Igone Camposek (Zumarraga, 1991) Munduko Mendiko Eski Txapelketan parte hartu du. 11. postuan sailkatu da kronoigoera proban. Oso postu ona da, baina hobeto egin zezakeela uste du. Suhiltzaile izateko azterketak prestatzen aritu da eta ez du nahi bezala entrenatzerik izan. 2022an Europako Txapelketan parte hartu nahi du. Aurrez, aste gutxi barru, mendiko lasterketa denboraldia hasiko du.
Beti izan al zara kirolzalea?
Txikitatik eskiatzen dut. Gurasoek 3 edo 4 urte nituenean jarri zizkidaten eskiak. Baina 6 urterekin hanka hautsi nuen eta eskiatzeari beldurra hartu nion. 7-8 urterekin ez nintzen gustura joaten. 12 urterekin-edo, saskibaloian hasi nintzen. Hegalekoa nintzen. Ez nituen saskiraketa asko egiten, baina korrika asko egiten nuen. 18 urterekin, unibertsitatera joateko saskibaloia utzi nuenez, mendira salto egin nuen. Hasieran, oinez joaten nintzen. Ondoren, pixkanaka, korrikan hasi nintzen.
Zein izan da zure ibilbidea mendiko lasterketen munduan?
Ni mendira joaten hasi nintzenerako, nire bikotea mendiko lasterketetan parte hartzen hasia zen. Bera ikusita, probatzea erabaki nuen. Lehenengo lasterketa Urretxu eta Zumarragako UZ Trail izan zen. Mundu hori gustatu zitzaidan eta lasterketa gehiagotan parte hartzea erabaki nuen.
Zergatik gustatu zitzaizun horrenbeste mendiko lasterketen mundua?
Nire mugak non dauden ikustea gustatzen zait eta mendiko lasterketek horretarako aukera ematen dute.
Egun, mendiko eskia ere egiten duzu.
Ahal nuen guztietan eski alpinoa egiten nuen, baina Gipuzkoako Mendizale Federazioak mendiko eski ikastaro bat antolatu zuen, eta mendian ibiltzea asko gustatzen zitzaigunez, izena ematea erabaki genuen. Izan ere, mendiko eskia egiten hasi aurretik zenbait gauza ezagutu behar dira. Mendia ezagutzea, elur balizak ezagutzea… garrantzitsua da. Asteburu bat eman genuen Candanchu-Somport inguruan eta izugarri gustatu zitzaigun. Horrela, mendiko eskian hasi nintzen. Baina lehen bost urteetan ez nuen lehiaketetan parte hartu. Hori bai, mendi askotara joan ginen. Alpeetan 4.000 metroko mendiren bat egin genuen.
Noiz eta nolatan hasi zinen lehiaketetan parte hartzen?
Azkenean, mendiko eskian ere lehiarako grina piztu zitzaidan. Lehiatu ahal izateko eski arin batzuk erosi nituen eta Candanchuko lasterketa batean parte hartu nuen. Oso gaizki aritu nintzen. Oso kirol teknikoa da eta galduta nengoen. Hobetzea erabaki nuen eta horretarako entrenatzaile batekin jarri nintzen harremanetan. Egun Ander Garmendia da nire prestatzailea.
Neguan mendiko eski probetan parte hartzen duzu eta udan mendiko lasterketetan.
Hala da. Bi kirolak bateragarriak dira, baina eskitik korrikara pasatzea gogorra da. Aritz Egeak-eta otsail-martxoan hasten dute denboraldia eta mendiko eskian aritzen garenok beranduago. Hilabete bat-edo behar izaten dugu giharrak egokitzeko. Maiatz aldean hasten naiz mendiko lasterketetan.
«Sei urterekin hanka hautsi nuen eta eskiatzeari beldurra hartu nion: 7-8 urterekin ez nintzen gustura joaten»
«Nire helburua datorren urtean Europako Txapelketan parte hartzea da, eta bi urte barru Mundukoan»
Munduko Mendiko Eski Txapelketan lan bikaina egin duzu.
Emaitza ona da, baina nire burua ondo ezagutzen dut eta badakit denboraldi honetako beste lasterketa batzuetan hobeto ibili naizela. Baina astebete eman nuen ohean gastroenteritisarekin, suhiltzaile oposizioak prestatzeko igeriketa egin behar izan dut eta indarra landu… Etorkizunean aukera gehiago edukiko ditut.
Zeintzuk dira zure erronkak?
Helburuak mendiko eskian bakarrik jartzen ditut. Buru-belarri jarraituko dut. Nire helburua datorren urtean Europako Txapelketan parte hartzea da, eta bi urte barru Munduko Txapelketan. Aurten, historian lehen aldiz, euskal selekzioko hiru kidek parte hartu dugu Munduko Txapelketan.
Hobetzeko aukera ikusten al duzu?
Nire ustez, oraindik maila hobetu dezaket. Aurten prestaketa suhiltzaile oposizioekin uztartu behar izan dut. Ez dut nahi bezainbeste entrenatzerik izan. Gehiago entrenatuz gero, hobeto egin dezakedala uste dut.
Kronoigoera proban moldatzen zara hobekien.
Kronoigoera da gehien gustatzen zaidan proba. Beste bi probak esprinta eta banakakoa dira. Azken hori mendiko lasterketa baten antzekoa da.
Eskia eta mendiko lasterketak bateragarriak direla esan duzu, baina eskia eta lana ez hainbeste beharbada.
Beti lan murrizketak eskatzen ibili behar naiz. Duela bi urte urte sabatikoa hartu nuen eta iaz Tolosako Aralar Kirolak dendan lan egin nuen, lanaldi murriztuarekin (hiru egun hemen eta lau Pirinioetan). Aurten hezkuntzara itzuli naiz eta lanegun arruntaren herena egiten ari naiz. Asteko bi egun hemen ematen ditut eta gainontzekoak Jacan. Akrobaziak egiten ibili behar gara beti: ahalik eta gehien entrenatu behar dugu, baina lana ere behar dugu, mendiko eskitik ezin baita bizi. Bidaia asko bakarrik egin behar ditut, Pirinioetan bakarrik egon… baina egiten badut, benetan gustatzen zaidalako da noski.
Suhiltzaile lana lortzen baduzu, bakea.
Euskal selekzioko kidea dudan Nahia Quincoces suhiltzailea da. Asko irakatsi dit mendiko eskiaz eta mendiko eskiatzailearen bizimoduaz. Berak asko borrokatu zuen plaza lortzeko eta azkenean lortu zuen. Lan horrek entrenatzeko aukera ematen duela ikusirik, nik ere saiatzea erabaki dut.
Noiz arte jarraitu daiteke goi mailan?
Aurten 30 urte bete behar ditut eta nire ustez hurrengo lau urteetan ere maila ona eman dezaket. Espainiako selekzioko kide batzuk 30 urtetik aurrera eman dute beraien onena eta, gainera, oso berandu hasi nintzen lehiatzen.
Eta mendiko lasterketei buruz, zer diozu?
Salomonen Golden Trail Series zirkuituko proba batzuetan eta Dynafit nire babesleak eskatutako batzuetan parte hartuko dut. Hilean lasterketa bat egingo dut. Dortsala lortzen badut, Zegama-Aizkorrin ere parte hartuko dut, noski.