Anttoni Okariz Gorrotxategi • Itsaso
Bost urte nituen eskolara lehenengoz joan nintzenean, kilometro bat pasatxo oinez egin eta gero.
Oso pozik joaten nintzen eskolara, esperientzia berriak deskubritzeko irrikaz nengoen, jakin-min eta kuriositate handia bainuen etxe inguruko mugetatik harago zegoenaz. Hiru ikasle ginen adin berekoak, gainerakoak, zaharragoak (6 bat urteren aldea bai zaharrenarekin!). Gogoan dut jolasera ateratzen ginenean (maistra barruan gelditzen zen) herriko plaza edo inguruetan ibiltzen ginela eta zaharrenek hartzen zutela gazteenen ardura. Ezkutaketan, huntzaren aihenarekin soka saltoan edo baloiarekin briletera jolasten ez ginenetan, inguruko zirrikituak miatzen ibiltzen ginen.
Behin, ondoko baserriko gereziondora joan eta zuhaitzera igotzen hasi orduko, baserritarra oihuka eta makila astintzen ikusi genuen. Ziztu bizian alde egin genuen! Beste batean, gaixoaldi luze xamar baten ondoren, eguraldi bikaina zen eta maistrak galdetu zigun Kizkitzara joan nahi genuen. Nola jakingo nuen ba nik ahuleziak jota geldituko nintzela? Esango nuke maistrak ez zuela gure etxerako bidea ezagutzen, baina, hala ere, gelako guztiek lagunduta, etxeraino eraman ninduten.
Badut beste momentu bat gogoan, goizean eskolara joan eta maistra falta zenekoa. Ez dakit norekin pasako genuen goiza baina gogoan dut iristen ikusi genuela, kopetilun eta haserre errekreo ondoren. Itsusturriko aska paperezko txalupatxoz beterik topatu zuen. Kontua han gelditu zela uste banuen ere, ez zen hala izan. Igande eguerdian, mezetara joan eta Ostatuko solasalditik bueltan, attona Santik lotsarazi gintuen berria etxeko sukaldera iritsi zenean.
Ondorengo aipamena 1971ekoa da, nik 9 urte egiteko nituen. Ikasturte bukaera aldera, Irene maistrak bi asteko ikastaro bat zuela eta, Don Jose apaizak herriko gazte batengana jo zuen. 16 urteko Maixabel izan zen tarte horretan ikastaldea gobernatu zuena.
Eskola itxi
Hurrengo urtean itxi ziguten eskola eta Zumarragara bidali. Hala ere, tribuak bere lana egiten jarraitu zuen. Dantza eskolak ematen zizkiguten Atinzabalgo Maitek eta Sarriegitxikiko Kontxik, elizako koruan abesten genuen Joxemiel organistarekin…
Gaur egun, mende erdia pasata, ekintza kolektibo ugari egiten jarraitzen dugu herrian, gertutasuna, belaunaldien arteko harremana, ingurukoen eta inguruaren zaintza… esperientzia baliotsuak dira gure herrian. Hor daude auzolanak, gure ondarea berreskuratzeko ahaleginak, herritarren testigantzak jasotzea, sortutako dokumentuak herritarrekin partekatzea, herriko produktuen eskaintza, udalekuak, inauteri festak, M8-ko ekimenak, irakurle taldea… Herrigintzak jarraitzen du eta jarraituko du, elkarrengandik ikasiz, nola bestela!