Hamaika urte. Hori omen da istripu batetik psikologikoki erabat errekuperatuta egoteko behar den denbora. Ez dut gaiari buruzko ikerketarik egin, ezta irakurri ere, baina hala esan zidan gidatzeko baimena berritzera joan nintzen azkenekoan probak egin zizkidan emakumeak; gure amonak zioen moduan, erositako prezioan saltzen dizuet.
Ez dira 11 urte bete oraindik, lanetik atera, eta gabonetako opariak erostera joan nintzen iluntze hartan nire bidetik atera eta babes-bazterra jo nuenetik. Zorte handia izan nuen. Beste norantzan autoren bat tokatu izan balitz, ez nintzateke, ziurrenik, zutabe hau idazten arituko. Egun hartatik, giharrak blokeatzen zizkidan beldur bat sentitzen nuen gauez edo euritan gidatzean. Sei urte beranduago, beldur hori desagertu dela esan dezaket. Gauez eta euritan gidatzerakoan, ordea… horretarako 11 pasa beharko direla dirudi.
Istripu hura eta nigan izan zuen eragina etorri zaizkit burura azken egunetan, maite duzun norbaiten bat-bateko heriotza, istripu bat ere badelako, giharrak eta burua, modu berdinean lokatzen dizkizulako. Are gehiago, bihotzeko batek jota bada, hori ere, istripu bat delako, istripu kardiobaskular bat, zehazki.
Ez dut uste 11 urte nahikoa izango direnik galera honi gailentzeko, dakidana da, zuk utzitako zuloa betetzeko hamaika oroitzapen utzi dizkiguzula, eta uneren batean, gehiagorako lekua izango balitz, ezagutzen zintuen edonork, gustura jarriko lukeela bere alea, zuloa bete, eta elkarrekin, zu irribarre batez oroitzeko. Agur osaba, agur Paxatxo, hau ez da berdina izango zu gabe. Hitz ematen dizut, ordea, Loinaz, Miren eta Josebaren giharrak ez blokeatzeko ahal dugun guztia egingo dugula, hamaika urtez, betiko. Besarkadarik estuena familia, besarkadak debekatuta dauden garai hauetan.