantzun zioten: eraso eginez.
Maroko kolonizazio prozesua burutzen ari da, beraz?
Ez dio horri inoiz utzi. Marokok beti jarraitu du kolonoak bidaltzen zonalde okupatuetara. Horregatik, Mendebaldeko Saharan sahararrok gutxiengo oso txikia gara. Kolonizazio hori Kanarietaraino iritsiko da, iristen ari den bezala.
«Marokok beti irabazle izan nahi du, handiena izan. Ez izateko arriskua ikusi zuenean boikoteatu zuen bake plangintza»
«Gure gobernuaren muina errefuxiatu kanpaleku batean dugu, baina ez ahaztu 45 urtean lagundu digun Argelia; gurekin da»
1991n finkatutako erreferendum baldintzak ere aldatzen ari da? Balizko bozketan boto eskubidea dutenena.
Dakitenek diotenez, Maroko espresuki hau guztia boikoteatzen hasi zen, lehenengo momentutik konturatu zelako erreferendum bat egiten baldin bada galdu egingo duela. Bestela, zergatik boikoteatu? Beraiek askoz gehiago dira. Erreferendumaren baldintzetan onartu zen Mendebaldeko Saharan jaiotakoek eta 1991n adin bat zutenek bozkatu ahalko zutela; ez kolono guztiek, baina batzuek bai. Zonalde okupatuetan marokoarrak Marokon baino hobeto bizi dira, aukera hobeak dituzte bai lan aldetik, bai azpiegitura aldetik. Marokok beti irabazle atera eta handiena izan nahi du. Hala ez izateko arriskua ikusi zuenean boikoteatu du.
Nazioartearen papera zertan da?
Nazio Batuetakoak zonalde okupatuetan daudela gertatu da hau guztia. Dena ikusi dute, han gertatzen den guztiaz jabetzen dira. Baina ez dute ezertxo ere egiten, eta kolaboratu egiten dute gainera. Ez dezagun ahaztu: Maroko hiltzaile, Espainia laguntzaile. Espainia da potentzia administratzailea, eta Espainiak dauka berez ardura Maroko erreferendum bat egitera behartzeko.
Hori inolaz ez da aurreikusten, ezta?
Inondik ez. Espainiak erakutsi du urte hauetan guztietan Marokorekin daukan harreman toxikoa. Batzuek onura daukate: Errege familiek daukaten harreman estua; Alderdi Sozialistako baroiek, Felipe Gonzalezetik hasita Zapatero arte, Borrelletik pasatuta onura ekonomikoak atera dituzte –Sanchezek zer pentsatzen duen ez dakigu oso ondo, ez du ezer esan eta–. Orain, ikusi behar da Marokok Ceutarekin eta Melillarekin xantaia egiten duela, migrazioarekin xantaia, drogarekin xantaia, eta abar. Baina Espainiak ez dauka behar duena bere papera betetzeko eta gauzak modu ohoretsu batean bukatzeko: deskolonizatu, eta kito.
Nazio Batuengadik espero duzue ezer? Salduta sentitzen da Sahara?
Erabat salduta. Nazio Batuek zerbaiterako balio al dute, bada, kontuan izanda Segurtasun Kontseiluko bost herrialde boteretsuenek beto eskubidea daukatela? Sahara herri txikia da, laguntza behar du, Nazio Batuengana doa. Frantzia etsaia da, eta hark beto eskubidea daukanez, ez du utziko bere kontra ezer egiten. Tentelak gara benetan sinisten badugu horrelako zerbait egongo denik. Nazio Batuek zerbaiterako balioko balute, Palestina eta Israel arteko gatazka ez litzateke hor egongo, Sirian gertatzen ari den guztia gertatzen ez luke utziko… Hori antzerki bat da, guri sinetsarazteko denok dauzkagula eskubideak, herri txikiek ere bai. Baina hori ez da horrela, inondik inora. Nazio Batuek 1969an Espainiari esan zioten Saharak deskolonizatzeko eta independente izateko eskubidea zuela, Afrikako lurralde guztiek bezala. Erresoluzioetan esaten eta paperetan idazten jarraitu du, baina erabakia gauzatu behar zenean, ez du ezertarako balio izan.
Zer aldarte daukazue sahararrek?
Oraintxe txute bat emanda bezala gaude. Fronte Polisarioa, armada bezala, ez da geratu 1991tik. Azkenean, gatazka batean daude, eta entrenamenduekin eta jendea formatzen jarraitu du. Su-etena azaroaren 13an izan zenean, gazte jendea bere kabuz joan da borrokara; kanpamenduak hustu egin dira. Egia da Sahara oso herri txikia dela, baina gure desertua ez du gure armadak bezain ondo inork ezagutzen. Errefuxiatu kanpamendu batean daukagu gure gobernuaren muina, baina ez ahaztu 45 urte hauetan gurekin izan dugun bidelagun boteretsua, Argelia. Eta hark aldarrikatu du gurekin daudela.
Gerra egingarria ikusten duzu?
Bai.
Zer da orain helburua? Erreferendumak segitzen du ipar izaten, ala jada independentzia zuzenean?
Pauso hau ematea asko-asko kostatu da, asko. Gure gizarteko parte handi bat aspaldian zebilen ‘gerra, gerra, gerra’ esanez. Jakintsu askok esaten dute, Fronte Polisarioak hartutako erabaki okerrenetako bat 1991n su-etena onartzea izan zela, gerra irabaztetik oso gertu omen geundelako. Orduan, orain herriak ez lioke utziko Fronte Polisarioari atzera egiten, eta hark ere esan du: guri proposamen bat egin nahi digunak sendoa, sinatua, data bat jarrita eta gauzatzeko egin beharra dauka, bestela ez ditugu armak utziko.
Beraz, bukaera arteko bidea hasi da?
Guztia jarrita goaz. Horrek izua sortzen du, noski. Urriaren 20tik zeuden zibilak Guergueraten, eta adi jarri ginen. Azaroaren 12ko gauean, armada marokoarra alde batean, besteak beste aldean zeudenean, ea nork botatzen zuen lehenengo harria, txinparta pizteko. Ostiral goizean, azaroak 13, jada jaso genuen sua hasi zen berria, eta negar saio ederra egin nuen. Goitik beherako zirrara bat egin zidan. Baina hango familiartekoak konbentzituta daude, orain guk konponduko dugula inoren zain gehiago egon gabe. Horrek suposatzen badu gutako batzuk joango direla, bada, joan egin beharko dira. Han asko esaten dena: Aberri guztia ala martirioa. Honek gertatu beharra zeukan, ezin zen denbora gehiagoan itxaroten egon, gure amonak esaten zuen bezala, «meza luzagarri, aleluia». Zeri itxaroten?
Zuen aita zenak, diplomazialari ibilia, zer pentsatuko ote zukeen oraingoaz?
Ez daukat oso garbi etxean saltoka egongo zen edo dagoeneko hara joanda, nonbaitetik abioiren bat hartuta. Ejertzitoan entrenatu zen, baina beti atzerrian ibili zen, Fronte Polisarioaren ordezkari. Saiatzen ari naiz aitaren hutsunea betetzen, eta berak egingo zukeen bideari jarraitzen: gure berri zabaldu eta munduari hemen gaudela jakinarazi. Nire borroka-modua mingaina da.