Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Aralar~Mundua leku den lurra dokumentala Txindokik erakusten duen dotorezia berarekin eginda dago: musika, gidoia, imajinak… Azken biak Aralar izeneko liburu ederrean jaso ziren (Erein) eta nik zortea izan nuen haurrentzako lau ipuin Jokin Mitxelenaren marrazkiekin argitaratzeko (Goliat eta izarrak, Joanes eta kanpaiak…, Ibaizabal). Eta zortea diot idazketaren ondotik Zaldibia, Ataun, Beasain eta Itsasondoko haurrekin egoteko —eta Gasteiztik ateratzeko— aukera izan berri dudalako. Baina Durangonline giro honetan, gure liburu azokak ere gogoan, izenburu horiekin batera Jean Gionoren Zuhaitzak landatzen zituen gizona liburu hunkigarria datorkit gogora (Denonartean).
Behin batez, gizon bat Proventzako mendietara inguratu zen, egun pasa. Joan, joan beti joan, lur lehor eta bakartian, gizon egarritua herrixka abandonatu batera iritsi zen. Baina han ere arimarik ikusi ez, eta lehor iturria. Noizbait ere, artzain baten txabolan egarria berdindu ahal izan zuen, gosea asetu. Bien bitartean, artzainak zorro batetik ezkur pila bat mahai gainera zabaldu, eta onetan onenak bereizten hasi zen, harik eta ehun ale mardul eta eder bildu zituen arte. Mendizaleak orduan ezagutu ahal izan zuen artzainaren usadioa: burdinazko makila bat zeukan, eta haren bitartez lurrean zulo bat eginda, ezkur alea sartu, hura lurrez estali, eta, halaxe, artzainak ehun haritz landatzen zituen aldiro.
Handik hiru urtera, bidaiaria berriro ere inguratu zen mendialdera. Artzainak ordurako ehun mila ezkur lurperatuak zituen, ehun mila haritz landatuak. Eta, haritzekin batera, pagoak eta urkiak. Ehundaka. Eta urkiekin batera, astigarrak eta akaziak. Milaka. Haizeak ere lagundu zion haziak eramaten. Berdetasuna zabaltzen. Eta artzainak halaxe jarraitu zuen Europa astindu zuten bi gerra handietan ere, bere ingurumari bakartian gatazkaz eta borrokaldiez apenas ezer jakin gabe. 1945ean, gizon bidaiaria irrikaz itzuli zen artzainarengana, baina paisaia ezagutzen ez… Zuhaitzek halako tapiz berdea osatzen zuten. Eta tapiza ez zen basamortua, are gutxiago basamortuko irudikeria, baso berde bat baizik. Esperantza bezalakoa. Eta bestorduko herri abandonatuan hogeita zortzi pertsona bizi ziren artzain aguretuarekin batera. Haietako hiru basozain! Lorategiak zeuzkaten, lurra lantzen zuten, eta iturri berrituari, pol-pol-pol, ur fresko baino freskoagoa zerion. Esperantza bezalakoa.
Seguruenik horrexegatik akordatu naiz liburu horrekin. Bizi ditugun garaiok badutelako artzainaren basamortuaren antzik. Horrexegatik eta, iaz, Aitor Aranaren itzulpena oinarri, Benito Lertxundik CD batean irakurketa zoragarria utzi zigulako Paul Winter saxo jolea lagun (Kantaita Enea). Aralarrera lasai arraio hurbiltzerik ez dugun honetan, irakurtzeko edo entzuteko istorio ederrak ditugu hauek guztiak Osinberden, Oiduin edo Alotzan sentitzeko. Hango ur ezin freskoagoa letren bitartez dastatzeko. Datorren urtean, behingoz, berdetasuna bertatik bertara gozatuko dugulakoan.