Beloki mendiaren magalean, bailaratik altuera aipagarrira erein zuten duela 700 urte Zumarragaren lehen hazia. Herriaren izenaren aurreneko aipamen dokumentala 1366koa da, Gaztelako erregeak Zumarragako monasterioa Franscisco Lopez Lazkao basailuari eman zioneko agirikoa, hainbat mesederen eta bando-guduren ordainetan.
Mende asko iraungo zuen uztarria erantsi zion Zumarragari Lazkaoko jauretxeak. 1486an, Zumarragako Unibertsitatea haren aurkako auzibide luzean hasi zen, boterea kamusteko. Antioko monasterio-elizaren inguruan –botere ikaragarria zuen Elizak orduko gizartean– liskarrak etengabeak izan ziren, hamarrenen eta errenten kobraketetatik hasi eta elizigizon edo karguen izendapenetatik jarraituz.
Andre Mariren eliza Antiotik Zumarragara jaisteko mugimenduak 1560 inguruan hasi ziren. Batzuek ibaitik gertuago eraiki nahi zuten herriko eliza nagusia; besteek, parrokiari goian eutsi nahi zioten. Kontrakoek zioten antzina-antzinatik zegoela Antion eliza, eta tenplu nagusia bailarara jaistean lurperatzeak han egingo zirenez, «gurasoak eta seme-alabak banatu» egingo zirela, hil ondoren. Lazkaoko jaunarekin bat egin zuten tokiz aldatzearen aurka zeudenek. 1574an agindu zuten parrokia Antiotik haranera jaisteko.
Antioko Baseliza
Zumarragako Andre Mari eliza nagusia 1576ko urriaren 14an zabaldu zuten, beheko haranean. Orduan, Antiokoak parrokia izaera galdu zuen, eta ‘ermita’ bihurtu.
- Patronatutza ere eten. Antiok zeuzkan eskubide ekonomikoak eta patronatuarenak ere galdu zituen 1576an. Boterea ez lurruntzearren, Lazkao etxeko jaunak parroki berriko patroi izatea eskatu zuen. Antioko buru, herriko eliz eta udal agintariak bihurtu ziren.
- Apaldu, arkitektonikoki ere bai. Maila galtzea ez zen sinbolikoa bakarrik izan. Antioko elizaren zurezko egitura osoa jaitsi zuten, teilatuarena batez ere, eliza berria egiten hasi eta bi urtera. Kultuko elementuak ere eraman zituzten.
- Erretaula berria. 1597an, ermitako horma nagusian erretaula eginarazi zioten Domingo Mendiaraz urretxuar eskultoreari. Andre Mariaren irudia jarri beharko zuten han, 21 urte lehenago bailarako elizara jaitsiako itzulita.
- Atzera indarra hartu. XVII. hasieran indartzen hasi zen atzera Antio, eta 1743an San Felipe Neriren erlikia jarrita, ospe distira berreskuratu zuen.