Udaberriarekin batera, bertsolaritzaren loraldia dator Goierriko kultur eszenara. Batetik, Martxoan Bertsoa egitarauari ekin diote Urretxu-Zumarragan, bertsolaritzaren inguruko saio eta ikuskizun berriekin. Eta bestetik, bertsolari gazteen Osinalde sariketarako kanporaketak hasiko dira. Denak ere, egoera berrira egokituta eta hainbat berrikuntzarekin datoz, gainera.
Urretxu-Zumarragako bertsozaleen artean hilabete berezia izan ohi da martxoa. Aurten ez da ohiko saio herrikoi eta lehiaketarik izango, baina bertsolaritzaz gozatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Pasa den larunbatean estreinatu zuten egitaraua, Agirre anaiek ekarritako bertso zaharrekin. Hilaren 26an, berriz, Martxoan Bertsoan aritutako hainbat herritarrek, Bertsotrama berezia egingo dute. Eta egitaraua bukatzeko, Erradikalak ginen bertso eta antzerki ikuskizuna antolatu dute.
Bertsolari gazteen Osinalde txapelketa ere hil honetan egingo dute. Aurten, egoera berria dela medio, saio guztiak aretoetan jokatuko dituzte, elkarteetan egin beharrean. Aurreneko hitzordua gaur bertan dute, Legazpiko Latxartegin (17:00) jokatuko den Aztiri Sariarekin. Bihar, Osinberde Saria jokatuko dute, Zaldibiako Antzokian (17:00). Eta igandean, Argi-Berri Sariaren txanda izango da, Ordiziako Herri Antzokian (12:00). Finala berriz, bihar zortzi, hilaren 27an jokatuko dute, Gabiriako Andre Mari elizan.