Julen Arakama • Butak21 zinekluba
Pandemia urteak ezinbestean film katastrofiko apokaliptiko, oro har etorkizun beltza irudikatzen dutenekin gogoratzera bultzatzen naute. Mutur ilunez lagun bati «Nik badakit zer datorren» lakoniko bat esateko edo azken finean uste bezain gaizki ez gaudela pentsatzeko balio dezakete, hautsa, gainbehera eta txikizioa nagusi diren film hauek. Hortxe batzuk:
- Mad Max I-II 1979-1981 (George Miller): Lehenengoan mundua gainbehera datorrela ikusten dugu, ordena eta justizia karretera zahar bateko pintura marra bat bezala dira, ia desagertuta daude. Bortizkeriak dena irensten du, gizakia animalia hutsa bezala portatzen da, eta ez dago itxaropenik, filmeko heroia bortizkeriaren erauntsi horretan jausten baita. Bigarrenean mundua pikutara joana da eta zinemako historiako Intro onenak bi minutu lazgarritan egiten digu laburpena. Basamortua, gasolina, berebil hausiak… Saga ahaztezina.
- Pisma myortvogo cheloveka (Dead man’s letters) 1986 (Konstantin Lopushansky): Sobiet Batasunean egindako zientzia fikziozko bitxikeria. Gatazka nuklear baten ondorioz geratzen den gizateria apurrak lurpeko bunkerretan bizirauten du, ahal duen moduan. Gizon edadetu batek ez du itxaropena galdu eta desagertuta dagoen semeari jaso ezingo dituen gutunak idazten dizkio eta inguruan dituenei bizitzen laguntzen die.
- Children of men 2006 (Alfonso Cuarón): Gizateria desagertze bidean dago 2027an ugaltzeko ahalmena galdu baitu, gizateria erabat antzu bihurtu da. Sinesgarritasuna itxura indartzen duten hainbat elementu erabiliz benetan deserosoa izateko ahalmena du filmak: estatu bortizkeria, terrorismoa, inmigrazioa, totalitarismoa, xenofobia.