Aratz Aranburu • Arriaran
Ez dut gogoan noiz jaio nintzen zehazki. Urteak, hamarkadak… igaro dira nire sustraiak Arriarango plazaren erdian errotu eta lurrazalera jaio nintzenetik. Urteak eta hamarkadak, hazi eta hazi… Intxaurrondo mardula izan nintzen, sendoa, Gipuzkoako handiena.
Nire begiek ikusitako pasarte haiek guztiak kontatzerik banu, nire besoen bizipenak konpartitzerik banu… 1920ko hamarkada erdialdean ateratakoa da argazkia. Garai hartan, Maria Montemayor, Joaqun Gaitan de Ayala eta Martin Gaitan de Ayala lehengusuenak ziren auzoko lursail eta baserrien jabetzak, Conde de Villafranca de Gaitan de Ayala-rengadik jasoak. Maria Montemayor nuen nik ezagunena, bereak baitziren Arriaran auzuneko baserriak: Ola, Palazio, Serotegi, Jauregitxo, Etxeberri eta Etxeberri goiko. Donostiatik Arriarana etorritakoan, Palazion hartzen zuen hark ostatu. Sakristaua bizi zen bertan, errentaren truke. Inguruko baserriak aldiz, Iturritza, Ibarre, Salbatorekoak, Itola, Malpaa, beste bi lehengusuenak ziren. Gerora, Maria Montemayor bere ondasunak saltzen hasi zen. Gogoan dut zubiaren bestaldean zegoen Serotegi, 14.000 pezetatan saldu zuela.
Arriaran, Beasaingo auzo ezagutu duzue zuek, noski. Urteak eta urteak egin genituen itsasoar, ordea. 1300. urterako Itsasoko auzoa zen jada. Hala dio Historiak. Sarri eskatu zuten Beasainera elkartzea arriarandarrek: 1813, 1820, eta 1842. urteetan, besteak beste. Beren eskaerek ezezkoa jaso zuten, ordea. 1920ko hamarkadaren bukaeran etorri zen aldaketa. 1927ko abuztuaren 13an hasi ziren Itsasotik banatu eta Beasainera elkartzeko izapideak osatzen. Ez dut ahaztu Juanito Insausti izan zela Arriaran Itsasokoa zela jaiotako azken arriarandarra eta Isabel Garmendia, aldiz, aldaketaren ondoren jaiotako lehenena, Palazion jaioa.
Eskopetak egiteko
Arriarandar asko izan nituen bidaide. Zenbat jolas egiten zuten haurrek nire babesean, zenbat dantza San Pedrotan, zenbat egonaldi nire beso indartsuetan, zenbat momentu goxo elkarrekin… Hala kontatzen dute Modesta Mintegik, Engraxi Insaustik, eta baita ia zendutako Bartolo Mendizabalek, Domingo Egurenek, Juanito Insaustik eta Juan Bautista Garmendiak ere. Nire tamaina, egurraren kalitatea, urtero ematen nuen intxaur kopurua, dena omen zen apartekoa. Egundoko intxaur beltza nintzen. Nire besoak erretore etxetik eliza jotzeraino iristen ziren. Gerria ere zabala nuen, beltz-beltza. Hiru pertsona elkarren segidan jarrita ere ezin izaten zuten inguratu. Bitxikeria; sanpedroetan jendea nire besoetara igo eta jaten aritzen zen. Intxaurra ere ugari ematen nuen. Urte askotan hamazazpiren bat anega, askoren esanetan. Sakristauak biltzen zituen, huraxe baitzen bere errenta finko bakarra. Ni nengoen lursaila Montemayorrena zen baina, eta urtero bi edo hiru zaku bidaltzen zituen Donostiara. Urteak igaro ahala ni ere ahultzen hasi nintzen. Eta 1932.urtean erabaki zuten ni botatzea, Urte Zahar egunean. Ehun urte izango omen nituen ordurako askoren esanetan. Intxaur beltz-beltza, eskopetak egiteko ezin hobea. Halaxe, hainbat idi pare behar izan zituzten ni neu bota eta sustraiak ondo ateratzeko. Ondoren, erreka ondoan eskuz zerratu ninduten. Nire mami goxoa sei mila errealen truke erosi zuten, gero eskopetak egiteko.
Intxaurrondotik intxaurpera, ia mendea igaro da ordutik. Ni bota, bai; nire sustraiak atera ere bai; haatik, nire indarrak bertan dirau oraindik. Betiko.