Erreka gutxi dira sorburuko izena gordetzen dutenak hainbat haran igaro eta gero, eta horietako bat Eztanda erreka da. Gabiriako Santa Marina parajean sortzen da (antzina ermita bat zegoen lekutik oso gertu) eta, 850 metro egin ondoren, Atagoitiko Urbeltzetik datorren erreka handiagoarekin bat egiten du, baina izena galdu gabe. Haranean behera, Gabiria, Mutiloa eta Ormaiztegiko sakonetako erreka txikien urak hartzen ditu. Lau kilometro eta erdira, Santa Lutzia errekarekin elkartzen da Ormaiztegin, Eztanda bezain handia edo handiagoa dena, baina, hala ere, beste lau kilometrotan eusten dio bere izenari. Azkenean, Oria ibaiarekin topo egitean, bestearen nagusitasunaz jabetuta, amore ematen du eta hor amaitzen du bidea.
Hori ez da gertatzen normalean beste errekekin. Urola errekari Aizpurutxon dagoen mendi batek ematen dio izena, gaur egun, eta ez sorburuak. Oria errekari, berdin, Idiazabalgo udalerrian dagoen Oria etxaldeak, antza, eta ez sorburuetako izenek. Agauntza errekari, Ataungo Agauntza basoak ematen dio, baina ez sorburu jakin batek. Eztanda errekaren kasua desberdina da.
‘Trop plein’ efektua edo ‘emana’
Sorburu horretan trop plein izeneko fenomenoa gertatzen da: eguraldi-baldintza jakin batzuk elkartzen direnean, kolpean ur-emari handia askatzen du lurrak, erreka-zuloak ur apartsuz betez. Hori paisaia karstikoetan, lurrazpia galeriaz eta ur-poltsez beteta dagoen lekuetan, gertatu ohi da, eta Eztandako sorburua hala dago. Diotenez, mendatearen bestaldean dauden leizeekin komunikatzen da. Kontua da, Gabiriako erroten ibarrean, Igeribarren alegia, bizi ziren errotariek (sei errota, gutxienez, izan ziren garain batean: Errotaberri, Gabirondoko errota, Bidaurretako errota, Igeribar errota, Andraanditegiko errota eta Bekoerrota) ondo ezagutzen zutela fenomeno hori eta, urak irauten zuen bitartean, gari, arto eta garagar gehiago ehotzeko baliatzen zutela.
Gaur egun, kolpean askatzen den ur-emari horri emana esaten diote Gabiria aldetik, baina ez litzateke harritzekoa izango garai batean eztanda izenez ere ezagutzea, leherketa baten moduan gertatzen delako, bat-batean. Gorago dagoen baserriari ere Eztanda esaten zaio, baina topatu dugun izenik zaharrena Eztandazabaleta denez (1832), ematen du erreka-sorburuak eman diola izena baserriari, eta ez alderantziz. Eraikina zabaldi batean dago, eta bisitagarria da beste kontu batzuengatik.
Santa Marina ermita zaharra
Ez zaigu iruditzen kasualitatea denik erreka-sorburuaren ondoan, metro gutxira, harrizko gurutze bat egon zela jakitea (80 bat kilokoa, diotenez, eta gaur egun desagertua). Auzotarrek Santa Marinako gurutzea edo Santa Marinaren gurutzea izenez ezagutzen zuten, ermita zaharretik baino Eztandatik gertuago bazegoen ere. Gabiriarako elizbidearen ondoan ere bazegoenez, aztiriarren bat hiltzen zenean, gorpua jaisterakoan, gurutze ondoan geratu eta errezatu egiten zuten. Garbi dago errespetua eragiten zuen lekua zela.
Ikusten denez, ez da erreka-sorburu nolanahikoa, eta baditu arrazoiak Oria bitarteko ur-ibilgu guztiari Eztanda izena emateko, Gabirian lehertu eta Beasaineraino iristen den eztanda.